Unibertsitatera joan ahal izateko, selektibitate azterketak gainditu behar dira. Gainera, ikasketa bakoitzarendako selektibitateko nota jakin bat eskatzen da. Hortaz, selektibitatea egin behar duten ikasleek asko dute jokoan. Hasiera batean Nafarroan selektibitate azterketak ekainaren 2an, 3an eta 4an izan behar ziren, baina Aroa Cerezori elkarrizketa egin ondoren, astearte arratsaldean, probak atzeratzea erabaki zuen Hezkuntza Ministerioak, oraindik zehaztugabe dauden datetan.
Nola harrapatu zaitu koronabirusak ekarritako itxialdi honek?
Altsasuko Institutuan batxilergoko gizarte zientziak ikasten eta selektibitatea prestatzen ari naiz. Ikasturteko 2. ebaluazioa bukatu berritan gaude, azterketak eginak, eta justu 3. ebaluazioa hasten harrapatu gaitu koronabirusaren geldialdiak. Apirilean Aste Santuko geldialdia dugu, eta maiatzean, 7tik 12ra, aste tragikoa dugu: 4 egunetan 8 azterketa.
Altsasuko Institututik zein neurri hartu dira itxialdiak irauten duen bitartean? Zein aukera eman dizuete?
Gaur (asteartea) klaseak online hasi ditugu. Ikasgai batzuk ditugu online bidez lantzen ditugunak, bideo-deien bidez, gauzak azaltzeko. Beste ikasgai batzuetan, irakasleak gaiak Google Classroom plataforma edo aplikazioaren bidez bidaltzen dizkigu eta guk etxean irakasleak bidalitako testuak eta materiala irakurri eta ulertu behar dugu, eta berak eskatutako lanak egin. Irakaslea aplikazioan sartu eta guk egindakoa begiratzen du.
Zer moduz sistemarekin? Klase normal baten martxa da edo zerbait egiten duzue baina ez da, inolaz ere, klasean egingo zenuketena?
Abiadura ezberdina da, klasean irakaslea dagoelako eta dena azaltzen duelako, baina modu honetan ere asko egin daiteke. Irakasleek bideoak bidali dizkigute ere, azalpenak emanez, eta esango nuke etxean ere lan bera egin daitekeela.
Ikasleok kezka duzue, 3. ebaluazio honekin zer gertatuko den eta selektibitatera nola iritsiko zareten?
Egia esan, bai. Badaude ikasgai batzuk, matematika esaterako, irakasleen azalpenetan oinarritzen direnak. Alor horretan irakasleak ezin badu gaia azaldu, guk ez dakigu ezer egiten. Eta selektibitateari begira... ez badakigu ariketak egiten ezin dugu ezer ere egin. Alde horretatik kezkatuta gaude, baina espero dugu 15 egun hauek bukatutakoan klasera bueltatzea eta topera hastea.
Orain arte, eguneroko klaseetan tokatu izan zaizue halako sistemak erabiltzea, online bidezkoak?
Bai, Classroom aplikazioa kasturtean barna ere erabiltzen dugu, beraz, hau ezagutzen genuen eta erraza da. Baina Hangouts, bideo-deiak eta halakoak egiteko, niretako berria zen baina beno, moldatzeko erraza.
Badirudi egun jende gehienak mugikorra, ordenagailua eta internet konexioa duela etxean eta, hortaz, ikasketak online jarraitzea edonork egin dezakeela. Baina egongo da internet sarbiderik ez ordenagailurik ez duena ere. Kasu horretan zer egingo dute ikasle horiek?
Egongo da halako tresnarik ez duen ikaslerik, baina nire klasean, egia esan, guztiok ditugu ordenagailuak eta internet sarbidea eta ez dugu arazorik.
Klase normal batek baino lan gehiago ekarri dizue sistema honek?
Bai, lan pertsonal gehiago. Programan sartu, irakasleek bidalitako materiala irakurri behar duzu, ulertu ez baduzu irakasleari idatzi eta zalantzak galdetu, eta gero, dena ulertuta, ariketak egin eta ongi egin. Lan gehiago da.
Selektibitatearen inguruan aldaketaren bat egin beharko litzatekeela uste duzu? Datak atzeratu (asteartean hartu zen erabakia), gai batzuk kendu... nola ikusten duzu?
Egun hauetan lana egiten badugu eta bueltatutakoan topera jarrita, nik uste dut selektibitatera ailegatu gaitezkeela, baina hori bai, 15 egun hauetan etxean lan asko egin beharko dugu, bai ala bai, eta gero, klasera bueltatutakoan, denbora ez galdu. Bestela ez gara ailegatuko, eta orduan ez dakit zer gertatuko den.
Eta behatzak gurutzatu internet-sarea ez erortzeko, ezta? Sarea eroriko balitz...
Kaosa litzateke. Internet gabe ezin dugu ezer egin, eta, beraz, eroriko balitz… ez dakit zer gertatuko litzatekeen, egia esan.
Unibertsitatean zer ikasi nahiko zenuke?
Magisteritza, ekonomia edo halakoren bat egin nahiko nuke. Ekonomia egiteko selektibitateko nota 5 bat izatea eskatzen dute eta Magisteritzako Haur Hezkuntzarako selektibitateko nota 7,8 eskatzen dute. Eskatzen duten notaren artean aldea handia da, ez dakit zergatik. Izan daiteke ekonomian prestatuta dagoen jendea behar delako nota jaistea, jende gehiago sartu ahal izateko, edo Magisteritzan jende asko sartzen denez, nota igotzea, horrenbeste ez sartzeko. Ez dakit, suposizioak dira. Nik magisteritza nahiko nuke, hortaz, selektibitaterako presio gehiago dut: 7,8ko nota.
Ikaslea izateaz gain, Berriozar taldeko futbolaria zara. Ikasketak eta futbolak uztartzeko nahikoa lan izango duzu egunerokoan, baina orain ere futbol liga geldirik egongo da.
Bai. Iaz Mulier taldean ibili nintzen eta aurten Berriozarren nago, maila berean. Aldaketa handia izan da, talde berria, jende berria… hasieran arraroa, baina gero oso gustura, etxean bezala. Sakandar bakarra naiz. Irati Igoa beti taldekide izan dut baina orain arerioak gara. Zelaian aurkariak baina gero lagun minak. Liga eta entrenamenduak bertan behera gelditu dira eta ea zer gertatzen den. Eskatu digute etxean ariketa batzuk egitea, azken batean egoera fisikoa oso garrantzitsua da futbolean eta ez badugu ezer egiten galduko dugu.
Nola antolatzen duzu eguna?
Goizean online ikasketak eta lan guztiak egiten saiatu, bazkaldu, lanak ez baditut bukatu, despeditu, eta gero arratsalde-gauean ariketak egin eta ahal dudana. Eta txakurrarekin ere paseotxoa eman, etxe ondora, haizea hartzeko.
Etxean itxita, baina eguna okupatuta!
Bai, gutxienez horrela ez gara aspertuko!