Futbola

Taldeko kamiseta diseinatzeko lehiaketa deitu du Lagun Arteak

Guaixe 2021ko urt. 13a, 13:48

Lagun Arteako jubenilak, taldeko kamisetarekin. Argazkia: Artxiboa.

Lakuntzako futbol taldeak kamiseta berrirako diseinu lehiaketa deitu du. Proposamenak ilbeltzaren 30ra arte aurkez daitezke

Lakuntzako Lagun Artea futbol taldearen kamiseta txuria da. Ezkerraldean taldeko armarria darama, goialdean babeslearendako espazioa eta orain arte gainontzekoa txuri-txuria zen. Baina diseinu berri baten bila dabil taldea eta horretarako elastiko berria diseinatzeko lehiaketa deitu du. 

Lehiaketa adin guztietako artistei zuzendua dago. Kamisetaren kolore txuria mantendu behar da, goialdean babeslearen logoa txertatzeko espazioa izan behar du eta gainontzeko eremuan nahi dena diseinatu daiteke, gaia librea baita. Partaide bakoitzak diseinu bakarra aurkeztu ahalko du, eta diseinuak aurkezteko epea ilbeltzaren 30ra arte egonen da zabalik. 

Diseinua sortzeko Rosa Lizaur Estankoan eskatu daiteke plantilla (artista bakoitzeko bat). Diseinua entregatzerakoan, gutunazal baten barruan datu pertsonalak idatzi behar dira eta gutunazalean eta diseinuaren plantillako atzealdean ezizen bat, anonimotasuna mantentzeko. Diseinua entregatzeko ondoko telefonora deitu (636 509 741 (Asier).