Etxeko konfinamenduak jarraitzen du, arinago, hori bai, paseoa eta kirola egitera atera ahal garelako, baina lakuntzarrak elkarren artean harremanetan jarri eta herrian giroa sortzeko lanetan jarraitzen du Lakuntzako Kultura Batzordeak. Apirilaren bukaeran antolatutako Tortila Txapelketaren arrakasta ikusita –25 lakuntzarrek parte hartu zuten eta zozketan Egoitz Arraizak irabazi zuen Conservas del Reynoko produktuen zarea–, aurreko asteburuan Lakuntzako Postre Txapelketa antolatu zuen Lakuntzako Kultura Batzordeak. Partaidetza ia bikoiztu egin zen, 46 lakuntzarrek hartu baitzuten parte Postre Txapelketan. Euren errezeta erakusten zuen bideoa bidali zuten guztiek, eta ondoren partaide guztien artean zozketa egin zen –Lakuntza Kulturaren Facebookean dago ikusgai, aurkeztutako errezeta guztien bideoekin batera– eta Ainhoa Etxarrik, hain zuzen ere aurreko astean Tortila Txapelketa irabazi zuen Egoitz Arraizaren bikoteak, lortu zuen sari preziatua, Tania Arraindegiko mariskada ederra.
Lanean jarraitzeko hainbat egitasmo buruan ditu Lakuntzako Kultura Batzordeak. Egunotan Lakuntzako festetarako kartel lehiaketa deitu dute. Oraindik ez dago ziurtatzerik abuztuko festak ospatu ahal izango diren, baina etxeko txikiak etxean daudela aprobetxatu nahi du batzordeak, lehiaketa deitu, txikienendako erronka berria jarri eta haien partaidetza lortzeko. Jakina, gazteek eta helduek ere hartu ahal izango dute lehiaketan. “Ez dakigu oraindik egoera nola egongo den eta aurtengo festak ospatzerik izango ote dugun, baina Festetako Kartel Lehiaketa egin eta sariak banatuko ditugu, eta aurreko urtean jaiotako lakuntzarrek zapia jasoko dute, hori guztiz ziurtatu dezakegu” adierazi du Lakuntzako zinegotzi Aitor Gartziak. Halaber, orain arte Kultur Batzordeak antolatutako ekimenetan lakuntzarrek izandako erantzun bikaina eskertu du, flashmobak, Itxez Itxe Lakuntzan eta txapelketak tarteko.