Ozenki irakurri behar da Bingen Amadozen liburuaren izenburua: Hiltzaileak, («denek jakin dezaten!»). 1936ko kolpearen ondoren bere familiaren istoriatik abiatu da errepresioa eta sarraskia pairatu zutenen ahotsen bidez isildutako istorioa azaleratzeko. Hiltzaileen profila aurkezten du ere, eta ulergaitza dena azaltzen saiatzen da. Posible bada.
Zerk eraman zaitu istorioa hau kontatzera?
Betidanik bizi izan dut giro hori; betidanik jakin nuen zer gertatu zen gure familian. Ez nintzen joan behar inora nire etxetik abiatuta baneukalako nahikoa kontatzeko. Etxe guztietan ez zen kontatu, etxe askotan isiltasuna izan zen, baina ez zen nire familiaren kasua. Bai amaren etxean bai aitaren etxean betidanik entzun nuen zer gertatu zen garai hartan. Larriak eta latzak pasatu zituzten. Hildakoak izan ziren ere: nire aitona eta nire osaba hil zituzten. Erail zuten osabaren izena jaso nuen, eta behartuago bezala sentitu nintzen haren oroimena zaintzera eta zabaltzera. Gainera, urteak joan eta urteak etorri memoriaren mundu horretan mugitu naiz eta jende asko ezagutu dut. Antzekoak pasatutakoak. Hortik ere hainbat testigantza jaso ditut. Horien bidez beste batzuengana iritsi nintzen, eta, azkenean, ikusi nuen hau kontatzea behar zela jende askok oso gutxi zekielako honi buruz, edo oso gutxi. Beldurrarengatik isiltasun handia egon zelako. Hau dena kontatzeko zegoela sentitu nuen, jakin zezaten zer izan zen hura. Ikaragarria izan zen, eta horregatik azpititulu hori. Hori da liburuaren helburua.
Beste ikuspuntua falta da?
Oso zaila da ulertzeko batzuk besteei egin ziotena. Gogorra eta ulertezina da. Inork ez du ulertzen nola gauetik goizera zure auzokoa bihurtu daitekeen etsai; etsai amorratua, gainera. Hiltzeraino. Hori zaila da. Horien larruan jartzea zaila da. Baina hori gertatu zen. Askotan esaten dugu ez dela errepikatuko horrelako zerbait. Oso gogorra eta latza izan zen. Gutxienez, jendeak jakin dezala zer gertatu zen eta agian aurreratzean zertxobait jakinda ez dadila errepikatu. Baina ez gaude ziur ez dela errepikatuko. Auskalo etorkizunean zer gertatuko den. Hemen ez bada gertatzen, beste toki askotan gertatzen dira. Bosnia ez dago hain urrun, eta bertan gertatutakoa… eta duela urte gutxi izan zen. Bertako bizimodua eta gure ez ziren oso desberdinak. Afrika eta Hego Amerika… horrelakoak gertatzen dira gaur egun. Tamalez, jendearen izate hori hor dago. Gizakia da gizakiarendako gauzarik gaiztoena; baita onena ere.
Liburuan hiltzaileen profil orokor bat agertzen da. Zerk lotzen zituen?
Batzuetan ez ziren ezta klase berekoak ere. Paper desberdinak zituztena aberatsek. Ez zuten gauza bera egiten aberatsek edo pobreek. Pobreak normalean aberatsen azpian edo mandatupean zeuden. Aberatsek prestatzen eta finantzatzen zuten, horrelako sarraskiek finantziazioa behar dutelako. Baina lotu, eraman, tirokatu eta hori guztia haien menpekoek egiten zuten. Beraz, profil oso desberdinak zeuden. Orokorrean, ezkutuan aberatsak zeuden eta pobreak ikusgarriagoak ziren. Zergatik egiten zuten? Hor dago fenomeno bat: fanatismo erlijioso eta politikoa. Fanatiko batek egin dezake edozein krudelkeria eta edozein gauza. Fanatismoa da gizakiaren min handia. Fanatismo horretan sartzen dira kultur gutxiko jendea, baina fanatismo sortzen dutenak kultur handikoak dira.
Elizaren papera ezinbestekoa izan zen.
