Udalak herri-aprobetxamenduak arautu ditu

Guaixe 2020ko urt. 21a, 12:38
Maiatzeko azokan Lakuntzako azienda ikusteko aukera dago.

Herri-larreen eta etxerako egurraren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza indarrean da dagoeneko.

Lakuntzar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketen herri-ondasun diren aprobetxamenduak arautu ditu udalak. Eta ordenantza berriarekin herri-ondasunen gainean administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua aurrera eraman nahi ditu. Lakuntzako Udalaren araudi berrian zehazten denez, “herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen”. 

Lakuntzako herri-lurrak aprobetxatzeko bete beharreko baldintzen artean daude: herriko erroldan izena emanda egon beharko du eskatzaileak, gutxienez hiru urteko antzinatasunarekin; Lakuntzan bertan gutxienez urteko bederatzi hilabetez modu jarraian bizitzea edo udalarekin zorrik ez izatea. Ordenantzak familia-unitate bakartzat hartuko ditu etxebizitza berean bizi diren familiako kide guztiak. Herri-larreak ustiatzeko abeltzaina (ardi, behi, zaldi eta txerri azienda) izan behar da. Lau larre eremu zehaztu ditu udalak, baita haietan azienda sartzeko epeak ere. Larreak emateko prozedura eta baldintzak ere zehaztu dira ordenantzan. 

Etxerako egurraren kasuan, Lakuntzako Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Onuradunek ezin izanen dituzte epaitzak saldu, eta eskuratu duten etxean besterik ezin izanen da erabili egurra. Egur loteak banatzerakoan Lakuntzako Udalak irizpide sozialak kontuan izanen ditu eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna. Etxerako egurragatik ordaindu beharrekoa urtero zehaztuko du udalak. Ordenantzan jasotakoaren arabera onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Gainera, guztiz debekatuta dago enborrak pistetatik herrestan ateratzea.