Bi aldaketa eraikuntza ordenantzan

Guaixe 2021ko uzt. 28a, 13:06
Sakana erdialdeko ikuspegia Aralarko santutegitik. Lakuntza aurreneko herria.

Finken itxiturei eta baratzezaintzarako eraikuntza osagarrien inguruko artikuluak aldatu dira.

Lakuntzako Udalak plan orokorreko eraikinen ordenantzan bi aldaketa egitea onartu du. Udalak berak sustatutako aldaketak dira onartutakoak. Aldea batetik, finken itxitura arautzen duten artikuluak aldatu dira ordenantzan, gaur egun debekatua baitago partzela ixtea fatxada nagusiaren aurrealdean eta ezaugarri hori ez baita berezkoa Lakuntzan; hortaz, ordenantzak desberdintasunak eragin ditu partzela mugakideen artean. Gainera, plana idaztean ez zen udalaren asmoa debeku hori definitzea.

Beste aldaketa lurzoru urbaniza ezineko baratzezaintzarako eraikuntza osagarriekin lotuta dago, zehazki, haiek bete beharreko baldintza orokorrekin. Orain arte eraikuntza horietan leihoak irekitzea debekatua zegoen. Debeku hori aldatu da, Lakuntzako Udalak uste baitu barnealdea argitzeko leihoak irekitzeak onurak baino ez dakartzala, eta horrekin bakarrik ezin direlako ezkutuko beste erabilera batzuk sortu.