Orri-pasa izan genuen bulegoan Txuri Ollo Gorriti. Guaixe hilabetekariak, Oixe astekariak eta Guaixe astekariak. Guztien aleak pasa ziren bere eskutik. Datu basea eta argazki artxiboa ere kontsultatu zituen. Mikel Arregi Marinekin lotutako albiste eta irudien bila aritu zen. Baina ez gurean bakarrik. Etxean izanik, Ollo elkarrizketatzeko aukerarik ez genuen galdu.
Polizia indarkeriaren biktimen inguruko lanak aztertzen ari zara. Nolatan?
Nafarroako Gobernuak aurreko legegintzaldian beste biktimei buruzko ikerketak egiteko pausoak ematen hasi zen. Lera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zegoen antropologoen-ikerlarien taldetxo bat zen, eta ikergune horrek Nafarroako Gobernuari proiektu bat aurkeztu zion. Proiektua onartu zuen eta Nafarroako Gobernuak aukeratu zuen zein kasu ikertu. Hasteko ETArekin-edo zerikusirik ez duten biktimak dira. Errazago izanen delako onartzea orokorrean halako biktima batzuen azalpena. Nafarroako Gobernuak lau kasu aukeratu zituen: Jose Luis Cano, German Rodriguez, Gladis del Estal eta Mikel Zabaltza. Joan den urtean horiek egin genituen.
Orain lanak segida du?
Hori ere ez dago guztiz bukatuta. Asmoa zen lau horiekin liburu bat ateratzea, baina gobernu aldaketa egon denez, pixka bat “stand-by-an” gelditu da. Aurten lanari jarraipena eman diogu beste hiru kasurekin. Baina gure ikerlari taldeko zuzendaria edo buru zegoena jubilatu zen eta unibertsitatetik bota gintuzten. Orain Lera Mugarik Gabeko Antropologoak elkarte gisa ari gara ikerketaren jarraipena egiten. Asmoa da lau kasu haiek gehi hiru hauek bildu eta Nafarroako Gobernuak noizbait argitaratuko dituela.
Zeintzuk dira hiru kasu berri horiek?
Mikel Arregi lakuntzarra, Jose Migel Etxeberria, “Naparra”, eta Anjel Berrueta. Arregirekin hasi ginen, bukatuta dugu ikerketa. Eta gero beste biak.
Zergatik Mikel Arregi Marin zerrenda horretan?
Lehen esan bezala, ETArekin loturik ez zeuden biktimak errazagoak zirelako eta Nafarroako Gobernuak aukeratu ditu. Sakanan ongi aski dakizue lakuntzarra kontrol batean hil zutela. Herri Batasunako zinegotzia zen. Baina ez zuten HBko zinegotzia zelako hil, kontrol batean, edonor izan zitekeen. Hainbeste kontrol jartzen ziren garai haietan, hainbeste bortizkeria zegoen garai haietan, guardia civilek tirokatu zuten eta hil egin zen.
Polizia indarkeriaren biktimen inguruko lana. Halako ikerketa bat nola egiten da?
Gure lan honek hiru arlotan sakontzen du: familia-, gizarte- eta erakunde-memoria, antropologiatik begiratuta. Beraz, lan oso zabala da. Gehien bat familia-memoria azpimarratzen dugu, behar bada hori delako gutxien landu dena. Gizarte-memoria hedabideetan dugu. Hori ere jasotzen dugu. Eta horretara etorri nintzen Guaixe-ren bulegora. Arlo horren barruan azken 40 urteetako egunkariak begiratzen ditugu. Alderatu pixka bat informazioaren tratamendua, zein desberdintasun dauden batzuetatik bestera. Esaterako, Diario de Navarra ikusi edo Egin/Gara ikusi, oso desberdina da tratamendua. Egunkari asko-asko begiratu. Eta horien artean Guaixe ere. Baina, horretaz aparte, harrapatzen dugun dokumentazio guztia hartzen dugu: dokumentalak, liburuak, bideoak, antzerkiak, abestiak, bertsoak… ahal den guztia. Antropologia ikerketa denez, memoriaren kultur tresnak ere begiratzen ditugu. Memoria hori mantentzeko, indartzeko, erabiltzen diren tresna horiek guztiak, esaterako: memoriarekin lotuta dauden tokiak (monolitoak jartzen diren tokiak, oroigarriak, plakak, kaleen izenak, plazak…), kartelak, pegatinak, manifestazioak, esaten diren gauzak, omenaldiak, zer egiten den omenaldietan… Hori guztia pixka bat aztertzen dugu. Hori gizarte-memorian agertzen da, baina familia-memoriaren aldetik hori nola bizi den ikusi nahi dugu. Askotan gizarte- eta familia-memoriaren artean nolabaiteko talka dago. Bata bestea gabe zaila da. Nahiz eta biak beharrezkoak izan, bata eta bestearen artean batzuetan desberdintasunak egoten dira. Familia arloan asko sakontzen dugu. Familiarekin elkarrizketak egin, baita hurbileneko lagunekin ere. Hor ikusi memoria ofiziala eta herrikoiaren artean dauden desberdintasunak.
Erakundeen memoria ere aipatu duzu.
