San Sebastian ermita itxita

Guaixe 2020ko urt. 25a, 13:10
Ermitako estalpean auzatea eman beharrean elizakoan eman zuten astelehenean.

Lakuntzarrak astelehenean ez ziren Aldabako ermitara erromerian joan, segurtasun arrazoiengatik ermita ixtea egokiago jo zuelako parrokiak. Meza elizan egin zen, eta ondorengo auzatea elizako estalpean.

Aldabako San Sebastian ermitara ez joatean, neguko festetako aspaldiko ohitura batekin hautsi zuten lakuntzarrek astelehenean. Jose Antonio Apezetxea Escudero apaizak azaldu digunez, “badaezpadako neurria da, arriskua saihesteko”. Apaizak azaldu digunez, “aurretik ere bazeuden zartadurak ermitako gangetan, baina joan den astean ermita San Sebastian egunerako prestatzera joan zirenean jabetu ziren zartadurak handiagoak zirela”. Egoera ikusita teknikariei hots egin zieten eta arriskuak saihesteko San Sebastian eguneko elizkizuna herrian egitea erabaki zuen parrokiak. Horren berri eman zuten San Anton egunean izen bereko ermitan (hilerri ondokoa) egindako elizkizunean eta igandean. Hala ere, izan ziren 40 bat lakuntzar Aldabako ermitara joan zirenak, haiendako han urtero egiten dena lagun arteko topaketa dela uste baitute. 

Apezetxeak azaldu digunez, konponbidea ganga kentzea eta teiladuraren zura agerian uztea izanen da, San Anton ermita dagoen moduan uzteko. Apaizak zail ikusten du lanak auzolanean egitea, “garai batean jendeak ofizioak bazekizkien…” Ziurrenik enpresa batek eginen ditu ganga botatzeko eta ondoren teilatuko zurari tratamendu bat emateko lanak. Horretarako, dirulaguntza eskatu edo diru bilketa egiteko aukera dute buruan parrokiako kideek. Asmoa litzateke heldu den urterako ermita erabilgarri izatea. 

Ermitaz 
Aldabako San Sebastian ermita oinplano angeluzuzena du eta burualde zuzenak errematatzen du. Oinaldeko hormari beste gela estuago bat atxikita dago. Hormak harlanduzkoak dira, eta kanpoaldea luzituta dute. Barrualdean sekzio karratuko sei zutabe ditu, nabea lau zatitan banatzen dutenak. Bi leiho besterik ez ditu, eta horiek argiztapen eskasa ematen diote barrualdeari. Sarrera Epistolaren aldean dago, hegoaldeko orientaziorik onena bilatuz. Erdi-puntuko arkua duen ate bat da, XVI. mendekoa bezalako hari molduratua duena. Nabearen oinaldean, zurezko goi-koru moderno bat dago. Teilatuaren azpian sabai izuna dago aurreneko zatian, lunetozko bi ganga tarte ditu gero, eta burualdeak kanoi beheratua du. Tarteak erdi-puntuko arku fajoiek banatzen dituzte. Irudi titularra Lakuntzako parrokia-etxean dago gaur egun. Ricardo Aretak gogorarazi duenez, ermitaren azken zaharberritze lanak 1992koak dira. 

Atzera begira 
Aldaba herriaren zentsuetako azken berria 1350 urtekoa da eta 10 su (etxe) zituen. Rafael Carasatorre Vidaurreren Barranca-Burunda liburuan (egilea ekoizle, 1993) jaso denez, aldabarrak eta lakuntzarrak Etxarri Aranatz berrira bizitzera joatera behartu zituzten. Baina eremu zabala babes gabe gelditzen zela iritzita, guztiak Lakuntzara bueltatu ziren. Karlos II.ak Etxarri Aranatzen antzeko foruak eman zizkion 1365ean. 

Carasatorrek Aldabako herritar batek Aralarko santutegiari 1125 eta 1135 urteen artean egindako donazio baten berri eman zuen. Baita txantrearen eta aldabarren artean Amurgingo errotaren kontura 1293an zuten gatazkaren berri ere. Fernando Perez Olloren Ermitas de Navarra liburuan (CAN, 1983) azaltzen denez, 1682an Aldabako ermitaua Esteban de Garcia Andia fraidea zen. Berak eta bere lehengusu batek Pedro de Lizarraga iraindu zuten hazteritsu eta zorrizu deituz, eta bere emaztearen semeak beste batenak zirela esanez. 

Etxarriko ikerlariak azaldu duenez, San Sebastian egunarekin hainbat herritatik erromerian joaten ziren Aldabako ermitara. Herrietako etxeetan jotzen zuten mezaren orduaren berri emateko. Herrietako alkateak ere joaten ziren ospakizunera. Lakuntzako apaiza zaldiz joaten zen; eta mezaren ondoren, sakristian txokolate taza bat izaten zuen berarendako. Txokolatea ermitari itsatsia zegoen sukaldean prestatzen zen. Denborarekin, ermitara joaten ziren guztiendako txokolate-jana egiten hasi ziren. Erromeriara joateko bide luzea egin behar zenez, eta batzuetan elurretan, Etxarri Aranazko Udalak 1948 urte aldera joateari utzi zion, alkatea orduan maki baitzegoen.