Aurten hamar gazte lakuntzar dira kintoak: Olatz Gil, Aimar Gil, Gorka Egurza, Iker Andueza, Ioritz Escudero, Aroa Cerezo, Saioa Escudero, Jokin El Marhoum, Amets Oteiza eta Sergio Romero. Haiekin batera, beste 11 kinto-gazte izanen dira, 21eko kinto-segizioa osatuz. Kinto lakuntzarrak aurretik elkartu eta guztia antolatuta dute. Esaterako, ospakizunetako bi egunetako gosariak eta meriendak haietako zeinen etxeetan egin zozketa bidez aukeratu dituzte.
Kinto-segizioa, baserritarrez jantzita, plazan 10:30ean eginen du agerraldia. Trikilaria eta pandero-jolea lagun dituztela, etxez etxeko eskean hasiko dira. Gosaltzeko etenaldiaren ondoren, kinto-eskean segituko dute bazkal garaira arte. Majo bazkaldu ondoren kinto-segizioak bere egitekoarekin segituko du: bi parranda egunak pagatzeko dirua biltzen segitzea. Meriendako etenaren ondoren, kinto eskean segituko dute, afaltzeko garaia iritsi arte. Mahaitik jasotakoan autobus bat bete kinto eta beti kinto lakuntzar Tolosarako bidea hartuko dute, han parrandarekin segitzeko.
Tolosatik bueltan, bihar goizean, atzera ere kinto-eskean segituko dute gazteek. Egitaraua bezperaren kopia izanen da. Aldaketa bakarra afaldu ondorengo parrandaren lekua da, Tolosa beharrean herri-ihotea ospatzen duten Altsasura joanen dira.
Kinto lakuntzarrak gaur baino lehen agertu dira herritarren aurrean. San Sebastian egunean izan zen, alkate dantza dantzatzeko. Dantza hori bera Korpus egunean dantzatuko dute atzera ere. Eta hirugarren dantzaldia Aralarko santutegi ondoko plazan eginen dute Lakuntzako Pertza egunean, izen bereko dantza dantzatzeko. Dantza horietan kintoak eta kinto gazteak aritzen dira. Azken horiek dantzan trebatzeko modua da saioen aurreko bi asteetan egiten dituzten entseguak.