Igerilekua araudira egokitzeko lanak hasiak

Guaixe 2020ko aza. 5a, 10:09
Jendea bainua hartzen Lakuntzan. Artxiboa.

Hoditeriak eta punpak berrituko dira, besteak beste . Lanen ondorioz, igerilekua “pixka bat handiagoa” izanen da. 

Lakuntzako igerilekuak oraintxe igerilariak ez, kisusgileak hartu ditu. Hilabete hasieratik ari dira han lanean Lakuntzako Udalak agindutako lanak egiten. Izan ere, Lakuntzako igerilekuak ez zuen Nafarroako Gobernuaren araudia betetzen. Diru kontuengatik igerilekuak egokitzeko epea luzatu egin zuten, baina luzapen hori aurten bukatzen zen. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak jakinarazi duenez, “lanak orain egitea erabakita genuen”. COVIDarengatik epe hori 2021eko akaberara arte luzatu dute. Guk erabaki genuenez igerilekuak aurten ez zabaltzea eta diru-saila onartuta genuenez, erabaki genuen lanak egitea”. 

Construcciones Florencio Suescun S.L. enpresak hartu ditu lanak. Eta haiek bi hilabetetan egitearen truke 185.137,90 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Igerilekuko hoditeria guztia aldatu eta diametro handiagoko hodiengatik ordezkatuko dute. Horrekin batera, ura arazteko makinak ere berrituko dituzte. “Igerilekuko ur guztiak denbora tarte jakin batean araztegitik pasa beharra dauka, eta hori zen betetzen ez genuen puntua. Hodien diametroagatik, punpen tamainagatik eta abarrengatik zen. Hori dena berritzen ari dira”. Gainera, oso zaharkituta zegoen”. Alkateak jakinarazi duenez, lanak igerilekua “pixka bat handitzeko” baliatuko dituzte, “metro gehiegi ez badira ere, handiagoa izanen da”. 

Bestalde, alkateak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko, COVID-19ak eragindako gastuak arintzeko eta erabilera askeko dirulaguntzetako dirua aurten haurtzaindegian eta musika eskolan sortutako zuloak estaltzeko bideratuko ditu udalak, baita igerilekuko lanen aurrekontua berdintzeko ere. Azkenik, alkateak jakinarazi du eskolako garbiketan aritzeko pertsona bat gehiago kontratatu duela udalak.