Futbola

Lagun Arteak Garesekin bana berdinduta mustu du kategoria berria

Guaixe 2021ko ots. 15a, 12:40

1. Maila Autonomikoa. 1. multzoa. 1. jardunaldia. Lagun Artea 1 – Gares 1

Asteburuan Nafarroa mailako bi futbol txapelketa hasi ziren, 1. Maila Autonomikoa eta Preferente maila. Lakuntzako Lagun Artea taldea izan zen denboraldiari ekin dion talde sakandar bakarra. Lakuntzako taldeak 1. Maila Autonomikoa mustu zuen Gares taldea etxean hartuta. Aipatzekoa da giro polita izan zela Zelai Berrin, segurtasun neurri guztiak beteta. Besteak beste, zaleei tenperatura hartu zitzaien, ikusleek zelaira sartu baino lehen eskuak gelarekin garbitu behar izan zituzten, haien datuak hartu ziren eta futbol zelaian markatuta zeuden tokietan kokatuta egon behar izan zuten. 

Partidari dagokionez, aitortu beharra dago Garesek Lagun Arteak baino hobe jokatu zuela. Hala ere, partida lehiatua izan zen. Lagun Artea 29. minutuan aurreratu zen Yonathan Davila kapitainak penaltiz sartutako golarekin. Bigarren zatiko lehen jokaldian berdinketa lortu zuen Garesek, eta kanpotarrek eraso etengabea hasi zuten lakuntzarren kontra, garaipena lortu nahian. Baina Lagun Arteak ongi eutsi zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. Aipatzekoa da jokalariei ia urte bat lehiatu gabe egon direla nabaritu zitzaiela, askok lehertuta bukatu baitzuten. 

1. Maila Autonomikoko 1. multzoko liderra Avance Ezkabarte da (3 puntu). Lagun Artea 5. postuan dago, puntu batekin. Asteburuan, lakuntzarrak sailkapenean hirugarrena den Iruñaren kontra ariko dira.