Joseba San Sebastian

"Kontzertuetan jendearekin konektatzen dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 1a, 14:32

Joseba San Sebastian Modus Operandi taldeko baxu jolea. UTZITAKOA

Modus Operandi taldeak 'Dantza hil egin arte' bigarren diskoa kaleratu du. Taldeko kidea da Joseba San Sebastian Lakuntzan bizi den baxu jolea. 

Lesakan jaioa, Lakuntzara "maitasunagatik" etorri zen Joseba San Sebastian musikaria. Musikaria, autobus gidaria eta, orain, tabernaria ere bere bikotekidearekin batera Lakuntzako Tximonena jatetxea hartu dutelako. Aitortu duenez, dagoeneko ez daki zein den bere lehenengo eta bigarren etxea: "Ez naiz lesakarra ez lakuntzarra ere. Tarteko zerbait". Orain, musika proiektu berri batean murgildu da: Modus Operandi taldeko baxu jolea da. Larunbatean kontzertua eskaini zuten Lakuntzako kultur etxean.

Noiztik datorkizu musikarekiko harremana?
Oso txikitan hasi nintzen musikan. Lesakan musikarekiko zaletasun handia dago, eta txikitatik solfeoan eta esku soinuarekin hasi nintzen. Hor egon nintzen urte pila bat. 16 bat urtera arte. Hori bukatu nuenean Berako bi baxu jole ikusi nituen, Mikel Artieda eta Mikel Irazoki, eta nire maisu bihurtu ziren. Erakutsi zidaten instrumentua jotzen eta beraien kontzeptuak ulertzen. Niretako bi baxu jole handienetakoak izan dira, eta zortea izan dut haiek ezagutzeaz eta beraiekin klaseak emateaz. 16 edo 17 urterekin aritu nintzen Ultzama aldean festetan eta inauterietan jotzen. Gaur egun arte, ia 30 urte.

Beraz, ibilbide luzea.
16 urterekin halabeharrez emanaldiak ematera ohitu nintzen. Gero baxua bi edo hiru urtez ikasten ari nintzela erromeria eta horrelako talde batean jotzeko aukea eman zidaten. Cristina eta Amaiarekin aritu nintzen, orain Amak proiektuan dauden musikariak. Beraiekin hasi nintzen. Jo eta jo aritu nintzen herrietan eta hor hasi zen nire ibilbidea. Talde desberdinetan aritu nintzen eta Trikitaken Anabel ezagutu nuen. Imanol Goikotxea Gozategikoarekin elkartu ginen, Igor Telletxearekin… Batzuk elkartu ginen.

Musika zaletasun bat baino gehiago da?
Garai batean, duela 25 urte inguru, bizitzeko adina ematen zuen. Erromeriekin, batarekin eta bestearekin… baina gero haurrak izan genituenean erabaki nuen beste lan bat hartzea, eta musika pixka bat alde batera utzi nuen eta autobuseko gidari lanean sartu nintzen. Orain, Tximonena tabernan ere sartu gara. Bagenekien egoera oso zaila izango zela.

Baina musika ez duzu inoiz utzi, eta proiektu berri batean zaude: Modus Operandi. Nola sortu zitzaizun aukera?
Pixka bat errebotean etorri zitzaidan. Dantza gaitezen hil arte bigarren diskoa grabatzeko sartu nintzen. Lehen Txikik jotzen zuen baxua, Izarorekin aritzen den baxu jolea, eta taldea utzi zuen. Orduan, Josu Erbitiren bidez parte hartzeko aukera eman zidaten. Eribitirekin Enemigos Intimosen eta beste lan batzuk ere egin ditugu; Hatortxuko azken boloa streaming bidez izan zena ere elkarrekin grabatu genuen. Lagun onak gara. Enrikok taldea utzi zuen eta bera sartu zen lehenengo. Hemen horrela funtzionatzen du; ezagun batek uzten du eta beste ezagun bat libre badago sartzen da. Beraz, Josuren bidez sartu nintzen taldean. Frogatxo batzuk egin nituen eta oso gustura. Diskoa grabatu genuen eta etxean ibili ginen. Emaitza oso txukuna da. Abesti oso politak daude.

