Musikarien erretratuak tabernako hormetan

Guaixe 2020ko ots. 10a, 12:59
Jokin Kale berak margotutako koadroekin erakusketan. UTZITAKOA

Jokin Kale margolari lakuntzarrak erakusketa "txiki" bat jarri du Lakuntzako Kale Txiki tabernan. Kalek bi pasioak batzen ditu: pintura eta musika. Orain, hiru "fronte" ditu eta paisaiak eta galgoak margotzen ditu ere

Formatu txikiko erakusketak egin ohi ditu Jokin Kale lakuntzarrak. Izan ere, "honetaz ez bazara bizi" galerietan kasu gutxi egiten dietela azaldu du: "Ez dute zure lana begiratzen ere". Beraz, erakusketak antolatzen dituzten tabernetara jotzen du bere lana erakusteko. "Azkenean, hainbeste ordu margolan batean lan egin ondoren, jendeak ikustea nahi duzu". Oraingoan, Lakuntzako Kale Txiki tabernan jarri ditu hainbat koadro; zenbait teknikarekin egindako musikarien erretratuak guztiak.

Musikarien erretratuak da Kaleren bereizgarria. "Beti egin ditut musikarien erretratuak". Musikarik gabe bizitza ez duela ulertzen esan du artistak. "Egunero musika entzuten dut. Margotzen ari naizenean musika bakoitzak inspiratzen nau". Hortaz, musikarien erretratuak egiteko, musika talde bat aukeratu, taldekide baten argazkia bilatu, eta taldearen abesti bat entzuten ari dela erretratua margotzen du. Hala ere, musika estilo ugari entzuten dituela esan du lakuntzarrak. Orain, hiru "fronte" ditu irekita: muskarien erretratuak, Jose Mari Lazkano Bergarako "lehen mailako margolariak" inspiratutako paisaiak, eta galgoak "txakur oso fibrosoak dira eta margotzeko politak. Gainera, asko sufritzen dute".

Estiloa
Pintura zaletasuna "txikitatik" du Kalek. "Anaiak margotzen zuen eta orduak pasatzen nituen berari begira. Nik ere eskolan eta etxean marrazten nuen". Marrazkia menderatu zuenean, margotzen hastea pentsatu zuen. "Orduan, akademia batzuetan eman nuen izena Iruñean eta Altsasun egon nintzen ere". Bertan ikus zuen "baietz", izan ere, azaldu duenez, "etxean bakarrik margotzen zaudenean gustatzen zaizu, baina norbaitek ildo batzuk markatzen dizunean eta ikusten duzunean hobetzen ari zarela, zaletasunak lotzen zaitu. Ezin zara gelditu". "Buruan" beti margotzeko "zerbait"duela esan du.

Erretratuak egitea "zailena" dela esan du artistak. "Aurpegi baten espresio guztiak hartzea eta antza izatea zaila da". Horregatik, hainbeste "denbora eta sufrimendua" ez duenean pasa nahi "lasaitzeko" paisaiak egiten ditu. "Zuhaitz bat falta bada ere, ez da nabaritzen". Paisaiak margotzea "tonuekin jolastea" dela esan du.

Kale Txiki tabernan dagoeneko dagoen erakusketa tabernara egokitu du Kalek, beraz, zazpi erretratu erakutsi ditu. "Hiru erretratu pastelean margotuta dadue, klarion antzeko bat da eta behatzekin margotzen da". Betse lau handiagoak dira eta oleoan margotuak daude. Etorkizun laburrean Iruñeko bi tabernetan erakusketa jartzen aurreikusten du. "Galeria batera joaten zara eta ez baza honetaz bizi, ez dizute kasurik egiten". Horregatik, haren lanak erakusteko aukera ematen dioten lekuetan "pozik" jartzen ditu Kalek.

Maisuarekin ikasten
Antonio Lopez pinturaren "maisu handiak" urtero ikastaro bat egiten du Iruñean. Kurtsoan parte hartzeko eskaera egin behar dute margolariek, eta gero aukeratuak izan behar dute. Kalek lehenengo eskaera egin zuenetik parte hartu du ikastaroan. "Benetako luxua da. Erreferente bat da eta urtero aukeratua izatea oso handia da". Ikastaroan hamabost margolarik parte hartzen dute, eta aste batean "goiz eta arratsalde" margotzen pasatzen dute. "Urte asko zeraman ikastaroa egiten nik jakin nuenean, eta douela bost urte edo hasi nintzen".

Aukeratua izan ondoren, gainera, bi urtez Lopezek bere lanak aukeratu ditu bukaeran egiten duten erakusketan jartzeko. Ondoren, lan horiek Nafarroako Museoan uzten dituzte. "Pentsa zer den hori".