FUTBOLA

Lagun Artea, markak apurtzen

Maider Betelu Ganboa 2020ko mai. 22a, 13:31

Lagun Artea futbol taldeak bi urtez jarraian mailaz igotzea lortu du: aurreko urtean Preferente mailara igo zen eta aurten maila Autonomikora. Historian atzera egin, eta Miguel Angel Aretak talde lakuntzarraren ibilbidea gogoratu du

COVID 19 birusak 2019/2020 futbol denboraldia bertan behera utzi du. Nafarroako Futbol Federazioak aurten ez dela jaitsierarik egongo erabaki du. Horrela, Preferente mailan azken postuan dagoen Etxarri Aranatz taldeak Preferente mailan jarraituko du. Eta, bestetik, federazioak erabaki du Preferente mailako 1 eta 2 multzoetako sailkapeneko lehen bi postuetan zeuden taldeak zuzenean igoko direla maila Autonomikora. Lakuntzako Lagun Artea 1. multzoko 2. postuan dago, Beti Casedano liderrarengatik puntu batera, eta, hortaz, hurrengo denboraldian maila Autonomikora igoko dira bi taldeak, 2. multzoko Azkoien eta Muskaria taldeekin batera. 3. postua sailkatutako Mutilberak eta Aluvionek, ahal bada partida elkarren arteko partida jokatuko dute eta irabazlea ere Maila Autonomikora igoko da. Partida jokatzea ezinezkoa balitz, Aluvion igoko litzateke. 

Bi urtetan bi igoera lortu ditu Lagun Arteak, nabarmentzekoa. 2017/2018 denboraldian Preferente mailatik Erregional mailara jaitsi zen talde zuria, baina hurrengo denboraldian, 2018/2019an, atzera ere Preferente mailara igotzea lortu zuen. Eta despeditu berri den denboraldi honetan maila Autonomikora igo da. Horretaz gain, gazte mailako Lagun Artea taldera jubenilen 1. mailara igo da. Lorpen hauek talde lakuntzarraren historia errepasatzeko aitzakia polita dira, eta bizitza guztia klubari lotuta egon den Miguel Angel Areta Aretak gidatu digu lanbide horretan. 

Lagun Artearen lehen fasea, 1948 urtean
C. D. Lagun Artea 1966ko abuztuaren 12an sortu zen ofizialki, bere estatutuekin, araututa. “Baina hau Lagun Artea taldearen 2. fasea izan zen, aurretik Lagun Artea taldeak Nafarroako Federazioak araututako partidetan jokatu baitzuen. Ni 1941koa naiz eta ez dut gogoan, orduan txikia nintzelako, baina 1948 eta 1949 urteko Nafarroako Futbol Federazioko aktak ditugu, orduko Lagun Arteak jokatutako partiden berri ematen dutenak. Angelena etxeko Nievesek eman zizkidan aktak, guk gorde genitzan, bere senarra zenak aktak jasotzen baitzituen. Eta akta horietan Lagun Arteak Altsasu, Lutxana, Anaitasuna eta Alegria taldeen kontra jokatutako partidak jasotzen dira. Baina orduan taldea ez zegoen araututa, ez zituen estatutuak, guk behintzat ez ditugu dokumentu horiek lortu. Horregatik, eta ofizialki, 1966 urtean sortu zen Lagun Artea, nahiz eta aurretik ere taldeak jokatu” azaldu digu 1966 urtetik Lagun Artea taldeko juntan aritu den Miguel Angel Aretak. Akta horietan jasotzen denez, Antonio Soto, Felipe Flores, Carlos Garziandia, Pedro Mari Pellejero, Lorenzo Lopetegi, Vicente Larrañaga, Pedro Etxarri eta Eliseo Insausti ziren 1. faseko Lagun Arteako jokalarietako batzuk. Partidak Nafarroako Futbol Federaziokoak araututakoak ziren eta Zelai Eder zen Lagun Artearen zelaia, egun Lakuntzako parkeko futbol zelai txikia dena, orduko larrainak.

