Arrazakeriaren kontra, parte hartu

Guaixe 2021ko mar. 19a, 12:32
Txingurriyek antolatutako Munduko Arrozak ekimena. Artxiboa.

Igandean, 12:00etan, plazan Txingurriyek parte hartze ekitaldia antolatu du.

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da igandean. Hori dela eta, Txingurriyek Arrazakeria baztertu! leloa duen ekitaldia antolatu du. Plazara hurbildu ahala munduko musikak entzuten hasiko dira lakuntzarrak eta bisitariak. Txingurriyeko kideek plazan jarritako standetik jarriko dute musika. Hara hurbiltzen direnek arrazakeriaren kontrako ekarpena egiteko aukera izanen dute, Txingurriye taldekoen asmoa baita hainbat hizkuntzatan kartelak sortzea. Beraz, joaten direnak bere ekarpena idatziz, marraztuz, eskua estanpatuz edo beste moduren batean egiteko aukera izanen dute. Horrekin batera, Txingurriyeren standetik pasatzen direnak Denboraren Bankuari buruzko informazioa jaso dezakete, han parte hartzeko azalpenak emanen baitituzte.