Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Euskara zerbitzuek antolatuta Liburu dasta ekimenaren lehenengo literatur solasaldia izanen da martxoaren 11n, osteguna, 18:00etan, Lakuntzako Tximonena jatetxean. Kattalin Minerrekin Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburuari buruz hitz egiteko aukera izanen da. Tene Mujika bekarekin idatzi zuen Minerrek Aimar Elosegi Ansa gazte transexualaren suizidioaren inguruko hausnarketa eta testigantzak biltzen dituen liburua.
Aimar Elosegi laguna eta herrikidea zen eta horrela aipatu duzu.
Bai. Ez dut inongo momentuan ezkutatu ezta ezkutatzeko intentziorik ere izan. Momentuaren batean saiatu nintekeen kazetari modu batean jartzen eta harremanik izango ez banu bezala egin, eta ustezko objektibotasun batez galdetu. Baina iruditzen zitzaidan interesgarria zela nire laguna zela Aimar, niri gertatutakoa izatea edo nik gogoratzen nuen horretatik abiatzea ezinegona. Liburua bera horrela hasten da, heriotzaren hamargarren urteurrenean gaizki egon batetik. Horrek berak uste dute ematen diola liburuari beste gertutasun bat. Zertarako ezkutatu behar ditugu harremanak; ez dio kentzen ez interpretaziorik ez indarrik ez egiarik ere. Egi asko batzen ditu.
Istorioa indartzen du?
Gerora hori jaso dut. Egin aurretik ez dakizu zer puntutaraino izan daitekeen sentsazionalista, morbosoagoa, jendeak bilatu dezake benetan laguna zen eta zer pasa zen… baina gerora jaso dudana izan da gertutasuna gehitzen diola eta istorioa errealagoa egiten duela. Ez da bakarrik nire ahotsagatik; liburua hasten da lagunen testigantzekin eta gero anaiarenarekin. Gertuko jendearen ahotsari garrantzia eman nahi nion hasieratik.
Beharra zegoen?
Orotara bederatzi pertsonek parte hartzen dute liburuan, nitaz gain. Esan behar dut inork ez zidala ezezkorik esan. Are gehiago, guztiek gogo handiz hartu zuten. Nik nahiko ez zuela uste nuenak ere, bazuen hitz egiteko beharra, gogoa eta gorputza. Denbora pasatzeak ere hori ahalbidetzen du. Beste aldarte batekin gaude, ez daude zauriak ireki berriak. Denek baietz esan zidaten. Eta bederatzi pertsona sartu ditut liburuan, baina lagun gehiagorekin egon nintzen. Momentu batean erabaki hartu behar duzu eta oso errepikakorra ez egiteagatik eta ikuspuntu desberdinetatik eragiteagatik azkenean horiek sartu dira. Egia da isiltasun handia topatu nuela. Hipotesi bat da: isiltasun handi bat dagoela gai honen inguruan. Erantzuna izan zen hitz egiteko behar handia dagoela ere. Isiltasunak ez dira inoiz kasualak. Enkistatu daitezke, baita hautsi ere.
Irakurketa politikoa, pertsonala, soziala eta kulturala egiten duzu ere. Zergatik?
Nor elkarrizketatu nahi nituen pentsatzean intuizio batetik sortu zitzaizkidan beste batzuk. Jendearekin hitz egin ondoren, aurreikusi gabe nuen jendea sartu da gero. Kultur alderdian esaterako Iratxe Retolaza eta Maialen Lujambio sartu nituen, nahi nuelako beste ikuspuntu bat ematea ere. Aimar ezagutu ez zutenek baina bere istorioa inpaktatu zutena eta sortzera eta konpartitzera eraman zituztena. Lujambio bertso bidez eta Retoalza liburu batean jasoa. Heriotza batek izan dezakeen ertz guztiez konturatzeko, eragin dezakeen klak guztiak.
Transfobia eta suizidio gaien isiltasuna apurtu duzu.
Heritza honek izan zuen inpaktu emozionala eta herriko kommozioaz gain barne biltzen zuena zen bere buruaz beste egin zuela norbaitek eta bere buruaz beste egin zuenaren arrazoia transfobia zela, edo behintzat pertsona hori transexualitate egoera batean zegoela eta hori zela eta ez zuela etorkizun handirik ikusten. Bi gai horiek familiak oso ondo eta modu eskuzabal eta ausart batean plazan jartzea erabaki zuen. Ez ezkutatzea inondik inora. Horrek behartu gintuen herri guztia, inguru guztia, horren inguruan pentsatzen, ikasten eta hausnartzen hastera. Hasiera batean, orain dela hamahiru urte ezer gutxi genekien transfobiaz.
