Lakuntzako Lagun Artea futbol klubak asteburu honetan despedituko du 2020/2021 denboraldia, kimuen taldeak bihar Lekunberrin jokatuko duten azken jardunaldiarekin. Klubeko gainontzeko taldeek –haurrak, kadeteak, jubenilak eta 1. Maila Autonomiko talde nagusiak–, aurreko asteburuan despeditu zituzten lanak. Lagun Artea klubeko futbol koordinatzaile Asier Arregi Alegriak denboraldiaren balorazio positiboa egin du. “1. Maila Autonomikoan aritu gara lehenengoz eta kategoria txikiko taldeak ere ongi ibili dira. Ezin dugu gehiago eskatu. Jada datorren denboraldia prestatzen gaude. Hemen lanak ez dira bukatzen, topera gaude” azaldu du.
Pandemiak guztiz baldintzatu du denboraldia. Dagoeneko ia ahaztuta dugu, baina futbol ligak jokatu izana asko izan da, txapelketa bera hastea kolokan egon baitzen. Lagun Arteak otsailaren 14an mustu zuen kategoria berria, 1. Maila Autonomikoa, etxean, Garesen kontra, eta bana berdindu zuten lakuntzarrek. Azkeneko jardunaldia igandean jokatu zuten, etxean eta 2 eta 1 hartu zuen mendean Burladés. “Kategoria hau, 1. Maila Autonomikoa, 3. mailaren eta preferente mailaren artean dago, eta duela sei-zazpi urte sortu zuen federazioak. Gu izan gara kategoria berri honetan aritu garen Sakanako lehen taldea, eta alde horretatik pozik gaude. Igandean jokatu genuen ligako azken partida. Jokalariek lehertuta bukatu zuten, beroagatik, baina garaipen batekin agurtu dugu denboraldia eta hori oso polita da” nabarmendu du Arregik. Iñaki Berastegik eta Ansorenak sartu zituzten txurien bi golak, eta arbitroak Unai Bakaikoak sartutako gola baliogabetu zuen, jokoz kanpo zalantzagarri batean, baina garaipenari esker, sailkapeneko 8. postuari eustea lortu zuen Lagun Arteak (17 puntu).
Asier Arregi: “1. Maila Autonomikoan debutatu dugu eta maila txikietakoak ongi ibili dira. Ezin dugu gehiago eskatu”
Maila berriari tamaina hartzen
Nafarroako Futbol Federazioak hasieratik adierazi zuen aurten ez zela jaitsierarik egongo, eta alde horretatik lasaiago aritu dira taldeak, kategoriari eusteko presio hori gabe, baina behin txapelketa hasita, talde guztiek ahalik eta hobekien aritu nahi izaten dute. “Kategoria berria probatzea zen asmoa, mailari tamaina hartzea, eta futbolera jokatzea. Pandemia dela eta, horrekin konformatzen ginen, jokatze hutsarekin. Baina, badakizu, behin lehiatzen hasita, inork ez du azkena sailkatu nahi, eta talde guztiek dena eman dugu. Hasiera zaila izan zen, baina guretako urtea polita izan da” ondorioztatu du Lagun Arteako futbol koordinatzaileak.
Hasieran kategoria berrian aritzea kosta egin zitzaien. “Preferentetik gentozen. 1. Maila Autonomikoa maila nagusiagoa da, eta nabaritzen da. Talde oso onak daude, 3. mailatik jaitsi direnak, Iruñerriko talde garrantzitsuak, herri handietako talde indartsuak… eta gurea bezalako herri txiki bateko talde batekin alderatuta, aldea dago. Gure taldea sakandarra da %100ean, eta talde handi horien kontra lehiatzea ez da erraza” dio Arregik.
Jakina da hiriko eta herri handietako klubek jokalari asko dituztela eta onenak hautatzen dituztela. Herri txikikoek, aldiz, ez dute horrenbesteko aukera, eta alde horretatik, meritu gehiago dute. “Sakanako talde bat gara, eta duela urte batzuk zehaztutako filosofia horrekin jarraituko dugu, bertako jokalariekin. Badakigu aurkariak nolakoak diren, baina guk argi dugu” gaineratu du lakuntzarrak.
Behetik gora
Lagun Arteak hasiera mugitua izan zuen, baita aulkian ere. 2019/2020ko entrenatzaile bera, Jesus Martin Davila, izan zen hasierako entrenatzailea. “Baina lehen jardunaldia jokatuta Jesusek taldea utzi zuen, eta nik hartu behar izan nuen talde nagusia entrenatzeko ardura. Kategoria txikietako taldeen entrenatzailea izan naiz beti, eta gogotsu hasi nintzen, baina halako kategoriak ezberdinak dira, askoz ere gehiago eskatzen dute, eta ez nengoen horretarako mentalizatuta. Maila pertsonalean ez nuen oso ongi pasa, gogorra egin zitzaidan. Horregatik, hoberena alde batera egitea izango zela erabaki nuen. Juntak ongi ikusi zuen, eta Jandro Gastaminza entrenatzaile iruindarra ekartzea lortu zuen. Eta oso ongi” kontatu du Asierrek. Aurtengoa trantsizio urtea izango zela argi zuten, eta hala izan da ildo guztietan. "Jandro 3. mailatik zetorren, esperientzia handiko entrenatzailea da, eta nabaritu zen. Taldea altxatu zuen eta beste ilusio bat eman zion taldeari” aipatu du Arregik.
