Munia El Marhoum Iruretagoiena lakuntzarrak aurtengo Kameratoiaren edizioan parte hartu du Emeki films bere taldearekin. Film laburren lehiaketara 26 lan aurkeztu ziren, eta lakuntzarraren taldeak bigarren saria eskuratu zuen; bigarrenez. Tentuz izeneko film laburra aurkeztu zuten. Ikus entzunezko komunikazioa graduko laugarren mailan dago El Marhoum eta Gradu Amaierako Lanerako zerbait “potentea” egitea du buruan.
Zer da Kameratoia?
Euskal Zine Bileraren barruan antolatzen duten ikus entzunezko rallye bat da. Lekeitua egiten da, baina aurten egoeragatik online egin da. Ostiral arratsaldean oinarri eta baldintza batzuk jartzen dizkigute, gai bat ematen digute eta igandeko 12:00ak baino lehen film labur bat entregatu behar duzu. Aurten gutxienez Lekeitioko hizkeran hiru hitz agertu behar ziren, gaia denbora zen eta argazki bat atera behar zen, eta gehienez 3 minutu eta erdiko bideoa izan zitekeen. Berdin dio nola egiten duzun, baina igande eguerdian entregatu behar da.
Zuen lehenengo parte hartzea zen?
Ez. Aurren urtean ere aurkeztu ginen, Emeki films-ekin, beste partaide batzuekin. Bik errepikatu dugu aurten. Irakasgai bateko irakasle batek esan zigun lehiaketa batzuetara aurkeztu behar ginela, eta haien artean Kameratoia zegoen. Lehengo urtean ere bigarren saria irabazi genuen. Ez genuen pentsatzen ere egin. Aurten ezta ere. Sorpresa handia eraman genuen. Lehenengo aldia zen aurkezten ginela, eta saria irabazi genuela esan zigutenean… sinesgaitza izan zen.
Lekeition egin ohi da lehiaketa, baina aurten online egin da. Zer desberdintasun nabaritu dituzue?
Iaz edizioaren zatia errazagoa izan zen Lehengo urtean denok batera geunden. Hiru joan ginen, Izaro, Jon eta ni neu, eta bertan egin genuen dena. Edizioa ere denok batera ordenagailu batean egin genuen, eta gure arteko komunikazioa errazagoa zen. Aurten 22:00etarako etxean egon behar ginenez, bakoitza bere etxera joan eta Maitanek bere etxean edizioaren zati bat egin zuen, gero Joni pasatu zion eta audioa egin zuen eta gero Aneri eta niri, pisukideak garela, pasatu zigun irudiaren postprodukzioa egiteko. Zatika egin behar izan genuen, baina lauron artean. Hori izan zen zailena. Grabatzerako orduan ere neurriak mantendu behar izatea. Ez genuen maskarak ateratzea nahi, kameraren aurrean distantzia mantendu behar zuten agertzen diren bi neskak. Pixka bat zaila izan zen hori guztia kontua izatea. Baina ondo joan zaigu. Gustura aritu gara.
Beraz, lanak banatu zenituzten?
Zuzendaritza laurok batera egin genuen. Hori hasieratik argi genuen. Aitor Arregi zinemagileak aurtengo Kameratoian master class bat eman zuen eta aipatu zuen zuzendari diktadorearen figura ez dela ona. Berak beste bi lagunekin lan egiten du, eta guk hori aplikatu genuen; ko-zuzendaritza bat. Baina gero egia da ezin direla bi pertsona kamerarekin egon. Beraz, Ane kamera operadorea izan zen, Maitane arlo artistikoaz, jantziteriaz eta aktoreetaz arduratu zen, Jon argiztapenarekin aritu zen eta ni soinuan egon nintzen.
36 ordutan produkzio batean hilabeteak eta urteak kostatzen den lan bat egin behar duzue. Nolakoa da prozesua?
