Musikari nafarrak sustatzeko bertsioak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mai. 27a, 13:00
Olatz Andueza musikari lakuntzarrak 'PamploSound' jaialdian parte hartuko du.

Iruñeko Udalak Nafarroako 28 musikari bildu ditu eta haien arteko fusioarekin hamar abestiez osatutako 'PamploSound' online bidezko jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du. Olatz Andueza musikari lakuntzarrak parte hartu du egitasmoan

Bigarren urtez Iruñeko Udalak PamploSound jaialdia antolatu du hiriko eta Nafarroako musikariak eta kultura sustatzeko. 28 musikariek parte hartu dute eta hamar abesti interpretatu dituzte, tartean Olatz Andueza lakuntzarrak. "Egia esan ez nuen orain arte ezagutzen". Musikariak azaldu duenez proiektuaren helburua "bertako musikariei ikusgarritasuna" ematea da.

Proposamena Juantxo Skalarik egin zion. "Berari eskaini zioten abesti bat jotzea eta askotan berarekin jo izan dudanez Skalariak taldean ea animatzen nintzen esan zidan eta baiezkoa eman nion". Anduezak Skalariak taldearen 25. urteurrenean kolaborazioak egin zituen ere, "eta noizean behin hor ibiltzen gara Juantxorekin saltsa guztitan". PamploSound-erako "zerbait akustikoa" nahi zuten, eta Rudi not dead abestiaren bertsioa egitea pentsatu zuten, Juantxo Skalari eta Rude Band-eko aurreko diskoaren abestia.

"Zerbait desberdina" da jaialdiaren ideia. Musikarien arteko fusioak bultzatzen ditu, eta estilo desberdinetako abestiak plazaratzen ditu ere, bertsioen bidez. Juantxo Skalarirekin eta Olatz Anduezarekin batera Haimar Arejita Gatibu taldeko gitarra jolea, Endika Iriso Roten XIII-ko taldekidea eta Juanma Urriza Boli Skalariak taldeko bateria jolea izan zena aritu ziren Rudi not dead bertsioa akustikoa egiten. "Pare bat" abestiren artean zalantzan egon ziren, baina Irisok ere ahotsa sartu behar zuenez, erosogoa sentitzen zen abestia aukeratu zuten. Gainera, "entseguak ezin izan ditugu egin, bat Katalunian bizi delako, bestea Bizkaian…". Teknologia berrien bidez "puzzle moduan" bakoitzak bere zatia grabatzen zuen.

Grabazioaren aurretik elkartu ziren, goizean goiz, abestia entseatzeko eta ondoren abestiaren eta bideoaren grabazioa egin zuten. "Ez dakit zenbat aldiz jo genuen; lehenengo froga bat egin, gero beste bat…". Bideoa Iruñeko Arrotxapea auzoan dagoean Iwer eraikinean grabatu zuten, Matesa zeta lantokia zena. "Eraikin ikusgarria da, eta joko asko ematen du". Iritsi zirenean "ez zirudien" Iruñean zeudela: eszenografia zuhaitzez, landarez eta txorien irudiez osatuta zegoen. "Jamaican geundela zirudien". Dena sorpresa izan zen, "ez genekien nora gindoazen".

Beharrezkoak
Musikarien egoera "izugarri gogorra" izaten ari dela esan du Anduezak. Horregatik PamploSound bezala ekimenak "beharrezkoak" dira. "Sektorea aurretik zigortuta zegoen, sektore bat da non asko beste lan batzuetan ari garen eta oso zaila aurrera egitea. Egoera honek kriston kolpea eman dio". Anita Parker taldean eskaini dituzte kontzertuak ere horrelako egitasmoen bidez izan direla azaldu du: "Instituzioek antolatutako jaialdiak eta horrelakoak. Bestela, streaming bidez". Baina ez da berdina: "Publikoaren kontaktu hori ez dago, eta guretzako beharrezkoa da ere". Behar dute. "Erakutsi da kultura segurua dela. Aretoetan neurriak hartuz eta protokoloak jarraituz ez dago arazorik".

Kontzertuak aldatu dira, hori bai. "Lehenengo kontzertua egin behar genuenean esaten genuen, baina nola izango da jendea eserita?". Ez zela hain dramatikoa izan aitortu du. "Buelta eman genion. Jendeak ezin du dantzatu, baina jendea horretara dago: entzutera eta ikustera". Egoerari alde ona ikusi diote, baina "taldea bizirik dago zuzenekoak badaude".

Koronabirusak eragindako egoera eta konfinamendua disko berria egiteko aprobetxatu du Anita Parker taldeak. "Nik uste guztiak ari garela prestatzen". Aurretik aurreikusita zuten, eta ez zaie gaizki etorri egoera. "Ez dugu gehiago itxoin behar".

PamploSound jaialdia parte hartu duten musikariak eta abestiak

  • Isusko, Sergi Ugarte, Amaia Astiz, Iruñeko Orkestra gaztea: Animas
  • Alfredo & Iker Piedrafita, José Ramón García: Miedo
  • Monte del Oso, Gorka Urbizu: Suzko bola
  • Broken Brothers Brass Band, Nerea Erbiti: El barquero del Ebro
  • Juárez, Kabbalah, Cora Bloom: Los sueños no dan dinero, dan problemas
  • Anne Lukin, Los Tenampas: Quisiera
  • Fulano, Ione Ayerdi, Germán San Martín: I don’t want you
  • Tonino Carotone, Piluka Aranaguren: El último cliente
  • Juantxo Skalari, Endika Iriso, Olatz Andueza, Haimar Arejita, Juanma Urriz: Rudi not dead (Unplugged)
  • Razkin, Naiara Ruz: Que nadie apague tu luz