Pleura zuzenean

Guaixe 2021ko eka. 10a, 10:29

Ion Mayordomo, Olaia Inziarte, Unai Urroz eta Julen Zeballos, Baztango, Malerrekako eta Leitzako gazteek osatzen dute taldea. Larunbatean, ekainaren 12an, 19:00etan, 'Bakarrilketa' diskoa aurkeztuko dute Lakuntzako kultur etxean. 

Pleura taldea 2018an sortu zen. Ionek eta Olaiak, Lamia taldeko kideak, proiektu berri bat hastea erabaki zuten. Horretarako, bikotea laukote bihurtu zen, eta taldera Unai eta Julen batu ziren. Baztango, Malerrekako eta Leitzako gazteak dira. Pleura rock talde bat da, baina talde kideak beste talde batzuetan egon direnez, estilo eta doinu desberdinak tartekatzen dituzte. 2020. urtean diskoa kaleratzeko dena prest zuten, baina pandemia iritsi zen, eta atzeratu behar izan zuten. Urte amaieran Bakarrilketa diskoa publikatu zuten, eta orain aurkezpen kontzertuak egiten ari dira. Larunbatean, ekainaren 12an, 19:00etan, Lakuntzako kultur etxean emanaldia eginen dute. Sarrerak 5 eurotan eros daitezke Tximonen tabernan.