Asier Pazos Arbizuk INEF ikasketak egin zituen Leonen (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzia). Leongo Unibertsitateko taldean hasi zen errugbian jokatzen. Ikasketak bukatuta, Goi Errendimenduko Masterra egin zuen, eta praktikak Ordizia Errugbi Elkartean egin zituen. Ampo-Ordizian jokatzen hasi zen, eta klubeko kategoria txikiko talderen bat entrenatzen. Aurten, zelaia utzi eta Ordizia Errugbi Elkarteko talde guztien prestatzaile fisikoa da lakuntzarra.
Ordizia Errugbi Elkartean guztiz aldatu da zure lana: jokalari eta txikien entrenatzaile izatetik klubeko prestatzaile fisikoa izatera pasa zara.
Aurreko prestatzaile fisikoa, Josu Gomez, kanpora joan zen, eta niri eskaini zidaten bere postua. Beraz, denboraldi honetatik aurrera klubeko errendimendu saileko burua naiz, klubeko talde guztien prestatzaile fisikoa, talde nagusiarena eta gainontzekoena. Entrenamenduak diseinatu, plangintza egin eta plangintza hori aurrera eramatea, hori da nire lana. Kristoren erronka da niretzat, eta oso gustura nago. Hasieran lehen taldean ez jokatzearen pena nuen, enbidia pixka bat, baina orain beste puntu batetik ikusten dut errugbia, eta erabakia hartu izanak ez nau damutzen. Nire eginkizuna, klubean, beste rol batean dago. Barneratuta dut hori, eta asko disfrutatzen ari naiz.
Horretaz gain, Ultzamako kirol teknikaria zara. Nola uztartzen duzu guztia?
Ultzamako kirol teknikaria izateko oposaketak atera nituen eta goizez bertan egoten naiz lanean. Arratsaldean Ordizira joaten naiz. Lanpetuta nabil, alde batetik bestera egunero, baina ahal den moduan daramatzat biak.
Estatuko Ohorezko Mailan, maila nagusian aritzen den Ampo Ordizia taldearekin egingo duzu lanik gehiena, ez?
Bai, Ordizin ematen dudan denboraren %80 lehen taldearekin da. Jokalari dexente daude, plan ezberdinak dauzkate, balorazioak eta banakako jarraipena egin behar zaizkie... lana badago. Staff teknikoan Iñigo Marotias eta Aritz Garmendia dira lehen taldeko entrenatzaileak, Gorka Etxeberria fisioterapeuta, Sebastian Cruz medikua, Juanma Aldanondo eta Jon Ander Aizpurua delegatuak eta ni prestatzaile fisikoa.
Ampo Ordizia sailkapenaren goialdean dago, ezta?
Bai, laugarrena da sailkapenean (58 puntu), eta VRAC Quesos Entrepinares da liderra (68 puntu). Lehen lau postuen artean estu dago sailkapena. Guk azkeneko partida duela 4 aste jokatu genuen, gero 2 asteko atsedena genuelako, eta hain justu bigarren aste horretan atera zen koronabirusa. Orain liga geldirik dago eta etxean egotea da tokatzen dena, eta ahal den moduan entrenatzea.
Berez Ohorezko Mailako Liga noiz bukatzen da?
Liga erregularreko azken jardunaldia maiatzaren 3an da jokatzekoa, baina lehen 6 taldeak play-offak jokatzeko sailkatzen dira, eta gu hor egongo ginateke. Sortu den egoera honekin ez dakigu zer gertatuko den, Espainiako Federazioak zer erabakiko duen: ligako fase erregularra bukatzea, zuzenean play-offak jokatzea… esperoan gaude.
Koronabirusak guztia aldatu du. Prestatzaile fisikoa zarenez, sekulako lana izango duzu etxeko entrenamenduak prestatzen. Nola ari zara?
