Lakuntzako Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantza berriki onartu da. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza Lakuntzako alkateak Arakilgo esperientzia oinarri hartu dutela esan du.
Zer da martxan jarri nahi duzuen baratze sozialen programa?
Asmoa azaltzeko atzera egin behar dugu. Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak esan zigun Espainiako geoplasma bankuan 70. hamarkadan Lakuntzan jasotako hainbat hazi zeudela. Horrek guregan interesa sortu zuen, eta pentsatu genuen hazi horiei berriz bizia eman behar geniela; barazki horiek berreskuratu behar genituela. Eta, nolabait ere, lakuntzarrak, gazteak-eta trebatzea ere. Aldi berean, COVID-19aren krisia etorri zen. Bazirudien jendeak, atzera ere, lurrarekin konektatzen hasi nahi zuela. Bestalde, ikusten genuen bazeudela gaztetxo batzuk udaletxera etortzen zirenak aspaldi baratze libreak edo alokatzeko baratzak ote zeuden galdezka. Hori guztia izan zen ideiaren “ernamuina”.
Onartutako ordenantzak zein helburu ditu?
Ordenantzak, gehien bat, lurraren erabilera arautzen du. Bakar-bakarrik baratzerako erabili daiteke, ez aisialdi eremu gisa. Prestakuntza ere. Esperientzia duten hainbat lakuntzar kontuan izanen ditugu ikastaroak antolatzeko: negutegiak edo baratzak nola kudeatu erakusteko. Beste irizpide bat izanen da geoplasma banku horretan dauden Lakuntzako zazpi hazi horiek erabili behar direla. Horietaz aparte bestelako landareak jartzeko aukera izanen da. Horrela bertako haziak berreskuratu eta erabilera emanen zaie. Hirugarren irizpidea da baratza eredu ekologikoari segituz lantzea da.
Ezagutzaren trukea sustatu nahi duzue, beraz.
Hori izan da prozesu honetan interesgarriena, jakituria transmititzea, ez galtzea gure aitona-amonekin edo gurasoekin. Gazteei transmititzea eta herritarrak lurrarekin, nolabait, konektatzea.
Baratzak modu ekologikoan lantzeak ere eskatzen du.
Ekologikoaren arloan irizpide desberdinak daude, mutur batera edo bestera eraman dezakezu. Baina gutxieneko batzuk markatu dira: gai kimikorik ez erabiltzea, bertan sortutako ongarria erabiltzea eta abar.
Zeinek har dezake halako baratza bat?
Aurretik baratza duenak ez du halako beharrik eta ezin izanen du udal baratza bat eskuratu. Baratza eskuratzeko aukera izanen dute lur eremu bat ez daukanak, erosi edo alokatu ezin duelako, edo ekonomia zailtasunak dituenak eta berarendako erabili nahi duenak.
Non egonen dira baratzak?
Lakuntzako Udalak 1.818,24 metro karratuko zeukan terreno bat Larrañondo parajean, hilerritik behera. Lur hori bere garaian Nafarroako Gobernurena zen eta Sakanako Autobiako (A-10) lanak zirela eta han ur asko pilatuta zegoen. Lur hori zabortegi zaharra ixteko, tapatzeko baliatu dugu. Eta gelditu den lursail hori, gutxi gorabehera 50 m2-ko partzelatan banatu dugu (20 baratze). Ez dira oso baratza handiak. Ez dira aisialdirako baratzak. Nahikoa da lur horrekin familia batendako. Epe ertainera erabiltzaile guztien aitzurrak eta tresnak gordetzeko etxola bat egiteko asmoa dugu. Ura izateko putzua ere izanen du lursailak. Hura egiteko baimena tramitatzen hasi gara. Horrela, motordun punpak erabiltze saihestu nahi da.
Eskolarendako edo herriko kolektiboendako baratzik izanen da?
Horretan ere pentsatu dugu. Eskolak badu bere baratza. Propioa ikastetxeko eremuan. Aurten , COVIDaren kontuagatik, ez dute landu. Aurten bizitza guztia aldatu da. Baina bestelako kolektiboetan pentsatu dugu. Izan daiteke Biltoki elkartea, Zabalarte edo… Elkarteendako hiru partzela gorde ditugu, kolektiboki landu nahi badira, horretarako egonen dira.
Noiz hasiko dira Larrañondon aitzurkadak?
Espero dugu udaberrian izatea. Asmoa aurten egitea zen, baina pandemiarekin planak atzeratu zaizkigu.
Gaur egun baratza duten lakuntzarrek geoplasmako haziak eskuratzeko aukera izanen dute?
Bai. Oraindik ez dakigu nola eginen dugun hazi horiek martxan jartzeko, baina hasi gara ikastaroak antolatzen (irailaren 25ean aurrenekoa izan zen). Hazi horiek segurtasunez aurrera ateratzen ditugunean, edozein herritarrek bere esku izanen ditu, erabiltzeko.