Frontoia Martxan taldea

“Lakuntzarrak frontoiaren berrikuntzan inplikatzea nahi dugu, gazteak bereziki”

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 23a, 14:55

Frontoia Martxan taldearekin bat egin dute Lakuntzako herritarrek, taldeek, enpresek eta udalak eta Eskola Laboraletako Sakana frontoia berritzeko lanak hasi dira. Aurki auzolanak deituko dira eta bertan parte hartzeko deia egin diete lakuntzarrei 

1977koa da Zelai Berri futbol zelaiaren alboan dagoen Lakuntzako Eskola Laboraletako Sakana frontoia. Egoera oso kaxkarrean zegoenez, herritar talde batek Frontoia Martxan taldea sortu du, eta herriko enpresek, kolektibok eta udalak emandako laguntzarekin, frontoia konpontzen hasi dira.  Auzolanetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 

1. Noiz sortu zenuten Frontoia Martxan taldea?
Herriko zortzi pertsona inguruk duela 3 urte Frontoia Martxan taldea sortu genuen, frontoia berritzearen beharraz jabetuta. Lakuntzako Udalarekin bilera batzuk egin genituen, Udalaren asmoen berri izan eta ea zer egin genezakeen aztertzeko. Bileran 40 pertsona inguru bildu ginen, herriak frontoia berreskuratzeko zuen interesaren isla. 

2. Urte luze hauetan Sakana frontoia erabili izan da?
Bai. Neska mutilak bertan bildu izan dira futbolean jokatzeko, eta horretaz gain Osasuna Fundazioak, Lagun Artea Futbol Taldeak eta Aralar Txirrindularitza Taldeak erabili izan dute, txikienekin futbol entrenamenduak eta txirrindulariekin ginkana lantzeko. Frontoiaren egoera gero eta okerragoa zela ikusita, frontoia bera galduko ote genuenaren kezka piztu zitzaigun. Halako azpiegitura berri bat egiteak 500.000-600.000 euroren aurrekontua du. Nola utziko dugu alferrik galtzen? Hau herriko beste frontoiarekin guztiz bateragarria da. Behar Zana frontoian ez dago futbol aterik, ordenantzak ez du bertan futbolera jokatzen uzten; hortaz, Laboraletako frontoia gazteek futbolera, saskibaloira, pilotara edo edozein kirolera jokatzeko eta kirol klubek euren entrenamenduak egiteko gune perfektua da.

 

 

3.Frontoia erabiltzen zen, baina bere egoera ez zen batere ona. 
Hala da. Denborarekin itsesurak agertu ziren, fatxadako eta teilatuko plakak apurtu ziren, paretetan graffitiak agertu ziren, atea bera ere lapurtu zuten... 2019an Lakuntzako Udalak teilatuan zenbait plaka berritu zituen, baina hilabete gutxi iraun zuten, haizete batek eraman zituelako. Izan ere, aterik ez egonda eta pareta bat zulatuta egonda haizea sartu egiten zen eta sekulako presioa egiten zuen frontoi barrenean. Orain ate berria jarri dugu eta lasaitu ederra hartu dugu, egia esan. 

4. Frontoia Martxan taldekoen lehen pausoak zeintzuk izan ziren?
Lehenik eta behin eraikitzaile batekin bildu ginen, eta hark emandako argibideak jarraituz frontoia berritzeko aurrekontu bat prestatu genuen, gutxieneko batzuk kontuan hartuta. 35.000-40.000 euroko gutxieneko aurrekontua zen. Sakana Fundizioa Kooperatiban aurkeztu genuen, eta Kooperatibak ekarpen handia egin du, orain martxan jarri ditugun lanak egitea ahalbideratu duena. Bestalde, 2019an haizeak teilatuko plakak eraman zituela eta, udalaren aseguruak hori estaltzen duenez diru kopuru bat sartuko da ere. 

5. Frontoiaren berrikuntzak herriari ahalik eta gastu gutxien sortzea da helburua? Bere garaian parkea egiteko Parkea Martxan taldeak egin zuen lanarekin jarraitzea? Hau da, auzolanak egitea, dirua ateratzeko ekimenak bulkatzea, herriko enpresak, taldeak eta herritarrak erakartzea…
Bai. Herriaren alde asko mugitzen den herria da Lakuntza. Horren adibide da Parkea Martxan ekimena, herriko parkea goitik behera berritu zuena. Gureak ekimen horren luzapena izan nahi du, horregatik hartu dugu izen hori. Dena den, auzolanetan hasi baino lehen frontoiak gutxieneko konponketa batzuk izatea derrigorrezkoa zen. Hau da, ezinezkoa da inor bertara auzolanera sartzea solairutik burniak zintzilik badaude, eta teilatua zulatua eta tarteka zintzilik badago.