Kluba 1966 urtean sortu zen ofizialki
Futbol taldearen 2. etapa, beraz, 1966 urtean hasi zen. “Futbola izugarri gustuko genuen, zaletasun handia genuen. Lagunen artean futbolera eta pilotan aritzen ginen, orduan ez zegoen besterik. Gure artean aipatzen hasi ginen, ea zergatik ez genuen Nafarroako Futbol Federazioak antolatutako txapelketaren batean parte hartzen, eta gogoan dut egun batean Nafarroako Futbol Federaziora joan ginela, informazio eske. Arratsaldeko 17:30etako trena hartu genuen, Lakuntzan, Iruñean federatu ahal izateko egin beharrekoez galdetu genuen, eta 20:30etako trenean bueltatu ginen berriro. Federazioak eskatutako paperak bete egin genituen eta 1966ko abuztuaren 12an sortu zen C.D. Lagun Artea taldea, ofizialki. Sakanako kirol talde zaharrena edo zaharrenetakoa izango da” aipatu du Miguel Angel Aretak. Taldeko lehen presidentea Jesus Mari Zabarte Ganboa “Casto” zen; presidente ordea Jose Luis Lakuntza Artieda; idazkaria Carlos Cabestrero Polo, Aretaren esanetan “Lakuntzako Tot-Garais fundizioan lan egiten zuen Lizarrako futbol zaletu bat, “El yenca” goitizena zuena”; diruzaina Miguel Angel Areta bera; eta bokalak Tomas Equert Eseverri eta Julian Flores Flores. “Izenarekin ez genuen inolako zalantzarik izan, eta aurretik egondako taldearen izena hartu genuen, Lagun Artea. Eta Nafarroako Futbol Federazioko azken kategorian hasi ginen lehiatzen, 2. Erregional mailan. Gogoan dut hurrengo urtean, 1967an, Altsasu taldea sortu zela, ofizialki, lehen esan dudan moduan Lagun Artearen lehen etapa horretan ere Altsasun talde bat baitzegoen, baina estatutuekin 1967an sortu zuten taldea, guk baino urte bat geroago. Eta Etxarri beranduago sortu zen” gaineratu du Aretak. 

Orduko oroitzapen gozoak ditu Miguel Angelek. “Taldeko diruzaina nintzen, eta, aldi berean, futbolaria. Exkerra etxeko Pakito Garziandia zen gure entrenatzailea, eta ondoren Sebastian Floresek hartu zuen ardura. Futbolari bikaina izan zen Sebastian, baina lesio larria izan zuen eta futbola utzi behar izan zuen. Entrenatzaile izan genuen, oso entrenatzaile ona. Orduko Lagun Artea herriko futbol talde bat zen, Nafarroako beste hainbat talde bezala. Garai haietan Iruñeko taldeak nabarmentzen ziren; futbol gehiago ikusten zuten, talde gehiago zeuden… beraiek irabaztea kosta egiten zen” gogoratzen du Aretak. 

Lehen fasean bezala, partidak Zelai Ederren jokatzen zituzten. Orduko larrainak ziren, lursail partikularrak. “Zelai Eder ez zen guztiz laua, zelaiaren zati batean aldapatxo bat zeukan. Gu ohituta geunden, baina kanpotik etortzen ziren taldeek barre egiten ziguten eta esaten ziguten: ‘Hara nolako zelaia, aldapa eta guzti!’ dio Aretak.  

Itxesalde futbol zelaia
Zelai Eder ez zen jokatzeko zelai egokia. “Federazioak ez zuen begi onez ikusten, eta horretaz gain zelaia ez zen gurea, partikularrena zen, herritarrena, udan eultzia egiteko. Taldean argi genuen modu serioagoan jokatu nahi genuela, eta horregatik udaletxera joan ginen, futbol zelaia non egin genezakeen galdetzera. Udalak erantzun zigun herritik gertuenen zuen lursail egokiena Itxesaldekoa zela. Itxesaldek, egia esan, ez zituen baldintza oso onak. Lur oso txarra zuen, buztintsua, ez zuen ura iragazten, eta euria egiten zuenean sekulako putzuak egoten ziren, eta zoru guztia lokaztu egiten zen, baina hori zen genuen bakarra. Zelaia 25 urterako utzi zigun Udalak eta urte horiek pasa eta gero, udalari bueltatu zitzaion jabetza. Egun udalaren jabetza da Itxesalde, nahiz eta kudeaketa Lagun Arteak egiten duen. Nabarmentzekoa da Itxesalde auzolanean egin zela; Lakuntzako jende askok parte hartu zuen zelaia egiteko lanetan” ekartzen du gogora Aretak. 

