Nahia Ojeta bateriaren mundutik dator. Duela lau edo bost urte gitarra bat erosi zuen eta Iruñeko hainbat peñetan, gaztetxean eta "horrelako tokitan" kontzertuak ematen hasi zen. Izen artistiko bezala Nahiak Nahi aukeratu zuen. Bakarlari moduan aritzen zen. "Denbora pasa da eta banda bat egiteko unea iritsi zela sentitu nuen". Banda sortu, eta diskoa kaleratu du Nahiak Nahik, eta bihar, larunbata, 19:00etan, kontzertua eskainiko du Lakuntzako kultur etxean. Alvaro Olano kantautoreak ere emanaldia eskainiko du.
Abestiak Ojetarenak dira. "Eginak zeuden, estruktura, letra eta dena". Aldatu den gauza bakarra bandaren osaera izan da: Ojeta hiru lagunekin, "betiko kuadrillakoekin", elkartu da diskoa grabatzeko. Iñaki Pulido baxu jolea da eta koruak egin ditu, Ruben Matillak gitarra elektrikoa jotzen du eta Jaitxo Segura bateria jolea da. Ojetak abesten du eta gitarra akustikoa jotzen du. Gainera, taldearen lehenengo diskoan kolaborazioak izan dituzte: "Esaterako, Maialen Gurbindo, Chica Sobresalto, orain kasualtiatez Operacion Triunfo talent saioan dagoen neska. Bateriaren soinuak Arkaitz Ezkaik jarri dizkio".
Zortzi abestik osatzen dute Jarrera bidea da diskoa. "Ez zegoen gehiago egiteko dirurik". Hala ere, Ojetak abestiak egiten jarraitzen du. "Bizitza bakarra da. Musika niretako ihes egiteko modu bat da. Txute hau ez badugu... gaizki". Kantak Ojetaren "hainbat eta hainbat" bizipenen ondorengo emaitzak dira. "Beti saiatzen naiz modu positibo edo baikor batean egiten". Horrelakoa dela eta horrela "naturalki" ateratzen zaiola azaldu du abeslariak; "momentuz".
Kantautore eta pop-rock estiloa egiten duela azaldu du Ojetak. "Ez dakit oso ongi nola esan". Diskoa masterizatu zuenari galdetu omen zion haren estiloa zein zen, eta ekoizleak kantautorea zela esan zion. "Nik ez nekien hori estilo bat zenik, eta baietz esan zidan". Abestiei bateria eta baxua kentzekotan abeslaria gitarra jotzen gelditzen dela esan du.
Aurrera egiteko desioak behar direla esan nahi du nahiak nahi. "Egin esan jarri nuenean ez nuen nire izenean pentsatu. Lagun batek esan zidan bazirudien Nahia asko nahi nituela. Baina ez da nik pentsatu nuena, inolaz ere". Bizitzan desioak eta nahiak izatearen garrantziaz hitz egiten du, beraz, taldearen izenak.
Diskoa arrakasta handiarekin aurkeztu zuen Nafarroako Antzerki Eskolan. "Pasada bat izan zen". Eszenatokiaren aurrean egotea "handia" izan zela esan du Ojetak: "Ni beti bateria jotzen egon naiz, eta horrelako papera aldaketa izugarria izan zen". Gainera, "antzerki" txiki bat egin zuten ere. "Ni atzean itxoiten nengoen eta bat-batean agertu nintzen. Oso polita izan zen. Magikoa. Ongi konektatu genuen".
Zuzeneko bereziak
Bihar, larunbata, 19:00etan, Lakuntzan egongo da eta azken astetan kontzertua prestatzen egon da Nahiak Nahi. "Lakuntzako kultur etxea oso egokia da niretako. Abestien arrazoiak eta mezuak bidaltzea gustatzen zait, eta formatu hori oso ona da". Aurkezpenean egindako kontzertuaren "nahiko antzekoa" egingo dutela esan du Ojetak. "Jarrera indartsuarekin agertuko gara".
Alvaro Olano kantautorearekin ariko da Nahiak Nahi. "Gure lerro beretik doan musika. Oso ongi". Kantautoreak "lehenengo lerrora" ekarri behar direla azaldu du Ojetak.
Lakuntzakoa Nahiak Nahi taldea momentuz zuzenean ikusteko aukera bakarrenetarikoa izango da. Hurrengo kontzertua martxoaren 6an izango da Iruñean eta "hortik aurrera" ez dituzte kontzertu gehiago hitzartu. "Esan digute hainbat emanaldi egiteko, baina ez ditugu kontzertu asko-asko egin nahi". Kontzertu gutxi baina "landuagoak" egin nahi dituzte. "Musikaren munduan ibilbide luzea dugu hainbat lagun bildu gara, eta horrela egitea nahiago dugu. Horrek motibatzen gaitu".