Diskoaren ondoren, kontzertuak egiten hasi zarete, eta bertan ere parte hartzen duzu, ezta?
Bigarren diskoa grabatzen hasi ginetik, bai. Udan hasi ginen entseatzen eta abestiei forma ematen, irailean grabatu genuen eta orain ezin dugu jo. Oso zaila da kontzertu bat egitea. Eta oraintxe horretan ari gara. Aurrekoan Bilboko Santana 27 aretoan kontzertua eskaini genuen eta larunbatean Lakuntzan eskeiniko dugu. Orain hasiko gara. Ea aukera dugun areto batzuetan kontzertuak emateko. Nik uste uda honi begira zerbait egin beharko dutela. Festak ez dakit ospatuko diren, edo zer formatutan izango diren. Baina jarduerak eta horrelakoak egin beharko dituzte. Kontzertuen mundu hau gelditu da, eta lagun pila bat daude lanik gabe eta oso egoera txarrean.

Nola definituko zenuke Modus Operandiren musika?
Iñaki Betagarrik indar handia dauka taldean. Abeslaria da eta berak ematen dio izaera handia. Berak egiten ditu normalean melodiak, eta taldea gidatzen du. Ska eta rock zalea da. Pila bat gustatzen zaio. Baita reggae ere. Nik uste Erbitik eta biok rock aldera eraman dugula, eta beste aldaera bat eman diogu. Dantzatzeko abesti batzuk ere badaude diskoan. Makina batzuk eta sinte prozesatu batzuk sartu ditugu. Bi zati bezala ditu: bata punka eta ska lantzen dituena eta bestea dantzagarriagoa. Entseguetan sartu ginen, ea zer ateratzen den pentsatuz hasi eta horrela sortu dugu. Naturala izan da.


Modus Operandi taldeak Lakuntzako kultur etxean emandako kontzertua. 

Nolakoak dira gaur egungo kontzertuak? Nola bizi izan zenuen Bilbokoa?
Oso arraroa izan zen Santanara sartzea, Santana oso handia da, eta aulkiak ikustea. 80 bat zeuden eta oso arraro ikusten zen. Baina gero kontzertuan sartzen zarenean… Jendea oso gustura egon zen entzuten. Bukaerarako, beraien lekuan baina dantzan hasi ziren. Giroa polita zen. Kimika hori eman zen. Musika gure irtenbidea da. Bestela, beti albiste txarrak entzuten ari gara, eta behintzat unetxo hori musika entzuten egoteko izatea. Giroa egon zen. Jendea oso gertu sentitu genuen. Lesakan ere Ciento volando taldearekin kontzertua eskaini nuen eta jende guztia isilik egon zen. Arreta %100koa da. Arraroa da, baina ohitu behar gara eserita edo geldi egotera. Askotan kimika edo harremana indartsuagoa da.

Exijitzen zaizuen maila ere handiagoa da, ezta?
Gu beti saiatzen gara dena ematen. Baina bai kontzentrazioa handiagoa da. Kontzertua ikusten daude, ezin da edan, ezin da hitz egin, ezin zara gertu egon… Baina hori da dastatzen duguna ere. Jotzen dugunean jendearen arreta erakarri nahi dugu. Konektatu nahi dugu. Nik uste musika horretarako dela. Jendea nonbaitera eramateko. Entzuleari zerbait erran behar diogu. Bestela, zertarako ari zara musika jotzen? Gaur egun kultur emanaldiak bultzatu behar dira jendeak eskatzen dituelako. Ahalegin handia egin behar da kontzertuetara joateko, eta bultzada hori eskertzen da. Udalak ere lan handia egiten ari dira. Kultura beharrezkoa da; gure nortasunari buruz asko esaten du. Gu nolakoak garen esaten du; eta instituzioetatik ez dute asko laguntzen.