Egoera konplexua da, honek denboraldiko plangintza guztia apurtu baitu. Jokalari batzuk etxean kirol materiala dute, baina beste batzuk ez, eta saiatu gara ahalik eta errezen edo material gutxiagorekin egiten den entrenamendua prestatzen. Motxila batean ahalik eta pisu gehiena sartzen, aulkiekin... entrenamendu ezberdinak osatu ditut. Egunean bi entrenamendu dauzkate. Goizekoa indarrera bideratua dago, eta arratsaldean intentsitate altuko entrenamendua egiten dugu. Errugbia oso kirol aldakorra da, intentsitate asko behar duena. Arratsaldean, zirkuitu ezberdinak egin behar dira eta noizbehinka, agian 10 aldiz edo, lurrera joan eta altxatu, party-ak deitzen diren ariketa horiek. Ariketa horiekin lortzen dugu intentsitatea eta pultsazioak asko igotzea. Gero kontrolatu behar ditugu; horretarako jokalariei pasatzen dizkiegu galdeketa batzuk eta beraiek erantzunak apuntatzen dituzte. Ondoren, nik hori guztia hausnartu, baloratu eta horrekin progresio bat egiten dut.
Nahiz eta etxean ariketak egin, ez da entrenamendu normal bat. Nola itzuliko dira jokalariak?
Ez dakigu, oraindik ez baitakigu zenbat luzatuko den hau, baina jokalari bakoitza egoera batean ailegatuko dela suposatzen dut, eta pentsatzen dut indar asko izango duela lesio-prebentziorako entrenamenduak. Zelaian lortzen dugun intentsitatea etxean lortzea oso zaila da, eta hainbeste aste behar den intentsitatea lortu gabe...Bueltatutakoan lehendabiziko gauza izango da fisioarekin eta medikuarekin bildu eta jokalari bakoitzaren balorazio bat egitea, zein puntutan dagoen ikusteko, eta hortik aurrera plan indibidualizatuagoa egin beharko diet, lesioen prebentzioa lantzeko.
Kirol guztien kezka da hori, bueltako lesioak ekiditea...
Beste kirol batzuetan liga dagoen bezala uzteko erabakia hartu dute, baina guk oraindik ez dakigu. Liga ez bada eteten,denbora gutxi izango dugu prestatzeko, etxetik atera eta aste batean edo bitan partida izango dugu. Hortaz, lan dezente egingo dugu prebentzio-lesioarekin, arrisku hori gutxitzeko.
Taldea nola dago animoz? Gaixoren bat al duzue, berrogehialdian dagoen baten bat?
Errugbia kontaktu askoko kirola da, jende asko aldageletan, gauza guztiak partekatzen dira... baina zortea izan dugu, momentuz ez dugu jokalaririk sintomekin. Eta animoz… saiatu gara jokalariek harremana eta kontaktua ez galtzeko ekimenak egiten, talde giroa ez galtzeko.
Futbol jokalariek FIFAra jokatzen dute Play Stationean. Zuek errugbiko jokorik al duzue?
Badago jokoren bat, bai (kar, kar...). Nik denbora gutxi daukat Playra jokatzeko, egia esan. Saiatzen gara beste ekintza batzuk sustatzen. Aste honetan bideo-konferentzia bat egin genuen arlo tekniko-taktikoak lantzeko, bideo batzuk ikusi genituen, beste plataforma batzuekin 40 pertsona bildu ginen... Goi mailako kirolean bideoa eta analisia egunero lantzen da, jokoa hobetzeko, aurkariek nola jokatzen duten jakiteko... ezinbestekoa da. Gauza da bideo horiek lan asko dutela atzetik, edizioan, bideoak jokalariendako interesgarriagoak egiteko. Orain etxean gaude sartuta, eta denbora gehiago dugu halakoak prestatzeko.
Telelanarekin, lan gehiago egiten da.
Bai, oraindik ez dut aspertzeko aukerarik izan (kar, kar…). Lan asko dut, bai Ordiziko guztiarekin eta baita Ultzamako Mankomunitatekoarekin... ez naiz aspertu.
Egoera honetan behintzat taldea distantziatik zuzentzen ikasiko duzu...
Egoera guztietatik ateratzen da zerbait positiboa, eta uste dut ere hemendik zerbait aterako dugula.
Sakandar bakarra zara Ordizia Errugbi Taldean?
Beheko kategorietan bi jokalari sakandar ditugu, Owen Berdote urdiaindarra eta aurten errugbia probatzera animatu den Iker Alegria lakuntzarra. Jada hiru sakandar gara Ordizian.