Guztia kontuan hartuta, denboraldiaren balorazio baikorra egin du. “Ez genuen espero denboraldia horren ondo bukatuko genuenik. Jokalariek gogoz hartu zuten kategoria berria, pauso bat eman zuten aurrera eta ikusi dute beraiek kategoria honetan lehiatu ahal direla. Lortu dute. Gainera, Jandroren esperientziarekin, bi faktore oso garrantzitsu elkartu dira eta esanen nuke oso urte polita izan dela” ondorioztatu du.
Datorrena prestatzen
Denboraldia bukatu berri, datorrena prestatzen hasi dira Lagun Artea klubeko juntako kideak. “Jandrok ez du taldean jarraituko, beste eskaintza bat izan duelako, berari hobe datorkiona. Pena da, baina gauzak horrela dira eta beste entrenatzaile bat aurkitzeko lanetan gaude murgilduta. Denboraldi bat amaitzerako, datorrena erdi planteatuta izan behar duzu, bestela zezenak harrapatzen zaitu” dio futbol koordinatzaileak.
Harrobia, primeran
Lagun Arteak kimuen, haurren, kadeteen eta juniorren taldeak ditu. Harrobia, badago. “Iaz, klubeko historian lehen aldiz, kategoria guztietako taldeak izan genituen, eta aurtengoa bigarren denboraldia izan da. Alde horretatik primeran gaude. Lakuntzako jokalariez gain, Arbizu, Arruazu, Uharte Arakil, Altsasu, Olazti, Irurtzun… Sakana guztiko jokalariak ditugu. Jokalari horiek gugana etortzea eta gurekin egotea eskertzekoa da, euren laguntzarekin aurrera egiten dugulako denok. Guretako ez dago sari hobeagorik” azaldu du Arregik, eskertuta. Kategoria txikien entrenatzailea dela igartzen zaio, haurrei sekulako garrantzia ematen baitie. “Haurrei garrantzia eman behar zaie, beraiekin lan egin behar da, taldeko etorkizuna direlako. Kategoria guztiak egotea ere eurendako saria da” gaineratu du.
Asier Arregi: “Txikiekin lan egin behar da; maila guztietako taldeak egotea saria da eurendako”
Kategoria txikiko taldeak ongi aritu direla dio futbol koordinatzaileak. “Kimuen Liga aurten Nafar Kirol Jokoetan sartu dute. Gustura ibili dira, eta larunbatean, goizeko 10:00etan, Beti Kozkorren kontra jokatuko dugu azken partida, Lekunberrin”. Haurrak, kadeteak eta jubenilak ere ongi aritu direla dio. “Entrenatzaile guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, lan handia egiten dutelako. Zenbait jokalari goiko kategorietan aritu izan dira tarteka. Esaterako, kimuen mailako batzuk haurren mailan aritu dira, haurren mailako batzuk kadeteetan... Horrek esan nahi du beraiek ere gauzak ongi egiten ari direla”. Kadeteak kopako final laurdenetara iritsi ziren, eta haurren mailan ere lan polita egin du Lagun Arteak.
Bestalde, jubenilen taldeak jubenilen 1. maila mustu du aurten, eta kategoriara ohitzea pixka bat kostatu zitzaiela aitortu du Arregik, futbolaz kanpoko arrazoiengatik. “Lakuntzakoez gain, Arbizukoak eta Etxarrikoak diren hainbat jokalari ditugu. Pandemiagatik egon diren itxiera perimetralak eta konfinamenduak zirela eta, talde jarraipen hori izatea kosta zaigu. Baina, beno, gustura aritu dira. Gainera, Altsasu taldea maila berean zegoen, eta sakandarren arteko derbi horiek politak izaten dira” gaineratu du Arregik.
Udako Futbol Campusa
Aurki abiatuko den Lagun Arteako Udako Futbol Campusean du burua Asier Alegriak. 2009 eta 2016 urteen artean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena, eta hiru aste daude aukeran: ekainak 23, 24, 25, 28 eta 29, uztailak 19-23 eta abuztuak 16-20. (Informaziorako, 636 509 741 telefonoa).Bera eta Adur Kanpo izango dira monitoreak. “Iaz oso harrera ona izan zuen gure lehenengo campusak, baita aurten ere. Ongi hasi da uda” dio Asierrek. Campusa Zelai Berrin izanen da. “Zelai Berrin talde nagusia aritzen da, eta campusari esker, txikiek bertan aritzea lortzen dute eta hori garrantzitsua da beraiendako. Jokalari nagusiek bezala belarrezko zelaian jokatu dezaketela sentitzen dute” azaldu du Alegriak.
