Udalak herrian dituen bi partzela salduko ditu

Guaixe 2021ko api. 22a, 13:34

Uriz kalearen ondoan daude eta enkante bidez salduko ditu. Bertan etxea egin eta bizi nahi dutenei zuzendutako salmenta da.

Etxea jasotzeko aukera duten bi partzela enkante bidez salduko ditu Lakuntzako Udalak. Baina salmenta egin aurretik partzelei buruzko informazioa eta haien baldintzei buruzko informazioa emateko informazio epea zabaldu du Lakuntzako Udalak. Interesa zuten pertsonek hilaren 8an, 12an eta 15ean udaletxetik pasa dira argibide eske. Bi partzela horiek Uriz kalearen ondoan daude, Aralar burdindegiaren parean. Aurrenak 285,45 metro karratuko azalera du eta bigarrenak 330,02 metro karratu. Bakoitzaren hasierako prezioa enkantean 36.000 eurokoa izanen da. 

Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu duenez, “ez dugu nahi partzelak erosten dituenak haiekin espekulatzea nahi. Etxea egiteko eta bertan bizitzeko izatea nahi dugu. Horregatik, bi baldintza izanen dituzte partzelek: erosten direnetik bost urtetara etxea egina izatea eta partzela 10 urtetan ezin izanen dela saldu”. Udalak salduko dituen bi partzela horietaz aparte, beste bi jaberenak diren bi lursail gehiago daude inguru horretan. 

Alkateak jakinarazi duenez, “dena ongi badoa, lursail horrek urte bukaerarako urbanizatuta egon beharko luke. Eta jabe berriei partzelak zerbitzu guztiekin emanen litzaizkieke”. Urbanizazioa egitean sortuko den partzela handiena udalarena da. “Zuzkidura-lurzorua da eta udalean beti pentsatu izan da hor eguneko zentroa egitea. Baina ikusi behar zein erabilera emanen zaion”, zehaztu du alkateak.