Ricardo Areta

"Itoiz sekulako musika banda zen; bere garaian aitzindariak"

Maider Betelu Ganboa 2021ko mai. 12a, 15:00

‘Itoiz. Udako Sesioak’ ikusentzunezkoa prestatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea. Material bilketa egiten ari dira: garaiko argazkiak, bideoak, audioak, artikuluak… jaso nahi dituzte. Itoiz taldeko zale amorratua den musikari lakuntzarra taldeak Ilargin eskainitako kontzertu batean izan zen

1. Egun La Banda del Jefe Bigun taldeko bateria jolea zara, musika estudioa duzu, musikazale hutsa zara eta, tartean, Itoizen zale amorratua. 
Bai, betidanik. Itoiz Lakuntzako eskolan entzun nuen lehen aldiz, Iñaki Handia eta Iñaki Txikia irakasleekin. Gogoan dut Alkolea izeneko zinta ekarri zutenekoa; azalak berak atentzioa deitu zidan, eta musikak zer esanik ez. Ordutik zalea naiz. 

2. Itoizek bi etapa izan zituen: 1978-1983 artean rock progresiboa eta musika esperimentala landu zuten eta 1983-1988 bitartean pop-rocka.
Bai. Aldaketaren inflexio puntua 1983an gertatu zen, Jean-Marie Ecay gitarra jolea taldean hasi zenean, berarekin Musikaz Blai diskoa egin zutenean. Musika progresiboa aipatzen da, baina esanen nuke lehendabiziko etapa horretan Itoizek ere folka lantzen zuela, orduko kantautoreek bezala, baina garaiak aldatzen hasi ziren. Trantsizioaren ondoren protesta kantuen eta kantautoreek beherakada hasi zen, eta pop-rock doinuak hasi ziren, Movida Madrileña delakoaren hasierarekin batera. Orduan, Ingalaterrako musika eraginak hona iristerako hiruzpalau urte pasatzen ziren, baina Itoiz, ez dakit taldeko Iparraldeko bi musikarien eraginez edo, Europako gainontzeko lurraldeetan egiten zenarekin garaikidea zen, aitzindaria. Hemengo garaiei aurreratua. Uste dut bi gauzak elkartu zirela: taldearen eboluzio logiko bat, batetik, eta Ecayren eragina; bera izan zen aldaketaren piztaile nagusia. 

Itoizen hazia 1974. urtean Mutriku eta Ondarroako kuadrilla batek sortutako Indar Trabes berbena taldea izan zen. Pentsatzekoa da agian Iparraldean ere kontzertuak emanen zituztela, nire aitak Diamantes taldearekin kontzertu asko eskaintzen baitzituen garai haietan Iparraldean. Agian hortik sortuko zen Iparraldeko konexio hura, gitarra jotzaileekin harremana eta bertako musika eraginak. Lehen diskoa grabatu behar zutenean izena aldatu eta Itoiz jarri zioten. 

3. Ilargi diskotekan hirutan jo omen zuen Itoizek.
Bai, lehendabiziko biak Ilargiko lehen nagusiek, Ines Beteluk eta familiak kontratatuta, eta bigarrena bigarren nagusiek ekarrita. 80ko lehendabiziko urteetan izan zen lehena, taldea hazten eta famatu egiten hasi zenean. Bestalde, 1983. urtean Lakuntzako orduko kintoek, 1963koek, udako festetako azken egunean jotzeko Itoiz kontratatu zuten. Izan ere Lakuntzako festetako azken eguna kintoek antolatzen dute. Guztia prest zuten, herrietan kartelak jarri zituzten, lehen egiten zen bezala, hau da, kuboa, kola eta erratzarekin, baina 1983ko abuztuaren 26ko Bilboko uholdeak gertatu ziren, eta taldekide asko bizkaitarrak izaki, ezin izan zuten etorri eta kontzertua bertan behera geratu behar izan zen. Handik gutxira Ilargira etorri ziren berriz. 

4. Ilargiko bigarren kontzertu horrek polemika ere izan zuen, bonba mehatxua egon baitzen.
Inesen alaba Gorettik kontatuta, diskoteka toperaino beteta zegoen, sekulako giroa zegoen eta Itoiz oholtzara atera eta lehendabiziko kantua jotzen ari zenean zoramen horretan Guardia Zibila etorri zitzaien, bonba mehatxua egon zela eta diskoteka hustu behar zela esanez. Orduan ohikoa zen Guardia Zibila bonba mehatxuak zeudela esanez agertzea. Jende guztia kanpora atera behar izan zuten, jendea haserre zegoen –kontuan izan 1983. urtea zela, orduko egoera politikoa puri-purian zegoela eta Guardia Zibila tartean zegoela–… Guardia Zibilek guztia miatu zuten, bonbarik ez zegoela egiaztatu eta berriro jende guztia sartu zen. Gorettik dio Itoiz oholtzara atera zenean sekulakoa izan zela, diskoteka guztiak batera egin zuela gora. Zirraragarria izan zela, sekulako kontzertu puska. 

5. Egun horretan taldeko gitarrista batek ezin zuela jo eta Iparraldeko batek bere tokia hartu zuela diote zaleek, eta sekulako arrakasta izan zuela.
Litekeena da Jean-Marie Ecay izatea. Orduan hasi zen Itoizekin, eta bere marka utzi zuen, zalantzarik gabe. 

