Astekaria

Eguzki izpiak kultura bihurtuta

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 10a, 12:07
Ekirock proiektuaren aurkezpena Lakuntzan. UTZITAKOA

Ekirock proiektua aurkeztu zuten Lakuntzan. Eguzki indarraz baliatuta kontzertua eskaini zuten Ibaitxok, Martinek eta Rikardok osatutako Goruntz taldeak eta Jon Gurrutxagaren eta Urbil Artolaren Kateak-ek

Eguzki indarraz baliatuta dabilen kultur azpiegitura eta komunikazio zentro bat dela azaldu du Urko Ruiz Apodaka Ekirock proiektuaren kideak. "2018. urtean hasi ginen honi forma ematen OrdiziaRock ekintzak eta Krea Energia Berriztagarria". Garai horretan eguzki indarraz baliatutako jaialdi bat egin zuten, AfterSun, eta bertan erabili zituzten gailu guztiak eguzki indarrarekin erabili zituzten. "Hortik hasi ginen proiektuan lantzen".

"Elektrizitaterik ez zegoen toki batean kontzertu bat antolatu nahi genuen". Behar batetik abiatu zen proiektua. "Gu beti ibiltzen gara gauzei hamar mila buelta ematen eta gabezia hau ikusi genuen". Jon Zabala Krea Energia Berriztagarriak-eko arduradunarekin bildu ziren. Gero gauzak "hobetzen eta sartzen eta ateratzen" joan ziren, Ekirock sortu arte.

Azken finean, "entxufe ibiltari" bat da. "Katxarro hori energia biltzeko puntu bat da. Generadore bat izango balitz bezala, baina eguzki indarra hartzen du". Bizikleta bat jarri zioten, eta kontzertuetarako eta kultur ekintzetarako baliatu zuten. Komunikazio sistemaren bidez momentuoro jakin daiteke zenbat energia sartzen den, zenbat erabiltzen ari den, zenbat biltzen ari den eta abar.

Kultur azpiegitura
DJ saioak, kontzertuak, proiekzioak, bertso saioak, antzerkiak, hitzaldiak… Ekirock-ek kultur arloko edozein emanaldi egiteko aukera eskaintzen du. "Soinu ekipo finko bat du, soinu mahai digitala non gitarraren eta baxuaren simulazioa egin daitekeen, proiektorea, mikrofonia eta abar. OrdiziaRock-ek aspaldiko kontu batekin jarraituz pertsona gorrendako bukle magnetikoa ere badauka". Gainera, zentroa ez ezik, bozgorailu gehiago entxufatzeko aukera dago ere.

Ekirock aparatuak eguzki indarra hartzen du eta biltzen du. Pilatutako energia horrekin hamalau orduko DJ saio bat egin daitekeela esan du Ruizek. "Kontsumitzen den energiaren araberakoa da. DJ saio bat sinpleena da eta esango nuke ia-ia ez dela inoiz bukatuko". Emanaldiak gauez egiten badira, energia bateriatik hartzen du eta eguzkia ateratzen denean berriz kargatuko da. Geroz eta elementu gehiago konektatu, bateria azkarrago bukatuko da. Baina Ekirock-ek autonomia handia du: "Añorgan jaialdi bat egin genuen. Goizean soinu frogak egiten hasi ginen eta 20:30ean bateriaren %10 baina ez zen gastatu".

Eguzki energia
Aurreko ostiralean Ekirock-eko arduradunak Lakuntzan izan ziren. Goizean saio didaktikoa eskaini zuten herri eskolan eta arratsaldean eguzki indarraren bidezko kontzertua izan zen plazan. Saio didaktikoak egitearena "zeharka" sortu zitzaiela azaldu du Ruizek. Saio hauetan eguzki indarra erabiltzearen abantailak azaltzen dituzte: "Energiak etxera iristeko pasatzen duen prozesua, kutsadura zer den eta eguzki energiarekin nola murriztu daitekeen". Azken finean, Ekirock zergatik sortu duten erakutsi nahi dute: "Zuzenean erakutsi dezakegu eguzki indarraren ahalmena".

Oraindik "esperimentatzen" ari direla esan du Ruizek, eta haurren adinaren arabera interes gehiago edo gutxiago erakusten dutela azaldu du. "Batzuetan galdera asko egoten dira, beste batzuetan gutxi; haur batzuk asko dakite, uste baino gehiago". Harridura ere erakusten dute, momentuan energia sortzen dela ikusten dutelako.

Egun berean, arratsaldean, Ekirock-en bidezko kontzertua egin zuten Lakuntzako plazan Goruntz Ibaitxo, Martin eta Rikardo Lakuntzako musikariekin osatutako taldeak eta Jon Gurrutxagaren eta Urbil Artolaren Kateak taldeak. Lehenengo emanaldian gitarra, baxua eta bateria konekatuta zeuden, eta bigarrenean bi gitarra akustiko, nahiz eta Urbilek gitarra mota desberdinak erabili zituen. "Jendea gustura egon zen eta potentzia maila nahikoa eta soberan egon zen".

Uda izan ohi da kontzertuak eta emanaldiak eskaintzeko garai aproposena, baina "egoera orain nahiko xelebrea da". Ekirock proiektuaren kideen helburua ez da "kristoren jaialdiak" egitea. Gustuagatik egiten dutela aitortu du Ruizek, "eta aspertzen garenean utziko dugu". Bi hamarkada inguru daramatzate kontzertuak eta mota guztietako ekitaldiak antolatzen, eta herriren batek behar badu, Ekirock tresna ez ezik, emanaldi guztia produzitu dezakete.