Pozik dago, egoera berriari tamaina hartzen eta bezeroekin lan egiteagatik kontentu.
1. Zer moduz lanerako buelta?
Ongi, lanera bueltatzeko irrikitan nengoen. Dena berria da, egoera hau ez dugulako inoiz bizi; egoera berri honetara moldatzen ari gara, poliki-poliki.
2. Alarma-egoeraren hasieran esan zuten ile-apaindegiek lan egingo zutela, gero ezetz, geroago bat-batean maiatzaren 4tik lanean hasi ahal zinetela iragarri zuten… Nola bizi izan duzue egoera hau?
Hasieratik nahasmen handia egon da, eta informazio oso gutxi iritsi zaigu, bai Gobernuetatik, elkarteetatik… Leku guztietatik informazio gutxi. Egoera arintzeko faseak iragarri zituztenean esan zuten 0 fasean, maiatzaren 4tik aurrera, lanean hasteko aukera genuela, baina nahasmen handia egon zen, erabakia ez zelako Aldizkari Ofizialean agertzen. Eta hor ez bada agertzen, ez da berri ofiziala; hortaz, urduritasun handiarekin egon gara.
3. Hortaz, informazio falta izan al duzue?
Guretzat ezustekoa izan zen maiatzaren 4tik zabaldu genezakeela jakitea, ez genuen espero. Pedro Sanchezek hiruzpalau egun lehenago esan zuen, prentsaurrekoan, baina gure aholkulariek esaten ziguten ezetz, oraindik ez zela ofiziala, ez zegoela Aldizkari Ofizialean, eta komunikabide guztietan, aldiz, baietz eta baietz. Informazio falta egon da, baina hori ahaztuta, martxan gaude, gogotsu. Eta bezeroak ere gogotsu eta beharrez.
4. Ile-apaindegia itxita izan duzunean bezeroek hots egin al dizute aholku eske?
Konfinamenduan zehar bezeroek deitzen ninduten galdetzeko ea etxean ilea tindatzeko zer egin behar zuten, zein tinte eta zein zenbaki erosi behar zuten, nola tindatu behar zuten… Nik erantzuten nien, eta Youtuben tutorialak ikusteko gomendioa egiten nien, eta txantxetan esaten nien: “baina asko ez ikasi e? Orain bai, etxean, baina gero niregana etorri ilea tindatzeko, asko ez ikasi!” (kar, kar...) Eta zerrendarena baita; ile-apaindegia zabaldu baino lehen 70 pertsona nituen zerrendan sartzeko.
5. Nola antolatu duzu lana?
Ahal izan dudan bezala. Maiatzaren 7an ireki nuen, ostegunean. Aurreko astean 0 fasean geunden, eta ile-apaindegia soilik ile-apaintzaile batek zabaldu ahal zuen, eta bakarrik bezero bat egon zitekeen barruan. Hortaz nik bakarrik zabaldu nuen, eta lana ateratzeko ordu pilo sartu behar izan nituen, goizez eta arratsaldez beharrean, poliki-poliki. Aste honetan 1. fasean gaude, eta ni eta Naroa, nirekin lan egiten duen ile-apaintzailea elkarrekin ari gara, bakoitza bezero batekin eta lauren arteko distantzia mantenduz. Lan dezente dugu orain, eta ari gara, baina ordu asko sartzen. Astelehenetan normalean festa izaten dugu, baina uste dut hiru aste edo horrela egongo garela astelehenetan lanean, egoera desblokeatu arte.
6. Tindatu, ilea moztu eta orraztu. Zenbat denbora ematen du horrek?
Tintea bakarrik bada, metxarik gabe, tindatu, moztu eta orraztu ordu eta erdiko lana da. Baina tinteaz gain metxak egin behar badira, bota beste ordu bat, bi ordu eta erdi. Eta une honetan bezeroak guztia egin beharra du, gehienek tindatu, metxak, moztu, orraztu... denetatik, beharra dagoelako. Konplexua da, bezero batekin bukatu arte ezin duzulako bestea sartu, baina hor gaude, poliki lana ateratzen.
