Mezu bat horman margotuta

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko uzt. 20a, 12:57
Iker Uribe Lekunberrin egin duen Berri Txarrak taldearen muralaren aurrean. UTZITAKOA

Berri Txarrak taldearen omenezko murala margotu dute Lekunberrin, eta sinadura sakandarra du: Iker Uribe

Lekunberriko trinketeak 100 urte bete zituen 2019. urtean, eta urteurrenerako trinketea eta frontoiko fatxada margotzeko proposamena jaso zuen Iker Uribe artista lakuntzarrak. Proiektuan lanean ari zela, lekunberriar talde batek, udalaren laguntzarekin, omenaldia egin nahi izan zion Berri Txarrak taldeari, frontoiko beste aldeko horma batean mural bat margotuz. "Herritar taldeak eta udalak proposatu zidaten beste toki horretan Berri Txarrak-en horma irudia margotzea". Lan batek bestera eraman zuen.

Lan guztietan Uribek "pasioa" jartzen du. "Lan ona egitea gustatzen zait, eta ez naiz edozer gauzarekin konformatzen". Berri Txarrak taldearen omenezko murala egiten "erantzukizuna" sentitu duela aitortu du: "Ardura eta ohorea ere bada. Horrelako lan bat esku artean izatea aprobetxatu behar da, eta ongi egin".

Uribek hainbat irudi proposamen egin zituen eta udalekoei aurkeztu zizkien. "Esan dezakegu bidean taldekoek horren berri izan zutela". Sorpresa izan behar zen, baina mural bat kalean egiteak ez du sorpresarako aukera handirik ematen: "Nik esan nien sorpresarena ezinezkoa zela kalean margotzen ari bainintzen". Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko kideak, Lekunberrin bizi denez, muralaren berri izan zuen, eta Uriberekin irudia landu zuen. "Gaia jarritako proiektua izan da, egitera ohituta nagoenaren aldean oso desberdina, frontoiaren beste aldean, beste fatxadan egin dudanaren aldean oso desberdina".

Sentimendua
Uriberen "burutazioak" baino gehiago Lekunberriko taldeak zaleendako suposatzen duena irudikatu nahi zuen artistak, taldeak transmititzen duena. Lortu duela esan daiteke: " Pozik nago emaitzarekin. Zaleek eta herritarrek komentatzen dute oso Berri Txarrak dela. Nik uste asmatu dugula". Zerbait "xumea" egin nahi zuten. Hortaz, rockaren alde iluna azaleratu dute, eta bi irudi margotu ditu Ikerrek "oso ikonikoa" den Urbizuk jotzen duen gitarra eta eskua. Murala ukabil batek, baketek eta taldearen tipografiarekin idatzitako Berri Txarrak letrek osatzen dute. Dagoeneko zaleak hurbildu dira argazkiak egitera. "Flipatzen nago".

Uriberi "asko gustatzen" zaio itxuraz itsusi edo oso zainduak ez dauden hormei kolorearen eta figuren bidez "bizitza" ematea. "Espazio horiei buelta bat ematea". Kalea eta jendea aldatzen direla dio: "Nik sentitzen dut beste poztasun bat dutela. Gure bizitzan espazioa inportantea da". Lekunberriko trinketaren eta frontoiaren murala egitea lan handia izan da Uriberendako, izan ere, espazioak ia 200 metro koadro zituen. Berri Txarrak-en muralarekin alderatuta, frontoikoa oso koloreduna da, eta lekuaren historia kontatu du marrazkien bidez: "Herri kirolak, pilotariak, korrikalariak… margotu ditut".

Erlazionatuak