Hirugarren zatia da erakunde-memoria, guretako zailena dena. Gaur egun, oraindik, erakundeek ez dutelako ematen informazioa. Edo ez dute uzten gure esku. Epaitegi- edo polizia-memoria ez dute askatzen. Orduan hedabideetan dagoena pixka bat ikusi. Nafarroako Gobernuaren lan bat denez, berak jotzen du erakunde horietara. Hala ere, foru administrazioarendako ere itxiak daude nahiko. Baina bertsio ofizialak egunkarietan daude. Batzuetan ematen dizkigute epaiak edo halakoak ere. Edo medikuntzakoak, osasun arloan egon diren agiriak hil direnean, edo autopsiak egiten direnean.
Lehen aipatu duzu bertsio ofiziala: kontrol bat saltatu zuten eta Arregi metrailatuta hil egin zen. Gizartearen bertsioa da han ez zegoela kontrolik. Talka hori hasieratik sumatuko zenuten, ezta?
Bai, berehala. Hala ere, Mikel Arregi Marinen kasuan bertsio ofizialari, nolabait, buelta eman zitzaion. Nahiz eta beraiek, Guardia Civilak, bertsio hori mantendu epaiketa bat egon zen. Eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten ustez tiroa bota zuenari. Bazeuden guardia civil gehiago. Besteak ere botako zituzten, baina bat pagaburutzat hartu zuten eta hari jarri zioten zigorra. Bai abokatuak bai familiak ere epaia positiboki bizi izan zuten momentu hartan, bertsio ofizialari buelta eman zitzaiolako. Epaiketan onartu zuten ez zegoela kontrolik, beraien tiroekin hil zela. Baina beste kasu gehienetan ez dago halakorik. Gladis del Estalenean, esate baterako, epaiketa egon zen, eta onartu zen. Baina gero agenteari domina eman zioten. Memoria horretan, azkenean, bertsio ofizial horren irudia gelditu zen. Arregirenean ez hainbeste. Baina ikusten ari garen gainontzeko kasuetan bertsio ofiziala hor dago, eta hori gelditzen da. Lan hauek indartu behar dute herri-memoria hori.
Mikel Arregi Marinen kasuan zer epe duzue?
Ikerketari azken puntua ematea oso zaila da. Beti aurkitzen dituzu gauza gehiago eta gehiago. Edo handik eta hemendik etortzen zaizkizu jendearengandik gauzak, materialak… [Udaberrian ixtekoak ziren baina COVID-19aren agerraldiak hedabideen errepasoa, esaterako, irailean ixtea ekarri zuen].
Bakarren batek zerbait badu?
Edozer gauza ongi etorria izaten da: argazki, karta, idatzi, abesti… Edo duten informazioa. Batzuetan gordetzen da, gure jendartean gauza asko isildu dira, bai familiak baita inguruak ere. Isiltasuna da kasu hauetan ikusten dugun beste adierazgarri bat. Jendeak nola isildu dituen jasotako torturak, edo jasotako hainbeste bortizkeria. Orain kanpora atera ahal badugu, ongi etorriak denak. Hitz egin eta gero jendea ongi gelditzen dela ikusten dugu. Kostatzen zaio hitz egitea, baina lan hauek balio dute, nolabait, terapiatxo bat hitz egiteko. Kanporatzerakoan, hitz egiterakoan, omenaldietan-eta, gauzak zabaltzerakoan, nolabait, sendatzen dira. Ez guztiz, justiziarik ez dagoelako oraindik. Hori da aldarrikatzen dena oraindik: egia, justizia eta erreparazioa. Horretan gaude.
Lan horiek horretarako egiten dira?
Bai. Eta orain artekoekin egindako balorazioa, orokorrean, oso ona izan da. Kasuren batean familiak ez du oraindik hitz egin, esaterako, Gladis del Estalen kasuan. Baina beste guztien balorazioa nahiko baikorra izan da.
Lana bukatuta Nafarroako Gobernuari emanen diozue eta publikatzeko zain geldituko da.
Hori espero dugu, aurtengo hiru kasu hauek bukatzerakoan, zazpi kasuekin publikatuko dela. Gobernuak beste kasu batzuekin jarraitzeko asmoa du, esaterako, Josu Zabala Salegi, “Basajaun”, etxarriarra. Nik ez dakit gehiegi oraingoz. Ikerketa egiterakoan pila bat ikasten dut nik ere, gauza asko ateratzen direlako. Egonen dira beste kasu batzuk ere eta ez dakit itxarongo duten denak bildu arte. Nik uste hobe dela lehenbailehen argitaratzea. Guri asko balio izan digu lan honek, eta espero dugu besteei ere baliagarria eginen zaiela.
GERTATUTAKOA
1979ko azaroaren 11ko gauean Arregi eta beste lau lagun Ziorditik Lakuntzara joaten ziren autoz. Etxarri Aranazko koartelera iristean tiroka hasi zitzaizkien guardia civilak eta Arregi larriki zauritu zuten. Ospitalera bidean hil egin zen. Guardia Civilak kontrolean ez gelditu eta aurrera egitea egotzi zien. Ikerketa bat ireki zen, Lakuntzako Udalak bultzatutako ikerketa batzordearen eta herritarren erantzun indartsuaren ondorioz, eta hainbat lekukok argitu zuten kontrolik ez zegoela une horretan.
1981n epaiketa izan zen eta epaiak argi jaso zuen ez zegoela inolako kontrolik. Guardia civilei “arduragabekeria arina” egotzi zieten eta bi hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten.