Ismael Alegria Garcia da Kale Txikiko sukaldaria, eta Charo Iglesias Varela zerbitzaria. Sariaz, ibilbideaz eta etorkizunaz azalpenak eman dituzte.
Lehenik eta behin, zorionak aitorpen honengatik. Nola jaso duzue berria?
Ismael: Egia esan, ezustekoa izan da; ez genuen inondik inora espero. Lehengusina batek bidali zigun mezu bat esanez "Solete" bat eman zigutela, eta guk ez genekien zer zen ere. Interneten bilatzen hasi ginen orduan, eta ikusi genuen Repsol Gidak ematen zuen aitorpen bat zela, maila altuko jatetxeak ez diren horiei, taberna edo jatetxe txikiei, ematen diete.
Zer da zuendako errekonozimendu hori?
Ismael: Gehienbat argi uzten digu egiten ari garen hori ongi doala, gure ikuspegia, gure lana, sartutako ordu guztiak eta hasiera batean izandako ideia berretsi egiten ditu nolabait. Ez da behar beharrezkoa berreste hori, izan ere, jendearengandik jasotzen den ‘feedback’-a ere hor dago beti. Erantzun eta komentario onak izan ditugu bezeroengandik. Baina puntutxo bat gehiago da: guk taberna ongi doala ikusten dugu, baina honelako garrantzia duen gida batek aitorpen hau eginda, are argiago geratzen da hori. Sorpresa eta esker ona sentitzen dugu halako aitorpen bat egin digutelako 5 urteren buruan.
Negozioari begira, "Soletes" zerrenda horretan egoteak jende gehiago erakarriko duela uste duzue?
Charo: Jakin badakigu jende askok ikusten duela, eta gida publiko handi batengana heltzen dela. Ez ikusi soilik, jendeak gida jarraitzen duela ere bai. Horregatik beldur pixka bat eman digu. Ez dugu oraindik sare sozialetan jarri, ezta pegatina lokalaren atean itsatsi ere, jende gehiegi etorriko delakoan. Pertsonal falta izan dugu, justu orain sukaldean egoten den emakumea bajan egon da, zerbitzariak ere gutxi.
Ismael: Hain justu, jende gehiago etorriko dela uste dugunez, orain arte ez dugu albistea zabaldu. Eskari handiago horri erantzuteko ahalmenik ez genuela izanen uste genuen orain arte. Baina sukaldaria bihar bueltan dator; beraz, orain zabalduko dugu.
Zer da Kale Txikik duen "ez dakit zer" hori?
Ismael: Lokala txikia da, hori argi dago. Eguneko menua, astean zehar kanpoan ematen dugu; asteburuko menua, barruan. Toki txikian kontrolatu dezakegu zenbat jendek jaten duen. Sukaldea ere txikia da, mugak ditu, eta horregatik ez dugu bokatarik ematen, esaterako. Baina txikia izatearen alde ona ere kontrol hori da. Jendeak asteburuko menuan pixkat gehiago ordaintzen du, eta berezia izan dadin nahi dugu. Jendea jatera etorri eta gustura egon dadin nahi dugu, eta hori lortzen dugu espazio txiki honetan: ditugun bezeroak zaintzea.
Sakanako taberna bakarra zarete zerrenda horretan. Aitorpen honekin, edo gabe, zerk desberdintzen zaituzte?
Ismael: Lehenik eta behin, hau herri bateko lokal bat da, ez da ezer berezia. Baina, nire ustez, beste toki batzuekin alderatuta, desberdindu egiten gara: eguneko menuak lehengai freskoekin egiten ditugu, jatetxe handietan ikasi ditudan teknikak erabiltzen ditut, baina produktu merkeagoekin. Horrez gain, asteburuetako menua guztiz desberdina da, inguruko jatetxe edo tabernetan egiten denarekin konparatuta. Egia da beti dagoela duda, herri txiki batean zer eskaini, zer den jendeak behar edo nahi duena. Baina janariaren arloan beste eskaintza bat dugula uste dut.
Zein da, beraz, zuen eskaintza?
Ismael: Askotarikoa da. Astean zehar, esan bezala, eguneko menua ematen dugu. Dena den, eguneko menu berezia da, ez da oinarrizkoa edo ohikoa. Larunbat eta igande eguerdietan asteburuko menua daukagu, berezia hori ere. Larunbat eta igande gauetan, aldiz, pizzak, hanburgesak, lapikotxoak eta abar ematen ditugu. Horrela banatu dugu sukaldeak eman ahal duen beste delako. Ezin dugu menua eman pizza eta hanburgesekin batera; ezinezkoa egiten zait sukalde txikian hori egitea.
Zer nolako bezeroak izan ohi dituzue?
Ismael: Esaterako, kanpoko jendea, Sakanakoa, eguneko menua jatera etortzen da, urtebetetzeak edo antzekoak ospatzera. Iruñetik ere etorri ohi da jendea. Normalean, eguneko menuak jatera datozenak kanpokoak dira.