Doluaz hitz egiten da ere. Garrantzitsua da?
Eremu pertsonalera eraman nuela esango nuke. Nik ikusten nuen nire laguna ez dagoela hemen, eta bere istorioa kontatzera noala. Pentsatzen nuen ere berari hartuko diodan istorio honetatik nik ere jarri behar nuela zerbait. Zorretan bezala. Orduan, garrantzitsua iruditzen zitzaidan nire esperientziaz hitz egitea; nire bizipenez eta ingurukoez. Nola egin daitekeen agur eta dolu bat. Mila modu daude. Eta liburua ez da inolaz ere doluari buruzko saiakera bat. Esperientzia pertsonaletik oso modu arinean idatzita dago. Nire esperientziatik idatzi nuen: nola bizi nuen 18 urte nituenean, urte batzuk pasa direla. Igual beste zer edo zer idatzi nuke orduan.
Liburuak lagundu du?
Hernanin bai. Aurkezpen egunean flipatu nuen. Adin desberdineko jende asko etorri zen: garaia bizi zirenak, gurasoen lagunak, ingurukoak… baita belaunaldi berri bat istorioa ezagutzen ez zuena ere. Herri bezala denoi itzalduta gelditu zitzaigun, gero isildu zen eta honek balio izan du berriz hitz egiteko. Beste leku batetik. Gertatu zaidana da irakurle taldetara edo beste herrietara joan naizenean jendeak asko konektatu duela nahiz eta kasua ez ezagutu. Transexualitateaz hitz egitea ahalbidetzen du. Istorio horietara gerturatzea eta galdetzea. Debate batzuk sortzen ari diren garai honetan nik uste lehendabiziko gauza da jendeak transexualitatea ezagutu behar duela, transak ezagutu behari dituzte, zer errealidadea den, zer errealidade gogorrak izan daitezken, baita zer ardura dugun guk gizarte bezala ere. Denetarik pasatu da. Asko gustatu zaite ere ikastetxeetan, goi mailetan geroz eta gehiago irakurtzen ari dela eta kristoren saltoa ikusi dut. Terminologia ezagutzen dute eta ez zaie hain arrotza egiten gaia. Transfobiak jarraitzen du bere horretan, baina zentzu horretan aldaketa nabaritu dut, eta baikorra naiz. Behintzat ezagutza bat dago, lasai hitz egiten dute eta asko galdetzen dute. Niretzat hori oso polita da.
Martxoaren 11n solasaldia eginen duzu Lakuntzan. Zer aurreratu dezakezu?
Onartu behar dut nahiko inprobisatzailea naizela. Beti eramaten dut oinarri bat eta badakit zertaz hitz egingo dudan, baina gustatzen zait gertatzen den horretan libre aritzea. Bat-batean hasten bada jendea galdetzen, hortik tiraka hasten naiz. Bestela ni pozik aurrera noa nire eskemarekin. Jendea gonbidatu nahi dut etortzera, irakurrita izan ala ez. Denon artean solasaldi bat izango dugu; gai horien inguruan hitz egiteko tartea izango dugu.
Gaur Aurre egin badugu dokumentala kaleratzen da, eta bertan parte hartu duzu. Nola sortu zitzaizun aukera?
Ekintzaile bezala alardearen gatazkan Jaizkibelen alde lerratu nintzen eta gerturatu garenak ez gara ez ahazten ez askatzen. Urte asko dira xumeki bada ere babesa adierazi dudana. Jaizkibelekoek nahi zuten holako solasaldi bat izan taldeko norbaitek beste norbait elkarrizketatzen zuen, eta gonbidatu ninduten. Egia esan grabaketa oso hunkigarria izan zen. Oso soila da; bi aulki aurrez aurre. Baina irrikan nago grabatu genuenean energia pila bat geratu zelako hor. Badirudi ni alardean ateratzen naizela, eta ez. Oso polita izan da. Jende honek merezi du. Borroka oso luzea izan da eta izaten ari da, eta babes osoa eta eskertza handia dute gure aldetik.