Futbolarekiko zaletasun handia egon izan da beti Lakuntzan eta Lagun Arteak primerako harrera izan zuen. “Futbola kirol berria zen une hartan eta herritarrek sekulako gogoekin hartu zuen. Jende asko joaten zen partidak ikustera eta taldea animatzera, asteburuko plana zen askorendako eta sekulako giroa egoten zen” aipatu du Aretak. 

1974ko Nafarroako Udaberriko Kopa
Lagun Artea 2. Erregional mailan hasi zen lehiatzen, eta bizpahiru urtetara 1. Erregional Mailara igo zen. Preferente Maila eta 3. maila zeuden haren gainetik. Lagun Arteak Itxesaldeko zelaian izan zituen arerioen artean Osasuna Promesas, Erice, Haro, River Ebro, La Calzada eta beste zeuden. Lagun Artearen unerik gozoena 1974ko ekainaren 29koa izan zen. Egun hartan, Azagran, Nafarroako Udaberriko Kopa irabazi zuen Lagun Arteak, Peña Azagresari 1 eta 2 irabazi eta gero. Taldea ondoko jokalariek osatzen zuten: Jose Mari Lopetegi, Mikel Arregi “Mele”, Jose Manuel Mañeru, Felix Alegria, Javier Pazos, Javier Andueza, Joxe Ramon Lopetegi, Juan Pedro Lazkano, Miguel Lazkano, Martin Lizarraga, Santi Bakaikoa, Santiago Arregi, Juan Jose Burillo, Gregorio Burillo, Santiago Mendieta eta Jose Maria Maiza, Pedro Mari Lopetegi entrenatzaile zutela. “Zalantzarik gabe, garai hartako Lagun Arteako talderik onena izan zen hau. Sekulako taldea genuen, Lagun Artea arerio gogorra zen orduan. 2. faseko urrezko garaiak izan ziren haiek” dio Aretak. Ordukoa da Bat, bi, hiru, lau… kantuaren doinua jarraiki Lakuntzan kantatzen zen doinua: “Tenemos un portero / que se llama Juan Pello / le tiran un penalty / y no le meten gol / Bat, bi, hiru, lau…”

Taldea 1983an desagertu zen eta 1996an berpiztu
Urteak aurrera egin ahala behera egin zuen Lagun Arteak, 1983an taldea desagertu zen arte. “Zergatik? Gauza asko izan ziren. Ez dakit jendeak zaletasuna galduko ote zuen, edo jokalari nahikorik ez zegoen… kontua da guztiak bat egin zuela Lakuntzan futbola bukatzeko” aipatu digu Aretak. Baina Lakuntzan 13 urte futbolarik gabe egon ondoren, 1996/1997 denboraldian Lagun Artea taldea birsortu egin zen eta bere 3. etapari ekin zion taldeak. Gehienbat orduko gazteen gurasoak izan ziren Lagun Artea berriro martxan jartzeko ardura hartu zutenak. “Ruiz de Erentxun eta beste hasi ziren taldea birsortzeko lanetan, eta Jesus Mari Goikoetxea, Javier Andueza, Mendieta, ni eta gainontzekoak ere, betikoak, lanean hasi ginen. Asmoa herriko gazteei futbolean aritzeko aukera ematea zen, eta talde nahikoa sor zitekeela jabetu ginen. Lehen denboraldia, 1996/1997koa, Uharte Arakilgo zelaian jokatu genuen, Itxesalde konpontzen genuen bitartean. Eta berriro futbolarekiko zaletasuna piztu zen Lakuntzan; partidak ikustera jende asko joaten hasi zen, Uharteko zelaia bete egiten zen eta gora egin zuen futbolak atzera ere. Sekulako giroa egoten zen” dio Aretak. Herriko musikariek ere Lagun Artearen ereserkia egin zuten. 