Charo: Haietako batzuk asteburuetan ere etorri ohi dira. Eta dena izan da ahoz ahokoa, inoiz ez dugulako publizitaterik edo antzekorik jarri inon. Herriko jendea ere etortzen da noski. Gazte batzuk badatoz, baina orokorrean begiratuta, bezero fidelenak eta gehiengoa jende heldu edo adinekoa izaten da. Igande eguerdian beteta egoten gara.
Zein izan da zuen ibilbidea pandemia aurretik Kale Txikirekin?
Ismael: Aita etxe honetan jaio zen, eta orduan itxita zegoen toki hau. Horregatik, lehengusuekin hitz egin ondoren, ausartu egin ginen lokala zabaltzera. Kale Txiki hartu baino lehenago inoiz ez nuen eguneko menurik zerbitzatu, eta, egia esateko, oso gustura nabil, asko disfrutatzen. Zabaldu genuenetik argi genuen zein ziren gure helburuak: pintxoak izan, eguneko menua aste barruan, eta asteburuko menu berezia aurrera atera. Denborarekin ikasi dugu, eta gauzaren batzuk moldatu, jendearen erantzuna kontuan hartuta. Baina, orokorrean, hasieran ezarritako puntu horiek mantendu ditugu.
Charo: Zabaldu genuenean, Lakuntzaz gain Iruñean ere egon ginen begira negozioa hasteko lokal bila, baina hango alokairuak gehiegizkoak ziren guretako. Azkenean, hementxe geratu ginen. Orain 5 urte egingo dugu hasi ginenetik.
Ismael, zuk ibilbide oparoa izan duzu sukaldaritzan Kale Txiki zabaldu baino lehen ere.
Ismael: Bai, nik betidanik argi izan dut sukaldaria izan nahi nuela. Burlatan ikasi nuen sukaldaritza, goizetan klasera joaten nintzen, eta arratsaldetan Rodero jatetxean lan egiten nuen. Ikasketak bukatzean kontratua egin zidaten, eta 5 urte egon nintzen bertan. Ondoren Can Fabes Santi Santamariaren jatetxean egon nintzen urtebetez. Gero, Sant Pau jatetxean, Carme Ruscalleda sukaldariarenean. Santamariak beste jatetxe batzuk zabaldu zituen, lehenengo Madrilen egon nintzen, bigarren sukaldari buru, 5 urtez. Geroago, Bartzelonan, Santamariaren jatetxe berrian sukaldari buru egon nintzen, beste 6 urtez. Evo jatetxea zabaldu, eta segituan Michelin izarra eman ziguten. Santamariaren taldea handitu egin zen: jatetxe gehiago zabaldu zituen. Baina bera hil zenean, haren irudirik gabe, jatetxe horiek guztiak itxi zituzten. Denok lan gabe geratu ginen. Orduan, Europa jatetxera bueltatu nintzen, baina ia sukaldaritza utzi nuen, gaizki bukatu nuelako bertan. Hortik atera, eta bi urte egon nintzen ezkontzak egiten. Hor berrartu nuen sukaldaritzarekiko estimua, baina aspertu egin nintzen bigarren urtean. Nafarroan bueltan nengoenez, eta orain familiarekin, bertan geratu eta Kale Txiki zabaltzea erabaki genuen, motibatzen ninduen zerbait egiteko.
Nolakoa izan da pandemia garaia?
Charo: Azken urte hau zaila izan da. Lehenengo konfinamenduan inor ez zegoen lanean, eta eramangarriagoa egin zen, baina bigarrenean gu ginen itxita geunden bakarrak. Konplikatua izan da dena kudeatzea, langileak, bezeroen arteko distantziak... Zabaldu genuen eguneko menuak etxera eramateko, pizzak, eta horrek salbatu gintuen. Baina gogorra izan da, eta oraindik bada.
Momentu honetan, "Soletes" aipamena jasota, zein da etorkizunerako duzuen ikuspegia?
Ismael: Gauza batzuk aldatu egingo ditugu. "Soletes"-arena jakin baino lehenago ere jada prest genituen. Gauza asko egin ditugu, kafeak, pintxoak, gaueko zerbitzuak jaietan… Baina orain identifikatu dugu zein diren gure bezeroak, eta zer nahi duten.
Charo: Bai, gauza batzuei buelta bat eman behar diegu, eta planteamendu berriak egin. Guk geuk urte batzuk ditugu jada, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Esaterako, gauetan Lakuntzako jaietan festa lokal modura zabaltzearena. Azken finean, taberna bat gara, bai, baina gu bereizten gaituena janaria da, pintxoak eta eskaintzen ditugun menuak. Ditugun bezeroak kontuan hartuta, horretan zentratu nahi dugu gehiago. Eta alde batera utzi txanda luzeak, benetan egin nahi ez ditugun gauzak.