Ziklo-krosa

Gorka Izagirre txapeldun Garain eta Mikel Uncilla Garain eta Beasainen

Guaixe 2019ko aza. 25a, 14:09

Eguraldi oso txarrarekin jokatutako proban, eta sekulako lohia zegoela, Garaiko elite mailako proba Gorka Izagirrek irabazi zuen eta kadete mailakoa Mikel Uncillak. Uncillak ere hurrengo egunean Beasainen jokatutako Ziklo-Krosa irabazi zuen eta Nahia Imaz hirugarrena sailkatu zen

Larunbatean Garaiko Ziklokrosa jokatu zen, eguraldi oso gaiztoarekin. 2,950 kilometroko zirkuituari 6 itzuli egin behar izan zizkioten eliteek eta 23 urtez azpikoek, eta lohi artean, lehia oso estua izan zuten Astana Pro Team taldeko Gorka Izagirrek eta Eiser-Hirumet taldeko Jon Munitxak. Azkenaurreko itzulian erasoa jo eta Munitxa atzean utzi zuen Gorka Izagirrek, eta bakarrik iritsi zen helmugara (57:19), Munitxari 44 segundo aterata. 

Kadete mailan hiru itzuli egin behar izan zizkioten zirkuituari. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncillak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen (27:06), Punta Galea taldeko Egoitz Hoyasi 13 segundo aterata. Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo 7. sartu zen, 1:52ra. 

Beasainen Uncilla ere txapeldun
Igandean V. Beasaingo Ziklo-Kros Sari Nagusia zegoen jokoan. 2,6 km-ko zirkuituari 6 itzuli eman behar izan zieten eliteek, eta bezperan Garain garaipena lortu eta gero Beasainen hirugarrena sailkatu zen Gorka Izagirre (1:02:47), Ismael Esteban txapeldunaren (1:00:13) eta Aitor Hernandezen (1:01:09) atzetik. 

Junior mailan Ekin taldeko Aitzol Sasieta izan zen irabazle argia (42:53). Burundako Quesos Burundako Iker Mintegi 15. sartu zen, Sakana Group-Aralarko Jon Erdozia 23., Quesoa Albenizko Jon Chamorro 27. eta bere taldekide Oihan Etxeberria 33. 

Kadeteetan dobletea egin zuen Burundako Quesos Albenizko Mikel Uncillak, bezperan Garain irabazi eta gero igandean Beasainen ere txapelduna izan baitzen sakandarra (29:43), 3 itzuliak azkarrenen osatu eta gero. 15 segundo atera zizkion Punta Galea taldeko Egoitz Hoyasi (29:59). Sakana Group-Aralar taldek Aimar Tadea 7. sailkatu zen eta Quesos Albeniz taldeko Mikel Regil 18. Emakumezkoen kadeteetan oso lehia estua egon zen eta, azkenean Arabarrak taldeko Maria Modenes gailendu zitzaien (25:28) bere taldekide Lukene Trujillanori (25:30) eta Nafarroa Ermitagaña taldeko Nahia Imaz altsasuarrari (25:48).