Musikaren munduan urte asko daramatzate La Excavadora talde berriko kideek. Ez dira hutsetik hasi. Esperientzia gradu bat da, eta horregatik pandemia egoerak ez du haien jarduna eten. Diskoa kaleratu dute eta kontzertuak eskaintzen dituzte, desberdinak badira ere. "Egoerara moldatu beharra dugu, guk aurrera egin nahi dugu". Mikel Azpiroz 'Buton' lakuntzarra taldeko baxu jotzailea da.
Nola sortu da La Excavadora?
La Polla despedida bira egiteko bueltatu zen eta Gatillazo urte pare batez geldirik egon behar zenez, Txikik, aguraindarrak, komentatu zigun ideia batzuk zeuzkala eta ea zer iruditzen zitzaigun. Maketa egina zuen eta entzun genuen. 2019 urte amaieran izan zen. Pela abeslaria izatea erabaki genuen. Punk arlotik gatoz, eta bera rockeroagoa da. Baina erakutsi genizkion abestiak, gustatu zitzaizkion eta gurekin bat egin zuen. Bateria fitxatuta genuen: Mikel, gasteiztarra. Boskotea sortu genuen, eta aurrera.
Zer dauka Agurainek?
Boom patateroa deitzen zaio, ezta? La Polla Records taldeak sortu zuen kultura hori. Araia aldetik ere Joselu Anayak daude. Urte asko daramatzate. Baina esango nuke La Polla Recordsek sortu duela kultura hori. Talde pila bat daude Agurainen. Gainera, aukerak ematen dituela esango nuke. Lokal asko daude eta herriak erraztasunak jartzen ditu.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Betidanik gustatu zait. Gehien gustatzen zaidana, gainera, oholtzaren gainera igotzea eta kaletik ibiltzea da. 15 edo 16 urterekin txarangarekin ateratzen nintzen. Primeran pasatzen genuen, lekuak eta jendea ezagutzen genuen. Beti gustatu izan zait saltsa hori. Ez dut nire burua musikari ontzat hartzen, baina saltserotzat bai.
Musikaria beti da musikari?
Nik uste dut baietz. Bada jende pila bat esaten duena bizitzako fase hori bukatu dela, lana aurkitzean edo haurrak izatean. Baina beti hortxe izaten duzu arantza txiki bat bihotzean deitzen dizuna instrumentua hartzeko, abesteko eta dantza egiteko. Musikari jaiotzen dena, musikari hiltzen da.
Ez zarete geldirik egoten.
Beti saltseatzen egon gara. Hemen edo beste leku batean. Ohituta gaude. Urte pila bat daramazkigu mundu honetan, eta egoera honetan urte eta erdi entseatu eta jo gabe egon garela… hortzak lurreraino geneuzkan.
Boskotea zaletasun bat bezala ari zarete jotzen edo profesional zarete?
Orain ez. Bere garaian bai izan ginen. Gatillazo garaian ia astero jotzen genuen, eta aukera ematen zigun honetaz bizitzeko. Orain sortu den egoera honengatik batzuk biziko dira, talde handienak, baina gu bezalako jendea ez.
Sortzailea zara ere, ezta?
Gure lana egiteko modua hori izaten ari da. Bakoitzak ideia bat ekartzen du eta lokalean aurkezten dugu. Bosten artean zer gehitu, kendu, ongi hala gaizki dagoen erabakitzen dugu. Horiek entzuteko prest gaude, eta gainera oso harreman ona dugu. Ez dago arazorik bakoitzak bere iritzia emateko.
Hortaz, diskoaren prozesuan guztien alea dago.
Bai. Hasieran Txikik ekarritako ideiak ez du zerikusirik diskoan entzuten dugunarekin. Guztiok jarri dugu gure ukitua. Lana elkartu dugu, estiloak nahastu ditugu, bakoitzak bere iritzia eman du eta letrak ere guztien artean egin ditugu.
Zuen urtetako esperientzia nabaritzen da?
