1. Zer dira ganbelak? Zertarako egiten ziren?
Ganbelak edo askak iturriko ura jasotzen duten egiturak dira, gehienetan kutxa itxurakoak, abereek, animaliek eta pertsonek ura edateko aukera izan dezaten. Lakuntzan, herrian eta mendian daude. Abereak mendian egoten dira bazkatzen, eta pentsatzekoa da mendiko ganbelak eraiki zituztela abereek edateko ura izan zezaten. Bestalde, ganbelak pertsonek ura edateko egokituak daude, herritarrak azienda zaintzen egoten baitziren mendian, eta baita ere egurretan eta beste baso lanetan.
2. Non daude Lakuntzako ganbelak?
Ganbela dezente daude, horietako batzuk herrian eta beste batzuk basoan eta mendian, baina gu Aralarko Lakuntzako dermioan dauden antzinako ganbeletan oinarritu gara. Guztira sei dira: Etxaaltxeta, Sardano, Artazil, Harganbela, Arzubieta eta Saldisazpiko ganbela.
3. Ba al dakizue noiz eraikiak diren eta zeinek egin zituen?
Dokumentazioa biltzeko lana oraindik ez dugu egin, baina gaiaren inguruan dokumentazio gutxi dagoelakoan gaude. Lakuntzako Udaleko artxiboan herriko ganbelei buruzko informazioa badago, baina mendikoen inguruko informazioa, ezer gutxi. Felix Arregi artzainak aipatu digu bera umea zela eginak zeudela dagoeneko, betidanik ezagutu dituela. Berak 88 urte inguru izango ditu, beraz atera kontuak...
4. Zergatik jarri duzue martxan Lakuntzako ganbelak eraberritzeko proiektua?
Ganbelak Lakuntzako historiaren parte direlako. Garai batean zuten funtzioa galtzen joan dira eta funtzioa ez betetzean, aspaldian ez dira konpondu eta hausten eta lehortzen joan dira. Pena da altxor hori galtzea. Gainera, median urik gabe geratuz gero estualdi batetik atera gaitzakete.
5. Zein itxura dute Lakuntzako ganbelek?
Ia guztiek elementu amankomun batzuk dituzte. Esaterako, animaliek ura edateko aska edo ganbela eta pertsonek edateko ontzia komunikatuak dituzte, eta bideetatik gertu daude. Baina, gero, bakoitzak badu bere berezitasuna. Batzuk zuzenean lurpeko urarekin betetzen dira, beste batzuk lurraren gainetik doan errekako ura biltzen dute eta beste batean haitza zulatu zuten ganbelara ura bideratzeko. Etxaaltxetakoak badu berezitasun bat pertsonek ura edan ahal izateko: burua zulo baten barrura sartu behar da, modu honetan edateko ura garbi mantentzen da
6. Nondik sortu zen ganbelak eraberritzearen ideia?
Ainara Lopetegik, lagun batek, gaiaren inguruan jakin mina zuen eta nire senarrari, Iñaki Arkauzi, non zeuden erakusteko eskatu zion. Azkenaldian kuadrillan mendira joateko ohitura hartu dugu eta hainbat ganbela lotzen zituen ibilbide bat egin genuen. Lehen aipatu bezala, zerbait egin beharra zegoela iruditu zitzaigun, gehienak egoera kaxkarrean baitzeuden. COVID-19-aren ondorioz Zabalarte mendi taldeko irteerak bertan behera geratu direnez, mendi taldearen bitartez gaia dinamiza zitekeela iruditu zitzaigun. Horrela ba, Zabalarte mendi elkarteak batzar bat antolatu zuen herritarrei proiektuaren berri emateko eta parte hartu nahi zuen oro gonbidatzeko.
7. Zeintzuk ari zarete Lakuntzako ganbelak eraberritzeko proiektuan parte hartzen?
Herritarrak, dozena bat pertsona inguru joan gara orain arte. Taldea aldakorra da, ez gara beti berdinak joaten. Bakoitza ahal duenean edo gogoa duenean joaten da. Deialdia Whatsapp edo Facebook bidez zabaltzen da eta gero nahi duena agertzen da.
8. Dagoeneko baten bat eraberritu duzue?
Bai, dagoeneko 3 eraberritu dira: Etxaaltxeta, Sardano eta Artazil. Eten txiki bat egin dugu eta ea laster gainontzekoetan egiten ditugun konponketa lanak. Lakuntzako Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu haren laguntzagatik, falta zaigun erreminta eta materiala Udalak jartzen baitu.
9. Zein motako eraberritze lanak egin dituzue?
Ganbela bakoitzak bere beharrak ditu. Eraberritze lan ezberdinak egin ditugu: ganbelara iristeko bidea eta ganbela inguruak garbitu, ganbela bera hustu eta garbitu, lurpeko urak ganbelara bideratu, pitzadurak zementuz itxi…
10. Behin ganbelak eraberritu eta konponduta, zein da asmoa?
Pausuz pausu goaz. Lehen pausua ganbelak eraberritzea da. Ondoren, ganbeletara doan ibilbidea markatuko dugun edo ez erabakiko dugu. Gai honetan iritzi kontrajarriak daude. Badira, mendian inpakturik ez sortzeko, ez dela markatu behar pentsatzen dutenak eta badira inpaktu ahalik eta txikiena sortuz markatzearen aldekoak, horrela ezagutu nahi duen orok modu autonomo batean ganbelak ezagutu ahal izateko. Eraberritze lanak bukatzen ditugunean helduko diogu eztabaidatu eta erabakitzeari. Bada beste pausu bat buruan daukaguna, orain arte egin dena dokumentatzea, hain zuzen.
11. Lakuntzako adineko jendeak zer dio?
Ilusioz hartu dute gaia, beraiek hainbeste erabili dituzten ganbelez norbait arduratzeak pozten ditu. Ekimena primeran iruditzen zaie, eta batzuk pena ere adierazi dute haiek eraberritzera joan ezin dutelako.