 

6. Zein lan egin dituzue lehen fase honetan?
Lehenik eta behin sarbide egokia egin dugu. Lehen eskailera estu batzuk zeuden, eta orain oztopo arkitektonikoak kendu dira eta ateraino doan porlanezko sarbide zabal egokia egin da, kamioiak eta makineria bertara hel daitezen. Horretaz gain, ate berria jarri da, aurrekoa baino handiagoa. Aurrekontuak begiratzen egon ginen eta oso garestiak ziren; Lakuntzako Barga Industrias enpresarekin jarri ginen harremanetan, gure proiektuan buru belarri murgildu dira eta frontoirako sekulako atea diseinatu eta egin dute, materiala eta diseinu kostuak euren gain hartuz. Lakuntzako Udalaren makineriarekin jarri genuen atea, tona bat inguruko pisua duelako. Segurtasun neurri guztiak betetzen ditu, eta behin jarrita, guk margotu genuen. Horretaz gain, itsesurak konpondu dira eta Tecmodi enpresa alboko fatxadako plakak berritzen eta teilatuko konponketa lanak egiten ari da. Bestalde, argiteria berria erosi dugu, LED argiteria, eta teilatuko lanak bukatu bezain pronto jarriko ditu elektrikariak. Aurrezpen energetiko handia ekarriko du horrek. 

7. Ondoren margotze eta garbitze lanak etorriko dira. Horiek auzolanean egin nahi dituzue?
Bai, baina ordurako teilatua eta fatxadako lanak eginak egotea eta argiteria jarrita egotea nahi dugu, arriskurik ez egoteko. Herritarrak frontoiaren berrikuntzan inplikatzea nahi dugu. Bereziki gazte kuadrillak erakarri nahi ditugu, aurrekoan parkearen eta kultur etxearen berrikuntzan inplikatu ziren bezala. Izan ere, jendeak parte hartzen badu, askoz ere gehiago baloratzen ditu instalazioak eta askoz ere gehiago zaintzen ditu. Lotura berezia sortzen da. Hori oso argi ikusi zen parkearen berrikuntzarekin, eta orain lotura hori frontoiarekin izatea nahi dugu. Frontoia garbitu, margotu, futbol ateak jarri, sareak jarri, saskibaloiko saskiak jarri… halakoak auzolanean egingo ditugu. 

8. Aralar Txirrindularitza Taldea, Lagun Artea Futbol taldea eta herriko gainontzeko kirol eta bestelako taldeak zuen egitasmoan daude?
Bai, Frontoia Martxan taldean daude. Frontoia berritzea herritar guztiendako onuragarria izango da, baita herriko kirol eta bestelako taldeendako ere. Frontoia berritzen ari gara, Udala igerilekuak berritzen ari da, ondoan Zelai Berri futbol zelaia dago... kirol gune polita geratuko da. Aurreko astean bilera izan genuen udaletxean, gune horretaz aritzeko. 

9. Hortaz, frontoia berritzeko auzolanetan aritzera animatuko dituzue lakuntzarrak?
Jakina. Laguntza eman nahi duenak bidali dezala mezua frontoiamartxan@gmail.com posta elektronikora edo jarri dadila gurekin harremanetan. Auzolanak noiz izanen diren ere jakinaraziko dugu. 

10. Frontoia noizko egongo da erabilgarri?
Udarako erabilgarria egotea nahiko genuke. Uste dugu posiblea dela. Halaber, fatxadaren parean sare handia jarri nahi dugu, Zelai Berritik iritsi ahal diren baloikadak gera ditzan, fatxadaren kontra jo ez dezaten. Udalak sare bat dauka gordea, uste dugu erabilgarria izango dela, eta hura eusteko egitura nola egin pentsatzen ari gara. Lanak bukatuta, bilera bat deituko dugu, frontoiaren erabilera nola egin erabakitzeko. Herriko frontoiarekin bezala egin behar ote dugun, hau da, Ogi Berritik giltza hartu eta tokia hartu behar ote den, kirol taldeek ordu batzuk izango dituzten… guztia mahai gainean jarriko dugu. 

11. Lanak martxa onean doaz, eta herriko eragile guztiak norabide berean zaudete.
Bai, eta hori da garrantzitsuena. Herriko taldeak, herritarrak, enpresak eta udala bera ere Laboraletako frontoia ongi uzteko gogotsu daude. Sarritan gauzak berritzea eskatzen zaio udalari, baina atzean herritar talde bat laguntzeko prest badago, ekimenak errazago ateratzen dira aurrera.