Hemen, tamalez, esan beharra dago gehienek faxismoaren alde jo zutela. Baziren bestelakoak ere. Paper handia izan zuten gorrotoa zabaltzen. Bere sermoietan zeharka zabaltzen eta eskatzen zuten ondokoa garbitzea. Kasu egiten zieten, asko, gainera. Paper desberdinak eta profil ere oso anitzak ziren. Sarraskian denek parte hartzen zuten. Finantzatzen zutenak, zuzenean erahiltzen zutenak baita isiltzen zirenak ere. Ez ikusiarena egiten zutenak. Errudun asko daude.
Noizbait sendatuko da?
Hori ixtea ez da erraza. Zuzenean jaso zutenen mina ezin da desagertu. Nire kasuan nire gurasoek eta aiton-amonek jaso zuten eta dagoeneko desagertu dira. Bere bizitza osoan min hori eramaten dute beraiekin, eta gero transmititzen dute. Guk jaso dugu nahiz eta zuzenean ez egon, eta guri dagokigu erreparazioa. Horretan ari gara. Testigantzetan ez dut gorrotoa jaso. Urte asko pasa dira, hasieran gehiago izango zen. Jaso dudana mina da. Min hori ez da pasatzen. Nola kendu behar diozu mina nire aitari ikusi zuenean haurra zela bere aita eta anaia hiltzera eramaten zituztela? Min hori ez da kentzen. Ezin da. Guregana iritsi da, eta eragina izan du. Familia hori txundituta gelditzen zen, baita etorkizuna ere. Ez zen bakarrik jendea hiltzea: lapurtu zuten, eta itxaropenak eta aukera kendu zieten ere.
Liburuaren helburuetako bat erreparazioa al da?
Helburua da lehendabiziko jakinaraztea. Jende askok ez zekien ezer. Oso latza da gertatuko gauza erreal horiek ez direla ezagutzen. Nik uste gure historia txikia eta gertukoa ezagutu behar dugula jakiteko hemen gauza larriak gertatu zirela. Aurrerantzean teorikoki horrelakoak ez gertatzeko. Saiatu behar gara ez daitezela horrelako gauzak errepikatzen. Hori lortuko dugu ezagutzen bada. Faxismoak ez du berriz boterea lortuko ondorioak zeintzuk izan ziren ezagutzen bada.
Nafarroako hainbat herritako testigantzak jaso dituzu.
Hemen sarraski gehienak toki jakinetan gertatu ziren: Iruñerrian, erdialdean eta Erriberan. Sakanan ere izan ziren, Etxarrin eta Altsasun, esaterako, baina larriena erdialdean eta Erriberan izan zen. Hor ibili naiz gehien bat kontaktu asko nituelako. Testigantza asko jaso nituen. Han mugimendu sozialak handiagoak ziren. Herri lurren mugimendua eta gatazka sozialak handiagoak ziren eta haiei erantzuna eman zieten altxatu zirenek.
Bilaketa lan handia egin duzu.
Isiltasun handia egon da. Hori esan behar da. Herrietan zerbait kontatu da, baina isiltasun hori gaur arte mantendu da. Alde batekoek ez diote esango zure aitona hiltzaile bat zen. Ez dauka zentzu handirik ezta. Herri guztietan badakite, batez ere sufritu zutenek, zapalduen artean nor zegoen. Ezagunak dira. Testigantza horiek hor daude. Baina beldurraren beldurrez eta isiltasunaren isiltasunez alde batekoek ez dakite bestekoek zer dakiten. Zauri horiek sendatzen edo erreparatzen saiatu garen hamarkada hauetan ezagutzen ditugu kasu horiek. Baina zaila da isiltasuna haustea. Zaila da hori asumitzea. Oso garbi utzi behar da ezin ditugula nahastu haiek eta bere ondorengoak. Inork ez du ezer ondorengoen kontra. Errudunak bere ekintzen jabe izan behar dira, eta horiek bakarrik. Inork gehiago ez. Ondorengoek ez dute errurik, eta inork ez die ezer eskatuko. Baina badira defendatzen dutenek ere, eta hori mingarriagoa da.
Lakuntzan aurkezpena egingo duzu, nolakoa izango da?
Dagoeneko liburua askok irakurri dute eta orduan galderak espero ditut.