13 urtez utzita egon ondoren, Itxesalde egoera penagarrian zegoen eta goitik behera konpondu behar izan zuten. ”Aldagelak apurtuta zeuden, gauza asko hautsita, zelaia egoera oso kaxkarrean zegoen, zelaira ardiak eta ganadua sartzen zelako. CAN-era jo genuen Itxesalde konpontzeko kreditua eskatzera. 30.000 euroko kreditua eman ziguten, garaiko juntako kideek abalatu behar izan genuena. Gogoan dut bakoitzak 500.000 pezeta bermatu genituela; hori, garai haietan, bazen dirua, e?” nabarmendu du Aretak, irribarrez. Halaber, zelaian area botatzea erabaki zuten eta zelaiari inklinazioa eman zitzaion euria egiten zuenean ura alboetara joan zedin. Aurrekoan bezala, auzolanean egin ziren lan asko. 

1998an, Zelai Berri
Lagun Artea taldeak 1997/1998 denboraldiari Itxesalden ekin zion. Sekulako giroa egoten zen. “Behin, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari Jose Luis Diez Diaz partida bat ikustera etorri zen Itxesaldera, futbol zaletu handia baitzen, eta aipatu zigun zelai hori ezin zela orduan egin berria zen Sakanako Autobidetik horren gertu egon. Gogoan dut, behin, entrenamendu batean jokalari irurtzundar batek sekulako jaurtiketa egin eta baloia autobiaraino iritsi zela. Arriskutsua zenez, sare handi bat jarri genuen atearen atzean, baloiak gelditzeko. Diez jauna Lakuntzako udalarekin harremanetan jarri zen eta udal ordezkariei esan zien Itxesalde utzi beharra genuela eta trukean zelai berri bat egiteko dirulaguntza emango ziotela udalari. Lakuntzako Udalak aukerak aztertu zituen, eta, horrela, egungo Zelai Berri egin zuen. Izen hori taldearen lehen zelaia izandako Zelai Ederren omenez jarri genion, izenaren aldaera bat” kontatu digu Aretak. 

Nolanahi ere, Lagun Arteak ez du Itxesalde inoiz itxi. Han jokatzen dira kategoria txikiko partidak, eta horri esker, Zelai Berriko zelaia ez da apurtzen. “Itxesalden sare altuak jarri genituen eta baloiak ez dira autobiara ateratzen. Kategoria txikiko talde asko daude, eta nahiz eta Zelai Berri bikaina izan eta drainatze sistema ona izan, partida guztiak han jokatuz gero, izorratuko litzateke. Beraz, Itxesalde ezinbestekoa dugu” ondorioztatu du urte luzez Lagun Arteako idazkari izan denak. 

Atzera ere, auzolanean
Lakuntzako Udalak Zelai Berriko zelaiko lanak egin zituen, baina taberna eta harmailak egiteko lanak juntako kideek egin zituzten, auzolanean. “Hasiera batean harmailak eta taberna egin genituen, ondoren txoko eder bat, komunak... lan handia. Lakuntzan, egia esan, lan asko eta asko egin izan dira auzolanean, baita Lagun Artean ere. Javier Andueza langile aparta da, Goikoetxeak ere eraikuntzan ideia du, Mendieta anaiak kisuskilak dira... badakizu, guztiok izan ditugu taldean ekarpena egiteko moduko ofizioak. Nik Uharte Arakilgo banketxean egiten nuen lan, eta Lagun Artean paperak kudeatzen nituen, zenbakiak… gauza horiek. Uste baino mugimendu gehiago izaten da: aktak, federazioari egin beharreko erreklamazioak edo errekurtsoak... beti badago zerbait” dio Aretak. Zelaia bikain mantentzeko ere lan andana egin beharra dago. “Belar naturaleko futbol zelai bat mantentzeak lan izugarria du” aitortzen du.

