Bederatzi izaeren teoria oinarri dituzten haurrendako fabulak

Guaixe 2019ko abe. 13a, 12:39
Oihane Andueza 'Darse cuento' liburua eskuetan duela. UTZITAKOA

Oihane Andueza lakuntzarrak 'Darse cuento' liburua aurkeztuko du herriko kultur etxean, gaur, 18:30ean.

Bederatzi animalia dira Darse cuento liburuaren bederatzi ipuinetako protagonistak. Ipuin bakoitza fabula bat da eta eneagramaren teoria psikologikoan oinarritzen da. Teorian hau bederatzi izaeratan oinarritzen da. Oihane Andueza lakuntzarra Claudio Naranjo fundazioan boluntarioa da eta bertan ezagutu zuen teoria. Arlo kontzeptualetik haurren hizkuntzara pasatzea izan da Anduezaren lana eta "erronka". Gaur, abenduaren 13a, ostirala, 18:30ean, Lakuntzako kultur etxean aurkeztuko du liburua Iker Uribe lakuntzarrarekin batera. Uribe liburuaren ilustratzaileetako bat izan da, ipuin bakoitza ilustratuta dagoelako. 

Bederatzi izaera aurkezten ditu psikologia teoriak eta bederatzi ipuinez osatutako liburua sortu du Oihane Anduezak. "Ipuin bakoitzean badago animalia bat protagonista, eta bakoitzari gauza desberdinak gertatzen zaizkio". Guztiek, aldiz, haurren egunerokotasunarekin zerikusia duten egoerak "komunean" dituztela azaldu du lakuntzarrak. Fabulak direnez, bukaera beti "konturatze" bat dago. "Horregatik liburuaren izenburua Darse cuento da. Bukaeran konturatu naiz edo konturatzen ari naiz esaten delako". 

Ilustrazioak liburuaren zati garrantzitsu bat dira. Horregatik, liburuaren aurkezpenetan ilustratzaileetako bat dago ere. Hortaz, Lakuntzako gaurko aurkezpenean Iker Uribe ilustratzaile lakuntzarra egongo da. Aurkezpen "bereziak" egiten dituztela esan du Anduezak. Esaterako, Uribek zuzenean marraztuko duela aurreratu du idazleak. 

Psikologia haurrendako
Claudio Naranjo psikiatra, mediku eta psikoterapeuta zen eta bere bizitzako azken urteetan begirada hezkuntzan jarri zuela azaldu du Anduezak. Hortaz, bere fundazioaren helburuetako bat psikoterapiaren tresnak hezkuntzaren zerbitzura jartzea da. "2009an egin nuen fundazioaren ikastaroak eta parte teorika barneratuta neukan". Baina erronkarik handiena alde "kontzeptuala" haurren hizkuntzara gerturatzea izan dela adierazi du Anduezak. "Eta oraindik ere hobetzerik badela ikusten dut". Sorkuntza prozesua izan da: "30 bat ipuin idatzi ditut".

Idaztea "berezko" duen zerbait dela azaldu du Anduezak. "Erraztasuna dut". Idazle funtzionala da; "ez naiz etxean egun euritsu batean idazten hasten den horietakoa. Arrazoi bat izan behar dut. Idazle soziala naiz". Darse cuento argitaratu aurretik Zangozako emakume poeten inguruko antologian parte hartu zuen. 

Ipuinaren proiektua fundazioarekin harremanetan zegoenez gaztelaniaz publikatu du Anduezak Darse cuento liburua, baina "hasieratik" euskaratzea aurreikusi du. "Ez dakidana da noiz, oso lan handia delako".