Lakuntzako Gazte Asanbladak (LAGA) deituta, Emakume langileok, antolakuntza eta borroka leloa zuen manifestazioa egin zen atzo. LAGAko kideen iritziz, “ Emakume Langileon Nazioarteko Eguna emakume langileon askapena ardatz izanda borrokatu dutenak gogoratzeko eguna da eta, aldi berean, oraina eta etorkizuna eraikitzeko antolakuntzaren beharrezkotasuna azpimarratzea dagokigu”.
Gazte erakundeko ordezkariek gaztigatu zutenez, “ezinbestekoa da norabidea argi izatea, sumiso nahi gaituen gizarte zapaltzaile baten aurrean, egunez egun eta esparruz esparru, formatuz eta aurrera pausu txiki baina garrantzitsuak emanez”. LAGAko kideek dei egin zuten “sistema kapitalistaren logika osotasun modura” ulertzera. Gaineratu zutenez, “COVID-19 birusaren etorrerak azkartutako krisi orokorra”.
“Itxurakeriaren” salaketa
LAGAko kideek adierazi zutenez, “genero problematikaren auzian nagusitutako itxurakeria baztertu eta salatu behar dugu; guretako ez baita nahikoa burgesiak eta sozialdemokraziak urtean bitan haren paretak morez margotzea, logika kapitalistaren baitan erreforma huts eta gutxi batzuen eskura egongo direnak defendatzea”. Eta “zapalkuntza guztiekin bukatuko duen eta pertsona ororen ongizatea bermatuko duen gizartea” aldarrikatu zuten.
Gaineratu zutenez, “interes bakar gisa kapitalismoaren biziraupena eta kapitalaren etengabeko metaketa duen burgesiak, emakume langileon miseria erabiltzen du haren helburuak betetzeko tresna gisa”. Horren aurrean, “klase batasunaren garrantzia nabarmendu” zuten, gaineratuz, “antolakuntza eta borrokaz bakarrik lor daiteke osotasun kapitalistak barnebiltzen dituen zapalkuntza ororen gaindipena, gaurdanik sozialismoaren eraikuntza ipar izanda”.
“Bortizkeria burgesaren” egunerokotasunaren argazkia:
Zaintza lanetan handitutako lan-karga, aurreko urtean Sakanan modu nabarmenean igotako langabezia, %50,81 emakumeak direnak; Nafarroan 2020 urtean, ilbeltzetik irailera arte, 1.034 eraso salatu izana...