7. Zein aldaketa egin behar izan dituzue?
Garrantzitsuena gure arteko distantzia mantentzea da. Erdian zegoen tokadorea kendu dugu eta izkinako bi tokadoreak utzi ditugu. Batetik bestera ia 4 m daude, hortaz ez da behar panelik jartzea. Naroa eta biak bakoitza bezero batekin ari gara lanean, eta orrazkera egin diegun bezeroak ateratzerakoan sartu behar dira besteak. Gainontzekoan, eskularruak erabili behar ditugu, maskarak, gel hidroalkoholikoa… beste tokietan bezala. Pantailak ere baditugu, eta maskarekin tartekatzen ditugu: tarte batzuetan maskarak, beste batzuetan pantailak... Izan ere, ilea mozteko orduan pantaila ez da erosoa, ez duzu ongi ikusten. Pantailak argitasuna du, baina plastiko horrekin, ilea mozterako orduan, ez duzu garbi ikusten. Ilea lehortzeko edo tindatzeko ez dago arazorik, baina ilea mozteko prezisioa izan behar duzu, eta hortaz, ilea mozteko, beti maskarekin egiten dugu. Eta aipagarria da bezero batekin bukatzerakoan dena garbitu eta desinfektatu behar dela: eserita egon den aulkia, orraziak, guraizeak, batak, toallak… jada ohitura barneratu dugu.
8. Txandak ematerakoan zein baldintza izan dituzu kontuan?
Alde batetik zerrendakoei lehentasuna eman diet, baina 65 urtetik gorakoei ere lehentasuna eman behar zitzaien eta hori ere kontuan hartu dut, eta baita astero etortzen zaizkidan bezeroak ere. Izan ere, astero datozen bezero asko ditut, betirako hitzordua hartua dutenak.
9. Bezeroak gustura bueltatu dira?
Bai, etortzeko gogo handia zuten, baina etortzen dira eta ezin diezu ez musurik ez besarkadarik eman. Geldirik gelditzen gara, besarkatzeko gogoekin, baina ezin. Egora berria da, baina dena den, oso pozik daude. “Begira zer ile ditudan” esanez sartzen dira, eta poz-pozik ateratzen dira. Azkenean, itxura oso garrantzitsua da. Egoera honekin jendea pixka bat triste dago, baina itxuraz ongi ikusten bada, aurpegia aldatzen zaio. Orrazterakoan ispilutik begiratzen diezu eta ikusten duzu nola joaten zaien begirada ere aldatzen, zelako poztasuna hartzen duten euren itxura hobetzen dela ikustean. Ikusgarria da. Gure burua ongi ikustea oso garrantzitsua da.
10. Geldirik egon zaren tarte honetan zer izan da gogorrena zuretzat?
Jendearekin ez egotea. Gure lanean bezeroekin harreman handia izaten dugu, eurak politak egotea eta ondo sentiaraztea da gure lana; giro ona izaten dugu ile-apaindegian. Momentu horiek bota ditut faltan. Lanean hasi naizenetik jendearekin hitz egin dut, eta guztiak antzeko egon gara konfinamenduan, emozionalki nahastuak bezala; momentu onak izan ditugu baina baita ilusiorik eta gogorik gabeko uneak, beherakadakoak. Gehienok antzeko moduan sentitu eta bizi izan dugu egoera.
11. Egoera honetatik irakaspenen bat atera daiteke?
Gauza txikiak, xinpleak, izan dira gehien faltan bota ditugunak, eta balion jarri behar ditugu. Hau guztia pasatzerakoan ziur aski egoera honetatik asko ikasiko dugu, baina egoera gogorra izan da, zaila. Bueltan gaude, hori da garrantzitsuena, eta ea egoera hau pixka bat aldatzen doan. Kalera ateratzen hasi gara, ile-apaindegira joaten, baina hau oraindik ez da konpondu. Kontu handiarekin ibili behar dugu bitxito hori hortik dagoelako bere gauzak egiten.