Di Stefano, Clemente eta beste Zelai Berrin
Zelai Berri 1998ean egin zen eta abuztuaren 15ean mustu zen, Espainiako Ligako 1. mailako partida batekin: Alaves - Real Valladolid. Urte bat geroago Asador Fronton Trofeoa jokatu zen Zelai Berrin, 1. mailako beste partida batekin: Osasuna - Alaves. Ohorezko sakea Real Madrid taldeko jokalari ohi Alfredo Di Stefanok egin zuen, orduko Espainiako selekzioko hautatzaile Javier Clementerekin batera. “Miguel Ansorena, Madrilgo Fronton jatetxeko nagusia, Lakuntzara etortzen zen urtero, emaztea bertakoa baitu, eta Madrilgo bere jatetxera puntako futbolariak eta entrenatzaileak joaten ziren. Di Stefano eta Clemente bere bezeroak izateaz gain lagunak zituen, eta Miguelek gonbidatuta etorri ziren Lakuntzara. Halako izarrak Lakuntza bezalako herri batera etortzea ez da nolanahiko gauza, e? Gogoan ere badut beste behin Luis Aragones Lakuntzan egon zela, Miguelekin. Miguelek Lagun Artearen alde asko egin du. Futbolari ezagun horiek guztiak bazkide egin zituen eta, horrela, dirua lortzen zuen klubarendako” azpimarratu du Lagun Arteako idazkari ohiak. 

Horretaz gain, 1. mailako beste partida batzuk jokatu izan dira Zelai Berrin. 2000ko abuztuaren 14an Alaves-Real Oviedo; 2007ko abuztuaren 2an Osasuna-Alaves; 2008ko uztailaren 30ean Osasuna Promesas-Alaves (1. mailan zegoen); eta 2011n Osasuna-Numancia (azken hau 2. mailan). Horretaz gain, 2004ko martxoaren 21ean Zelai Berrin gazte mailako selekzioen partida jokatu zen, Nafarroa eta Valentziako selekzioen artekoa, eta Nafarroak 1 eta 0 irabazi zuen. Egun Athleticeko jokalaria den Raul Garciak jokatu zuen bertan. “Lagun Arteako juntako kide Ruiz de Erentxun Patxi Izko Osasunako presidente zenaren laguna zen eta Zelai Berri eskaintzen zien Osasunak aurre denboraldietako partidetako bat bertan jokatzeko. Beraiei ere ongi etortzen zitzaien, Alavesekin eta halakoekin jokatzeko erdibidean baitago Lakuntza, eta partida politak jokatu ziren” dio Aretak. Horregatik guztiagatik eta futbolean urte luzez daramatzalako, futbolaren munduan ezaguna da Lagun Artea. “50 urte baino gehiago sortu ginen... bada zerbait” dio Aretak.

Bost urte 3. mailan
Lagun Arteak 2004an 3. mailara igotzea lortu zuen. “Hori sekulakoa izan zen. Lakuntza bezalako herri txiki bateko futbol taldea 5 denboralditan 3 mailan egotea handia da. 2004/2005, 2005/2006, 2010/2011/, 2012/2013 eta 2013/2014 denboraldietan egon zen Lagun Artea 3. mailan. Mailari eusteko taldea indartu behar izan genuen. Hori izan zen 3. mailan egotearen alde txarra, kategoriari eutsi ahal izateko jendea kanpotik ekarri behar izatea. Jakina, kanpotarrei dietak, bidaiak eta zeozer ordaindu behar zitzaien. 3. mailan egoteak aurrekontu handia eskatzen du. Arbitrajeak garestiagoak dira, zigorrak ere garestiagoak... baina trukean dirulaguntza gehiago jasotzen dituzu. Izan ere, 3. maila Espainiako Futbol Federazioaren ardura da, eta hortik beherakoak Nafarroako Federazioak kudeatzen ditu. Inor ez da kategoria txikiekin gogoratzen, oso laguntza gutxi dauzka” azaldu du Aretak. 

Datorren denboraldian Maila Autonomikora
2014an 3. maila galdu zuenetik, gehienbat Preferente mailan aritu izan da Lagun Artea, futbolari sakandarrekin. “Duela bi urte, 2017/2018an, mailaz jaitsi ginen, baina hurrengo urtean, 2018/2019an berriz Preferentera igo ginen eta aurten, Maila Autonomikora. Bi igoera jarraian, hori oso zaila da. Kategoria Autonomikoa duela lau urte sortu zuen Nafarroako Futbol Federazioak, 3. mailaren eta Preferente mailaren artean. Egia esan, ez dakit federazioak zergatik sortu zuen kategoria berri hau; printzipioz pentsatzekoa da jokoaren aldetik Preferente mailakoa baino maila altuagoa izango duela, ikusiko dugu” gaineratu du Aretak. 