Esperientzia punttu hori nabaritzen da. Bakoitzak zenbait disko grabatu ditugu eta argi geneukan zein izan behar zuen azken produktua. Gauzak argi genituen, ideiak ere oso eskematuak genituen. Ez da egiten dugun lehendabiziko diskoa.
La Escavadora izena nondik?
Barreak bota genituen honekin. Elkartzen ginen lehenengo aldia, Pelarekin elkartu ginen bazkaltzera eta bukatzean bere lokalera joan ginen. Lehendabiziko aldiz abestiei letrak jartzen aritu ginen. Sortu zen bat tipo batek hondeatzaile bat hartzen zuela eta hortik izen pila bat sortu ziren. Azkenean abeslariak La Escavadora proposatu zuen. Hasieran harrituta gelditu ginen, baina idatzita ikustean gehiago gustatu zitzaigun. Hondeatzaileak ezagunak dira eta jendeari gustatzen zaizkio. Aldi berean, txikitzailea da.
Zenbat denboraz aritu zarete diskoa prestatzen?
Justu hasi ginenean eta boskotea sortu genuenean, lokalean lan egiten hasi ginen eta bigarren entsegurako etxera bidali gintuzten. Lehenengo konfinamendua izan zen eta etxetik lan egiten genuen, baina ez da berdina. Gu ez gara telekomunikazioetan oso adituak. Telefonotik abesten genuen eta hor jarri edo hor kendu esaten genuen. Irailean estudioan sartu ginen. Geldiune pare bat izan ditugu, baina esan daiteke ez garela guztiz gelditu. Asko ikasi dugu, gainera.
Kulturgintza oso ukitua gelditu da.
Musikariak ez ezik horien ondoan lan egiten duten beste gremioak ere: teknikariak, muntatzaileak… denek esten dute kolpe izugarria izan dela. Kultura moztu dute. Kontzertuak bertan behera gelditzen dira eta edukiera mugatua da, maskara jantzita eraman behar, ezin kontsumitu… Gainera, gure musikak ekartzen du gaueko giroa, eta hori moztu da bat-batean. Egoera honi moldatu beharra dugu. Guk argi dugu lan egin nahi dugula, honekin aurrera joan nahi dugu.
Kontzertuak egin dituzue, eta aurreikusita dituzue.
Hell Doradon bi pase egin genituen. Emanaldi bakoitzean 60 pertsona zeuden. Gogorra da. Guztiendako. Kantautore bat ikusteko, ongi. Baina gure musika oihukatzeko eta salto egiteko da. Gainera, aretoetan dena kontrolatzen egon behar dira, eta astuna egiten da ere. Larunbatean Oñatin dugu, 27an Bermeon, 6an Bilbon, 14an Madrilen eta 26an Zamoran Musikaren feria hispano-luson.
Bidea irekitzeko esperientziak lagundu dizue?
Bai, laguntzen du. Merkatu horretan egotea eta kontaktuak izatea. Jende asko enteratu da eta oso pozik gaude. Ez genuen espero hainbeste arrakasta edo jendearen iritzia hori izatea. Eskertzekoa da Maukak ere diskoa egin nahi izatea.
Nolakoa da diskoa?
Ez dugu ezer berririk egin. Betikoa: rock&rollak esaten duena. Gauari, neskato edo mutikoei, drogei, gaueko kultura hori… Galtzaileendako musika hau beti gustatu izan zaigu eta letra gehienak horri buruzkoak dira.
Gogorrak dira edo badago baten bat lasaiagoa?
Gauzak argi esaten ditugu, baina badira beste abesti batzuk Contra el suelo eta La reina de la fiesta se deja esperar, esaterako, metafora antzeko bat daukana. Gustatu zaiguna da jendearekin hitz egiten bakoitzak esanahi bat aurkitzen diela abestiei. Irekita uztea eta bakoitzak nahi duena pentsa dezala asko gustatu zaigu. Pozik gelditu gara. Ondo sartzen dira, ez dira aspergarriak egiten. Lehenengo entzunaldietan pixka bat harrituta gelditzen dira, baina gero berriz entzuten dute oso erraz entzuten delako.