Mugikortasuna, hilabete honetako gaia

Guaixe 2020ko urr. 12a, 10:34
Lakuntza erdigunean oinezkoek lehentasuna dute.

Lakuntzako Udalak herritarren parte-hartzearekin mugikortasun plana egin nahi du. Parte-hartze dinamikak sustatzeko Nafarroako Gobernuaren 1.149,5 euro jasoko ditu. 

Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak esan duenez, herrian distantzia handirik ez izanda ere, “azken urtetan antzeman dugu jendeak gero eta gehiago erabiltzen duela autoa batetik bestera herrian barna mugitzeko eta oinezkoekin gatazka txiki batzuk sortzen dira”. Esaterako, jabetu dira gutxi batzuk autoak espaloi gainean uzten dituztela. Gogora ekarri du udalak plaza oinezkoendako eremu bihurtzeko erabakia hartu zuela. Ordutik, ibilgailuek Mikel Arregi kalea eta plaza gurutzatzen diren espazioan 20 kilometro orduko abiaduran pasa behar dute. Razkinek adierazi duenez, “plazak gero eta bizi handiagoa du: terrazak, umeak… Jendeak gero eta denbora gehiago pasatzen du plazan”. 

Alkateak azaldu duenez, “dinamika horri segituz, oinezkoei lehentasuna emateko irizpidearekin berritu dira Larrañeta, Kañada eta Mendigain kaleak: espaloi zabalak, aldapa gutxirekin, arkitektura oztoporik gabekoak, erraz eta seguru mugitzeko”. Gainera, oinezkoen lehentasunezko espazioa Larrañeta eta Kañada kaleen izkinaraino luzatu du udalak. 

Razkinek Lakuntzan oinezkoendako dauden beste bi arazo ere aipatu ditu: estuak diren kaleak, espaloi oso estuak edo espaloirik ez duten kaleak. “Ateratzen diren ondorioekin herri guztia egokitzeko epe ertain edo luzeko plan bat egin beharko da”. Alkateak azaldu duenez, “klima aldaketa kontuan izanda eta Europako hainbat hiritan bezala, herrietan ere gai honekin ‘pilak jarri’ behar ditugu eta oinez, bizikletan edo garraio jasangarriagotan mugitzen hasi behar dugu”.  

Parte hartze prozesua 
Alkateak gogorarazi duenez, hauteskundeen aurretik egindako parte-hartze prozesuan jende mordoxka izan zela eta mugikortasunarena izan zen atera zen gaietako bat. “Gaia herritarrek jarri dute mahai gainean. Prozesu guztia herritarrekin egitea zen gure asmoa. Ez bakarrik orain egin behar duguna. Baina COVID-19aren ondorioz aurten ezin izan dugu halako dinamikarik egin”. 

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdiaren berri izanda erabaki zuten deialdira aurkeztea, “jakiteko lakuntzarrek zer nolako herrian bizi nahi duten eta zer nolako arazoak ikusten dituzten egunerokoan. Ondorioekin mugikortasuna arautzeko plana eginen dugu”. Udalak Garrapo SM enpresa kontratatu du lan horiek egiteko. Amaia Esparzak eta Edurne Gerendainek dagoeneko kalean opatutako hainbat lakuntzar elkarrizketatu dituzte. “Jendearen kexak edo arazoak entzun eta bideoz grabatu dituzte”. Gainera, joan den astean herriko etxeetan galdetegi bat banatu zuen udalak, hura erantzun eta hilaren 19ra arteko epea dago udaletxeko buzoian uzteko. Horrekin batera, lakuntzarrek beraien kexak edo argazkiak Garraporen Whatsapparen bidez bidaltzeko aukera dute ere. Lakuntzako eskolako ikasleei beste mota bateko galdetegi bat eginen diete, haien ikuspuntua ere kontuan hartu nahi baitute. 

Jasotako ekarpen guztiak dokumentu batean batuko dituzte. “Ondorio horiek herriari aurkeztu nahi dizkiogu hilabete akaberan (23a eta 29a bitartean). Baina COVID-aren kontuagatik nola egin aztertzen ari gara, gero etorkizunean gauzatzeko. Gauza batzuk konpontzen errazak izanen dira. Baina kale oso bat berritu behar denean zailagoa da. Kontzientzia hartze kanpaina ere egin beharko dugu, esaterako, ongi edo gaizki aparkatzea zuzentzen oso erraza delako. Planifikazioa egin beharko da”. Hilabetea despeditu aurretik Nafarroako Gobernuan aurkeztu beharko dute egindako lana.