"Jendea aurkezpenarekin gogoekin dago"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko abe. 27a, 12:10
Iñaki Bizkai akordeoilaria diskoaren irudi batean. UTZITAKOA

Abesti ezagunen bertsioen disko berria kaleratu du lakuntzarra sentitzen den Iñaki Bizkai akordeoilariak. Lakuntzan aurkzetuko du hilaren 29an

Iñaki Bizkai akordeoilaria oso ezaguna da Lakuntzan. Antsoaingoa izan arren, dagoeneko "lakuntzarra" sentitzen da. Gauean plazan vol. 3 disko berria kaleratu du eta abenduaren 29an, igandea, 18:30ean, aurkezpena eginen du Lakuntzako kultur etxean. Puro Relajo taldearen laguntza izanen du. 

'Gauean plazan vol. 3' diskoa kaleratu duzu. Beraz, aurretik vol. 1 eta 2 kaleratu zenituen. 
Bakarka egiten dudan hirugarren diskoa da. Duela 25 urte edo publikatu nituen aurrekoak, eta lehenengoarekin oso harrituta gelditu ginen: 8000 kopia saldu nituen. Gainera, Tenampas mariatxi taldearekin aritu naiz ere, jota talde batean... 

Eta zergatik hirugarrena orain?
Egia esan, ez neukan intentzio handirik, baina jendeak eskatzen zidan. Lehenengo eta bigarren diskoak kaleratu ondoren, txorakeria kendu zitzaidan. Baina animatzeko eta beste bat egiteko eskatzen zidaten. Azkenean aurrera egin dut. Musikariak deitu nituen: La banda del Jefe Bigun taldeko musikariak, mariatxi taldearen tronpetak eta abar. Gaizki dago nik esatea, baina gauza oso polita bat gelditu da. 

Zer nolako abestiak grabatu dituzu?
Mexikanak, rantxerak... Patxanga. Normalean nik jotzen dudana. Berbenak eta egiten ditut eta abesti hauek jotzen ditut. Taberna batean diskoa jartzen duzu eta dantzatzen hasten zara. Joselu Anaiak edo Puro Relajo taldeek egiten dutena, baina instrumentala. Abesti ezagunak dira. Gutxi bora behera niri gustatzen zaizkidan eta emanaldietan gehien gustatzen duten abestiak sartu ditut. Bi abesti daude zendu diren bi pertsonei eskainita daudenak. Beti fitxatzen nindutenean edo haiekin jotzen nuenean eskatzen zidaten abesti horiek, eta beraiendako sartu ditut. 

Denak bertsioak dira? 
Bai. Ez diot neure buruari inoiz konposatzea proposatu. 

Zuzenekoak egiten dituzu?
Berbenak egin ohi ditut. Bi neskarekin batera aritzen naiz, eta gizon orkestra ere banaiz. Bazkalosteetan jotzeko deitzen didate. Gertuko emanaldiak egiten ditut gehien bat. Herri txikietan errondak eta horrelakoak. 

Nola izan da diskoa grabatzea?
Diskoa grabatzeko aukera sortu zenean musikari laguntzaileekin hitz egin nuen eta hasieratik baietz esan zidaten. Pixkanaka errepertorioa ikusten hasi nintzen eta grabatzen hasi ginen. Altsasun grabatu genuen, eta lasaitasunez. Nik nirea grabatu nuen eta gero musikariak jotzen aritu ziren. Probak egin genituen gero: entzuten nuen eta zerbait aldatu behar bazen esaten nuen. Disko polita gelditu da. 

Hilaren 29an diskoaren aurkezpena eginen duzu Lakuntzan, Puro Relajo taldearekin. Nolakoa izango da aurkezpena?
Ongi egonen da. Sorpresak egongo dira. Ez da bakarrik akordeoiaren emanaldia izanen. Diskoak 40 minutu inguru irauten du, eta instrumentala denez, aurkezpen baterako motz gelditzen zen. Beraz, Puro Relajoren emanalditxoa izanen da ere. Lagunak dira. Zendu diren pertsona hauei omenalditxo bat ere eginen diet, baita nire amari ere, ez baitiot inoiz ezer egin. Lehenengoa aldia da aurkezpen bat egiten dudana, eta, egia esan, urduri nago. Lakuntzako kultur etxean ez da oso handia, 200 bat pertsona sartzen dira, eta nik dagoeneko 50 sarrera erreserbatu ditut. Jendeak galdetzen dit ea non lor daitezkeen... jendea zain dago. Diskoa hainbat tokitan salgai dago, eta harrera ona izan duela dirudi.

Kontzertuak egitea pentsatu duzu?
Hasieran ez nekien aurkezpena egin hala ez. Lehenengoekin ez nuen egin, diskoak saltzeko jarri nituen eta listo. Baina Lakuntzan oso estimatua sentitzen naiz eta, gainera, Patxolas, alkateak, esan zidan zerbait egin beharko genuela... eta egin dugu. Tenampas taldearekin Gaiarre antzokian aritu naiz, baina honekin oso urduri nago. Bakarrik nago eta nabaritzen da. 

Taldean edo bakarlari bezala aritzea nahiago duzu?
Denetarik probatu dut. Mariatxiekin oso gustura aritzen naiz, beste giro bat da, Gaiarren, Totem aretoan... Baina 15 urterekin hasi nintzenetik bakarri aritu naizenez, hobe moldatzen naiz bakarrik. Elkartzen garenean oso gustura ibiltzen naiz ere. Aurkezpenerako entseatzen egon gara eta harrigarria da. 

Zergatik akordeoia?
Iruñeko akademia batean ikasi nuen 9 urte nituenean hasi eta 18 urtera arte. Nire aitak leku askotara eramaten ninduen, oso saltseroa zen. Berari akordeoia gustatzen zitzaion eta ikasi nahi zuen, baina garai horretan eta herri txiki batekoa zenez, ezin izan zuen. Beraz, bere ilusioa zen bere seme-alabetako batek ikastea. Ni txikiena nintzen, eta nik ikasi nuen. Gustatzen zitzaidan. Akordeoi bat ikusten nuenean liluratuta gelditzen nintzela esaten dit aitak.