Txirrindularitza

Mikel Unzilla seigarren Iruñeko Itzulian

Guaixe 2021ko uzt. 30a, 09:44

Tropela, maldan gora. MARTIN EARLY

Gaur hirugarren eta azken etapa jokatuko da eta Sakanatik pasako da. Ziatik Irurtzunera helduko da (18:18) eta Izurdiaga eta Errotz gainditu eta gero, Atondorantz egingo du aurrera

Atzo juniorren mailako gizonezkoen Iruñeko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen, Otsagin hasi eta despeditu zen 81,3 kilometroko etapa menditsua, tartean lehen mailako bi portu zituena, Laza eta Las Coronas. Etapa gogorra Ignasi Lambeak irabazi zuen (Finques Feliu), helmugara bakar-bakarrik helduta. Lehen sakandarra Sakana Group Aralar taldeko Unai Garro izan zen. Garro hamaikagarren sartu zen helmugara, 17 segundora. 

Sailkapen orokorrean Marc Rubirola da lider (3:55:52), eta Quesos Albeniz-Burunda klubeko Mikel Unzilla etxarriarra da lehen sakandarra, seigarren postuan. Lasterketako lehen nafarra da Unzilla. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Unai Garro hamahirugarren da, Hugo Aznar (Quesos Albeniz) 31., Aimar Tadeo (Sakana Group) 50., Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 74., Aitor Ondarra (Sakana Group) 96. eta Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 100. 

Sakanatik
Gaur jokatuko da juniorren mailako gizonezkoen Iruñeko Itzuliko 3. eta azken etapa, Iruñeko udaletxetik abiatu eta El Redinen despedituko dena, 82,8 kilometrokoa. Etapa Sakanatik pasako da, hain zuzen ere Ziatik sartuko da gurera, eta Irurtzunen tarteko helmuga izango du, 18:18ak inguruan. Ondoren, Izurdiagatik eta Errotzetik pasa eta gero, Atondone egingo du aurrera, Iruñerantz.