Juanjo Garbizu mendizaleak 2012an “Monterapia. Cuesta arriba se piensa mejor” liburua idatzi zuen. Sekulako arrakasta izan du, eta liburuaren 9 berredizio egin dira. Garbizuk mendia ulertu eta bizitzeko duen moduaz hitz egiten du bere liburuan. Besteak beste, arima sendatzeko mendia guztiz toki aproposa dela dio mendizaleak, eta terapia hori hartzeko “ez dituzu itsasoak zeharkatu edo munduko tontorrik altuenetara igo behar”. Berak uste du mendian gora eta behera hobeto hausnartzen dela, eta mendizaletasunaren terapia natural hori sustatu nahi du. “Etxe ondoko bazterrek arima sendatzeko balio dute. Tamainak ez du axola. Eta GPS gabe baldin bada, hobe, barnean ditugun gaitasunak eta ahalmenak lantzeko. Umeekin ere bai. Edo bakarrik, zergatik ez. “Off” botoia sakatu eta mendira abiatu. Eta ez baduzu inoiz gaua tontor batean pasatu, lozaku batean, beldurrak uxatu eta probatu…”. Hori defendatzen du Garbizuk bere liburuan eta mendia ulertzeko filosofia horretaz, betiko mendizaleekin estuki lotua dagoenaz, ariko da larunbatean Lakuntzako Kultur Etxean, goizeko 10:00etatik aurrera. Berriki Slow Mountain (2016) liburua idatzi zuen Garbizuk, hain zuzen ere mendira lasai joatea sustatzen duena, eta aurten Aralarko Mendizerra eta Parke Naturalari buruzko gida (2019)idatzi du, Aralarren 23 ibilbide eder proposatzen dituena.
Tea eta paseoa
Egun mendizaletasuna ulertzeko makina bat modu daude, eta Garbizuk berea azalduko du larunbat goizean Lakuntzako Kultur Etxean, Sakanako Mankomunitateak antolatutako ekitaldian. Monterapia bere liburuaz ariko da, eta bere filosofia azalduko du, mendira lasai joan eta deskonektatzearen aldekoa. Hitzaldiaren ondoren te beroa hartuko dute bildutakoek, eta eguraldiak laguntzen badu paseoa egingo dute menditik.