Badirudi kategoria berriari eusteko bidean Lagun Arteak ez duela taldea gehiegi indartuko. “Gaudenok jokatuko dugu. Sufritzea tokatzen zaigula? Ezin dugula maila mantendu? Gutxienik urte bat jokatuko dugu maila Autonomikoan. Izan behar duena izan dadila. Dena den, mantentzea errazagoa da, igotzea zailagoa da. Hor dabil Altsasu, Erregionaletik ezin igo; oso zaila da” berresten du Aretak. 

Lagun Artea gaur egun
Lagun Arteak 2019/2020 denboraldian 111 jokalari izan ditu guztira, horietatik 110 sakandar, Kimuen taldea, haurren mailakoa, kadeteen mailakoa, jubenilen mailakoa, maila Autonomikora igo den Preferente taldea, eta aurten sortu berri den emakumezkoen taldea ditu Lakuntzako klubak. 140 bazkide inguru ditu taldeak, hortik 6.000 euro pasatxo sartzen dira eta partidetako sarrerekin eta zozketekin ez da asko lortzen. “Babesle guztien laguntza eskertzekoa da. Sakana Kooperatiba ezinbestekoa da Lagun Artearendako” eskertzen du Aretak. Talde nagusiak lortutakoaz gain, Lagun Arteako gazte mailako taldeak berri onak ekarri ditu. 2018/2019 denboraldian Nafarroako Udaberriko Kopa lortu zuen, eta  aurten gazteen 1. mailara igotzea lortu dute jubenilek, Altsasu jubenilen taldearekin batera. Horrenbeste lorpen daude ospatzeko, baina alarma egora dela eta, ezin. “Hau da marka! Banago ni hau luzerako doala...” dio Aretak. 

Urte luzez juntan egon ondoren, Miguel Angel Areta ez da egun juntako idazkaria. “Diruzain hasi nintzen, baina berehala idazkari jarri ninduten. Egun zuzendaritzako whatsappean jarraitzen dugu lehengo juntakoek, laguntza eman behar badugu beti prest, baina zuzendaritzan erreleboa egon zen eta oso kontentu gaude alde horretatik. Urte asko generamatzan, eta beti ona da taldeetan jende gaztea sartzea, gogotsu eta indarberrituta” dio Aretak. Ildo honetan, urte hauetan galdutako kideak ditu gogoan Aretak. “Guztiak ez dira pozak izan gurean” adierazi du, Santiago Mendieta, Jose Miguel Olano eta Jesus Arraiza juntako kide izandakoak eta Jose Luis Aramendia futbolari izandakoa gogoan. 

Preferente mailako Lagun Artea 2019/2020
Atezainak: Angel Herrera, Garikoitz Maiza eta Josu Arroki.

Atzelariak: Igantzi Jauregi, Ion Ollo, Kepa Olias, Xabi Bakaikoa, Etor Alegria, Xabi Maiza eta Mikel Cordero.

Erdilariak: Mikel Agirre, Iñaki Mendieta, Mimoune Jaamout, Iñaki Berastegi, Iker Zabalo, Jesus Mari Ripa, Nabil Esobai, Iokin Lobo, Anton Vela eta Gaizka Sagarzazu.

Aurrelariak: Unai Bakaikoa, Unai Zubiria, Maurice Gomis, Ander Unanua eta Yonatan Davila.

Entrenatzailea: Jesus Alberto Martin Davila.

Bigarren entrenatzailea: David Herrera Cuello.

Egungo junta

Jabier Hernandez Santana da presidentea, Jesus Zubiria presidenteordea, Josu Arraiza diruzaina eta Oskar Maiza idazkaria. Bokalak ondokoak dira: Jabier Gasco, Jabier Andueza, Juan Ignacio Mendieta, Diego Cruz, Asier Arregi, Juan Ignazio Maiza, Juantxo Arraiza eta Jose Agirre. Taldea sortu zenetik juntan egondako beteranoen laguntza dute.