Pintadak garbitzeko aurrekontua eskatu du Udalak

Guaixe 2020ko mai. 8a, 12:38

Udaletxeko arkuan egindakoan pintura berezia erabili zen, eta gainontzekoetan, aldiz, spraya

Larunbatean Lakuntzako udaletxean, elizan eta parrokiako apaizaren etxean pintadak agertu ziren, eta haiek garbitzeko asmoa dute Lakuntzako Udalak eta Lakuntzako parrokiak. “Udaletxeko pintada egiteko erabili zuten pintura berezia da, arraroa, lodia, ukitzerakoan iragazgaitz horietako bat dirudiena. Brotxarekin egindakoa dirudi. Elizakoak, aldiz, espraiarekin eginak daude. Pikotako errestaurazioa egin zuen enpresarekin harremanetan jarri gara aurrekontua eskatzeko, baina pintada kentzea kosta egingo da. Udaletxekoa arkuan bertan egin zuten, eta arkua Vianako Printzea erakundeak babestutakoa den edo ez begiratu beharra dago” azaldu du Aitor Gartziak. Foruzainak izan ziren larunbatean bertan pintadak ikusten. “Ez dugu momentuz salaketarik jarri, informatu egin dugu, beste herriren batean pintadarik egon ote izan zen jakiteko, edo beste herriren batean pintura kutxaren bat edo zerbait arraroa agertuko balitz horren berri izan ahal izateko” gaineratu du zinegotziak. 

Udaletxean gaztelaniaz eta atea inguratuz, "Zergatik hezten gaituzue?" ("¿Por que mierda educarnos?") pintada egin zuten eta elizpean gaztelaniaz ere "Katolizismo = Koronabirus" ("Catolicismo = Coronavirus") idatzi zuten. Azkenik, apaiz-etxean "beldurra bandoz aldatuko da" leloa irakur daiteke, hori ere gaztelaniaz idatzita.