Desfibriladorea, plaza erdian

Guaixe 2019ko abe. 2a, 11:34
Lakuntzarrak markesina ondoan.

Geolokalizatuta dago eta hartuz gero zuzenean 112ra hots egiten du, osasun zerbitzuekin jartzeko, edo, lapurreta kasuan, polizia gaztigatzeko.

Bihotzekoak indar handiagokoak edo txikiagokoak izanda ere, beti komeni da osasun larrialdi zerbitzuei hots egitea. Eta ezagutzak izanez gero, haiek iritsi bitartean gaixoari bihotz-biriketako bizkortze oinarrizkoa egiteko maniobrak eta desfibrilizazioa egitea komeni da. Azken horretarako desfibriladorea behar da, elektrizitate deskarga baten bidez bihotza bere funtzionamendu egokira bueltatzeko gailua baita. Datuek diotenez, trebatutako pertsonek bihotzekoa izan duten pertsonen % 75en bizitza salbatuko lukete desfibriladorea eskura izanda. 

Zer gerta ere, Lakuntzako Udalak plazan dagoen autobus geltokian, markesinan, jarri zuen desfibriladorea udan. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu digunez, “desfibriladorea geolokalizatuta dago. Norbaitek hartzen badu zuzenean 112 larrialdi zerbitzura hots egiten du. Geolokalizatuta dagoenez, anbulantziak zuzenean autobus geltokira bidaltzen ditu”. Geolokalizazioak lapurreta kasuan ere balioko lukeela gaztigatu digu Razkinek, “polizia jakinaren gainean jarriko baitu”.

Behin desfibriladorea jarrita, Lakuntzako Udalak ikastaroa antolatu zuen kultur etxean irailaren 28an. El ABC que salva vidas elkarteko kideek bihotz-biriketako bizkortzeari eta desfibriladorearen erabilerari buruzko argibideak eman zizkieten 30 lakuntzarri.