Futbola

Beti Casedano Lagun Arteari gailendu zitzaion

Guaixe 2021ko mar. 8a, 13:00
Lagun Artea eta Beti Casedano, partida hastear. Argazkia: Lagun Artea.

1. Maila Autonomikoa. 1. multzoa. 3. jardunaldia: Beti Casedano 3 – Lagun Artea 1

Lagun Artea taldeak oraindik ez daki 1. Maila Autonomikoan irabaztea zer den. Larunbatean Kasedan jokatu zuen talde lakuntzarrak, Beti Casedanoren kontra, eta nahiz eta hasieran bi taldeak parez pare ibili, Betik 2 eta 0 aurreratzea lortu zuen penalti bati eta bolea eder bati esker. Betik jokoaren kontrola hartu eta Lagunek ezer gutxi egiteko aukera izan zuen tarte horretan. Bigarren zatian etxekoak erlaxatu ziren eta Lagun Artea Beti Casedano estutzen hasia zen. Unai Bakaikoak sartutako golari esker 2 eta 1 gerturatu ziren lakuntzarrak, baina 56. minutuan hirugarren gola sartu zuen Beti Casedanok eta partida guztiz bideratuta utzi zuten. 

1. Maila Autonomikoko liderra Avance Ezkabarte da (10 puntu). Lagun Artea 10. postuan dago, azken postuan, puntu bakarrarekin. Datorren igandean Lagun Arteak sailkapenean bigarrena den Erriberri taldea hartuko du.