6. Ilargin hirugarren aldiz 1986an edo 1987an aritu zen Itoiz, bere gorenean zegoenean, eta kontzertu horretan zu izan zinen Ricardo. 
14-15 urte izango nituen. Nire lagun baten ama diskotekako garbitzailea zen. Guk sukaldeko atea jo eta zaintzaileak, Amadeok, edo kudeatzaileak, Mikelek atea zabaldu eta kontzertuak ikusten uzten ziguten. Hasieran DJ-aren kabinaren ondoan zegoen barra handiko izkinatik ikusten genituen, gaztetxoak baikinen, baina handitzen gindoazen heinean diskotekan barna ibiltzen uzten ziguten. Kontzertu guztietara joaten ginen. Ildo honetan, Ilargi sekulakoa izan zen gure belaunaldietarako; musika talde pila bat zuzenean ikusteko aukera eman zigun, aste batean bai eta hurrengoan ere bai. 

7. Kontzertuaren zer nolako oroitzapenak dituzu?
Bateria gogoan dut, Jimmy Arrabit, ni bateria zale amorratua naizelako, eta gogoan dut ere Juan Carlos Perez oso altua iruditu zitzaidala. Diskoteka leporaino beteta zegoen, giro aparta eta sekulako kontzertua izan zen. Izan ere, Itoiz taldea oso oso ona zen. Bere kantak, errepertorioa, zuzenekoa asko lantzen zuten… ordura arte ikusi nuenerako oso talde profesionala iruditu zitzaidan. 

8. Zein da Itoizen zure kanturik gustukoena? 
Oso zaila da esaten. Musikaz Blai diskoko To Alice kantua oso gustukoa izan dut betidanik. Kantu berezia da, arraro xamarra, baina egia esan, ez nuke jakingo esaten. Izan ere, kanta bat ona da, eta hurrengoa hobea. Ez dute erdipurdiko kanturik. Disko oso onak egiten zituzten, eta denboran zehar maila horri eustea oso zaila da. Sekulako banda zen. 

9. Eta entzuten badituzu badirudi ez direla modaz pasatzen, gaur egungo talde bat dela.
Hala da. Telefonoan Itoizen diskoak ditut beti, eta entzuterakoan beti freskoak iruditzen zaizkit, gaur egungoak. Ez duzu pentsatzen: “hara nola jo zuen kantu honek 80 hamarkadan”. Ez du ukitu nostalgikoa, ez dira garai bateko doinuak. Gaur egungo edozein bandak egin ahalko lituzke kantu horiek, soinu horrekin. Izan ere, euren diskoek sekulako produkzioa zuten. Lehendabiziko hirurak Jean Phocas soinu teknikariak produzitu zituen, ondorengoak Madrilen eta Parisen grabatu ziren, eta diskoren bat Londonera eraman zuten masterizatzera. Sekulako maila zuten. 

10. 2003an beste hainbat sakandarrekin sortutako taldeari Ambulance izena jarri zenioten, Itoizen kantu baten izena.
Talde batean zailena, taldekide guztien arteko batasuna lortzeaz gain, izena jartzea da. Gure kasuan, guztiak bateratzen gintuen zerbait bilatzen saiatu ginen, bakoitza ama batekoa baikinen, eta denoi Itoiz gustatzen zitzaigula, hori izan zen lokarria. Proposamen ezberdinen artean Ambulance izena aukeratu genuen. Horrek ez du esan nahi egiten genuen musika Itoizek egiten zuenaren antzekoa zenik, baizik eta Itoiz guztiok atsegiten genuen taldea zela, guztiongan eragina izan zuena. 

Bitxikeria bat aipatuko dizut. Donostian Ambulance taldearen diskoa Elkarrekin grabatu genuenean, Jean Phocas soinu teknikariarekin grabatu genuen, hain zuzen ere Itoizen lehen hiru diskoetako soinu teknikariarekin. Bestalde, Itoizko bateria Jimmy Arrabitekin Etxarri Aranatzen topo egin nuen. Guk Direccion Contraria taldearekin jo genuen, eta bera Belladona taldearekin bateria jotzera etorri zen. Iparraldetik Escarabajo hori batean etorri zen, eta gogoan dut Escarabajoek aurrean zuten maleterotik nola atera zuen bateria. Juan Carlos Perez Itoizko kantariarekin berak bakarlari gisa diskoa grabatu zuenean top egin genuen. Fran Iturbek egiten zizkion diskoaren produkzioa, Berriozarren, eta guri Ambulance taldeko zenbait kanturen produkzioa egin zigun, Elkarrekin fitxatu baino lehen. Juan Carlos Perezen estudio berberean egon ginen lanean, gogoan dut han zegoela bere pianoa eta bere Fender Telecasterra. Eta Jean-Marie Ecay ere Ambulancekin kolaboratzear egon zen, Jean Phocasen laguna baitzen, baina Oihuka produktorearen arazoengatik ezinezkoa izan zen. Azkenean musikaren mundua, zirkuitua, nahiko txikia da, guztiak gertu gabiltza. 

11.Doxakoei utzi ahal diezun Itoizen oroigarririk ba al duzu?
Ez ba... Garai haietan ez zegoen telefono mugikorrik, ordenagailurik… informazioa ez zen gordetzen, ez dago ezer. Gaur egun guztia informatizatuta dago, baina ordutik dakigun guztia jendeak dituen oroitzapenetik dator. Ildo honetan, lakuntzar batek aipatu zidan Itoizen kontzertu batean egon zirela, Etxarri Aranatzen, ikastolako patioan. Norbaitek argazki, bideo, audio, artikulu edo informazioaren bat badu, nahiz eta kalitatezkoa ez izan, jar dadila Doxa Produccionesekin harremanetan (archivo@doxaproducciones.com).