Atletismoa

Beñat Katarainek 2:28:02-an osatu zuen Sevillako maratoia

Guaixe 2020ko ots. 28a, 11:15

10.293 korrikalarien artean 89. postuan sailkatu zen lakuntzarra

Beñat Katarain korrikalari lakuntzarrak asfaltoan mendian bezain ongi moldatzen dela erakutsi du, igandean Sevillan jokatutako maratoian bikain aritu baitzen. Mekuant Ayenew etiopiarrak hegan egin zuen eta errekorra apurtu zuen, probako 42,197 kilometroak egiteko 2 ordu, 4 minutu eta 46 segundo behar izan baitzituen. Ikusgarria. Javi Guerra izan zen Espainiako Txapelketa irabazi zuena (2:07:27). Eta emakumezkoetan ere errekorra hautsi zuen Juliet Chekwe ugandarrak (2:23:14). Marta Galimany izan zen Espainiako txapelduna (2:29:02). 

Beñat Katarain Razkin lakuntzarra oso ongi aritu zen eta 89. postuan sartu zen (2:28:02 denbora ofiziala, 2:27:59, denbora erreala). Zegaman bizi den lakuntzarra Goierri Garaia Taldearekin lehiatu zen, eta aitortu duenez, 2:28ren bueltan egotea espero zuen. Beraz, helburua gaindituta, kontentu egoteko arrazoi asko ditu. Beroa egiten zuen Sevillan “nire gusturako 2 gradu bero”, baina maratoia ondo planteatu zuen. “Hasieratik ondo neurtu nuen; beldurrik handiena anoaguneak ziren, ezin baitzara gelditu, baina moldatu nintzen” gaineratu du Katarainek. 

Egindako markagatik makina bat zorion mezu jaso ditu Beñat Katarainek sare sozialetan, eta tartean Joxan Salgadok zorionak ematen dizkio 2 ordu eta 30 minutuko muga jaisteagatik. “Zorionak Beñat! Azkenean 30 urte ondoren Sakanan maratoi errekorra gainditzea lortu duzu!” aipatzen du Salgadok. Katarainek galdetzen dio ziurrenik berarena (Salgado) zela aurreko maratoi errekorra Sakanan, eta ea zenbateko marka zuen. 1989ko azaroan maratoia 2:32:00 denbora egin zuela erantzuten dio Salgadok, eta Katarinek aipatzen dio urte horretan bera jaio zela. 

Los Tajos Skyrace, hurrena
Aurki errepidea utzi eta mendi lasterketetan murgilduko da korrikalari lakuntzarra. Hurrengo erronka Espainiako Mendi Lasterketen Kopa da, eta lehendabiziko proba martxoaren 29an jokatuko du, Los Tajos Skyrace, Malagako Alhaurin el Grandeko mendizerran jokatuko den 32 kilometroko mendi lasterketa. Jakina, maiatzaren 24an jokatuko den Zegama-Aizkorri mendi lasterketa izanen da denboraldi honetako beste helburuetako bat.