Lakuntzarrak bazkaldu aurretik, 13:00ak aldera, kalera aterako dira eta lagun taldeak, mozorrotuta, poteoan ibiliko dira. 14:30ean inauterietako herri bazkaria hartuko du kultur etxeak. Eta haren ondoren dantzaldia izanen da han bertan. Ihote parrandari segida handik kanpo eta ordu txikiak arte emanen diete lakuntzarrek.
Asteartean, berriz, herri-ihotearen txanda izanen da. 17:00etan txokolate-jana izanen da haurrendako. Haiekin batera zatamarroak izanen dira protagonistak. Lastozko txanoa buruan, aurpegia zapiz estalia, zaku zaharra soinean eta eskuan erratza, sardea edo hurritz makila. Zigor hori jendea berotzeko baliatuko dute, horregatik, haiengandik urrun ibiltzeko hobe izanen da hankak arin ibiltzea. Zatamarro begi-gorri urtien behin etorri. Errepika hori, zirikatzeko asmoz, zatamarroei behin eta berriz esanen diete haurrek.