Asier Arregi: “Konfinamenduak, itxierak, osasun neurriak… urte gogorra izan da”
Kluba, osasuntsu
Urte gogorrak izan eta gero, Lagun Artea kluba une gozoan dagoela agerikoa da. “Askotan hitz egiten dugu jokalariak ezin lortu egon ginen urteez, baina egun osasuntsu dago kluba, sekulako harrobia du” adierazi du kirol koordinatzaileak, pozik. Junta ere berritu zuten, duela hiru denboraldi, Lagun Artea erregional mailara jaitsi zenean. “Orduko juntakoek laguntza eskatu ziguten eta 7-8 pertsona berri animatu ginen juntara sartzera, talde hau berriro berpiztera. Lana eginez lortu dugu berriro dena ongi jartzea: talde nagusia, harrobia, Zelai Berri eta guztia” gaineratu du. Javier Hernandez da presidentea, Jesus Zubiria presidenteordea, Josu Arraiza diruzaina, Oscar Maiza idazkaria, Diego Cruz koordinatzailea eta Asier Arregi, Javier Gasco, Javier Andueza, Juan Ignacio Mendieta, Juan Ignacio Maiza eta Joxe Agirre bokalak.
Datorren denboraldiari begira, gogotsu daude Lagun Artean, ilusioz. “Itxiera perimetralak, konfinamenduak… oso nekagarria izan da, kategoria txikietan bereziki. Liga hasiko ote zen, eskatutako protokoloak betetzea… Lan asko eginez atera gara aurrera. Denboraldia ongi bukatu izana eta datorrenerako gogotsu egotea, oso garrantzitsua da” nabarmendu du Asierrek.
Datorren denboraldia normal hasiko delakoan daude. “Oraindik Federaziotik ez digute ezer esan, baina hala uste dugu”. Bitartean, lana lanaren atzetik. “Talde nagusiko entrenatzailea lotzen ibiliko gara batzuk, eta beste batzuk datozen denboraldirako Zelai Berriko zelaia prestatzen… Hemen ez gara gelditzen” dio irribarrez. Izan ere, belarrezko zelaia ondo egoteak nolako lana duen. “Eskerrak hemen ordu asko sartzen dituzten jubilatu pare bat dugula, bestela...” gaineratu du Arregik.
Jokalarien plantilla zehaztuko da ondoren: nork jarraituko duen, jubeniletatik nor igoko den… “Ildo honetan Unai Bakaikoa azpimarratu nahiko nuke. 38 urte ditu, beteranoena da eta talde 0 nagusian jokatzen eta haur txikiak erakusten jarraitzen du. Aita izan da, eta azken partidan opari txiki bat egin genion. Hemendik taldean jarraitzera animatzen diogu” egin dio keinua Arregik. Azkenik, Guaixeren lana eskertu du. “Herri txiki bateko talde bat gara, eta Guaixen gure jarraipena egitea guretako oso polita da. Eskerrik asko”. Zuei.
Lagun Artea 1. Maila Autonomikoa 2020/2021
Atezainak: Garikoitz Maiza Razkin eta Josu Arroki Caravaca.
Atzelariak: Kepa Olias San Sebastian, Ion Ollo Iturmendi, Mikel Cordero Salgado, Mikel Agirre Arregi, Jose Maria Ripa Ziaurriz, Xabier Gasco Lizarraga eta Jon Arraiza Ganboa.
Erdilariak: Iñaki Berastegi Goikoetxea, Iñaki Mendieta Artazkoz, Iokin Lobo Ieregi, Jonathan Davila Montero, Nabil Essobai Sbai, Javier Amezketa Azkarate, Gaizka Sagarzazu Ibargoien, Gorka Hernandez Uzkudun eta Iker Ansorena Lopez de Zubiria.
Aurrelariak: Unai Bakaikoa Salceda, Unai Zubiria Garziandia eta Maurice Gomis.
Entrenatzailea: Jandro Gastaminza Retamosa.
Lagun Artea futbol klubeko junta
Presidentea: Javier Hernandez Santana
Presidenteordea: Jesus Zubiria Muruzabal
Diruzaina: Josu Arraiza Artieda
Idazkaria: Oscar Maiza Jaka
Bokalak: Asier Arregi Alegria, Javier Gasko Berloso, Javier Andueza Artieda, Juan Ignacio Mendieta, Juan Ignacio Maiza eta Joxe Agirre.
Koordinatzailea: Diego Cruz Caballero