Ostiralean gaia eman zigutenean pixka bat jokoz kanpo utzi gintuzten. Denbora zen gaia, eta gai oso zabala da. Alde askotatik jorratu daiteke. Pare bat ordu egon ginen ez genekiela zer egin eta nondik jo. Azkenean, nik lehengo urtean beste gauza baterako egin nuen gidoi txiki bat neukan eta taldekideei pasa nien. Pentsatu genuen hori oinarri bezala hartzea eta moldatzea. Oinarria da; hasierakoan bi neska koadro bat begiratzen agertzen dira. Moldatu genuen eta istorio berri bat egin genuen, argazki baten inguruan. Oinarriak ematen zizkigunetik goizeko ordubiak ingurura arte egon ginen gidoia prestatzen; gidoi literario eta teknikoak, eta hurrengo egunerako dena prest utzi behar genuen. Hurrengo egunean, 9:00etan, kalean geunden filmaketarako lekuak ongi markatzeko. Gero, gau osoa editatzen. Igandeko 10:30ean joan ginen lotara. Oso lo gutxi egiten da, hori egia da, Baina esperientzia bat da.
Praktika hartzeko ongi etorrriko zaizue, ezta?
Bai. Ikus entzunezko komunikazioaren graduan hirugarren mailara arte ez ditugu gauza asko egiten. Lehenengo eta bigarren mailak teorikoagoak-edo dira. Hirugarren mailan irakasgai hau dugu, errealizazioa eta bat-batean gauza pila bat egiten hasten gara. Tokietara joan behar dugu, lehiaketetara aurkeztu… Hauetan denbora mugatu bat dugu proiektua egiteko, eta denbora horren aurka lan egiten ikasten duzu. Normalean prozesu horiek hilabeteko lanak dira, bakarrik garapena: aurreprodukzioa, gero ekoizpena eta ondoren post produkzioa. Prozesu hori gutxienetara gutxitzen da eta gure mailan egiten dugu. Oraindik ezin ditugu produkzio handi horiek egin, baina gure mailara eramanda, gauzak egiteko aukera ematen digute. Gure ahalmena erakusteko aukera ematen digute.
Zergatik ikus entzunezko komunikazioa?
Betidanik gustatu izan zait komunikazioa, orokorrean. Teleberria txikitatik ikusten dut. Txikitan agian ez zitzaidan gustatzen, baina etxean beti ikusten genuen. Berriemaileak ikusten nituenean toki batetik bestera mugitzen, izugarria iruditzen zitzaidan. Lanaren barruan bidaiatu ahal izatea. Orduan, telebista eta komunikazio arlo horretara beti lotuta egon naiz eta beti aurretiko jarrera hori izan dut. Ez nuen kazetaritza hartu, eta ikus entzunezkoak egitea erabaki nuen kazetaritzaren arloan eta zinemaren arloan biil nintekeela iruditzen zaidalako. Filmak eta telebistak ikustea izugarri gustatzen zait ere. Argazkiak ateratzea… etxeko argazkilaria naiz. Jakin gabe hor zegoen zerbait zen.
Proiektu gehiago dituzu buruan?
Aurreko urteko Kameratoia baino lehen ez neukan ezer buruan. Baina horren ondoren publikatu ez diren gauzatxo batzuk egin ditut: dokumental bat, bideoklip bat… Orain Gradu Amaierako Lana pentsatzen ari naiz eta zerbait potentea egitea dut buruan. Espero dut hori zabaltzea. Profesionalki, kakotsen artean, ez dut asko zabaldu den ezer egin, Kameratoia izan ezik. ZineBi jaialdiko rallye batean parte hartu genuen ere.
Zein da egitea gustatzen zaizun lana?
Aurten batez ere konturatu naiz gidoiak idaztea gustatzen zaidala. Aurreko urtean ez neukan oso argi hori. Post-produkzioa ere asko gustatzen zait; edizioa eta argiaren post-produkzioa. Orokorrean, zati bakoitzak dauka bere xarma. Gidoiarekin zaudenean emozio berez bat dauka. Buruan pantailan ikusiko dena irudikatzen dut. Grabatzea ere.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
El retrato de una mujer en llamas filma ikusi nuenetik buruan izan dut. Urtarrilean ikusi nuen, eta ordutik erreferente izan dut. Kameratoiarako lanerako erreferenteetako bat izan da. Plano bat oso antzekoa da. Itxura naturalista edo errealista gustatzen zait. Irudiak oso landuak ea kolore oso landuak gustatzen zaizkit ere, baina nik sortutako istorioetan gehiago ikusten dut kamera eskuan eramatean sortzen den mugimendu hori; naturaltasun hori. Jendeak hurbiltasun hori nabaritu dezan.