Futbola

Lagun Arteak husnako berdinketarekin abiatu du liga

Guaixe 2021ko abu. 30a, 12:00

Lagun Artea eta Peña Azagresa, bigarren zatian. LAGUN ARTEA

1. Maila Autonomikoa. 1. multzoa. 1. jardunaldia: Peña Azagresa 0 – Lagun Artea 0

Asteburu honetan eman zaio hasiera 2021/2022 denboraldiko 1. Maila Autonomikoari. 1. multzoan lehiatzen ari diren 9 talderen artean dago Lagun Artea, eta Lakuntzako taldeak Azagran ekin zion denboraldiari, atzo, igandea, Peña Azagresaren kontra jokatutako partidan. Zaleak poliki bildu ziren jokalariak animatzera eta futbolaz gozatzera. 

Peña Azagresari partidan sartzea kosta egin zitzaion, eta horri esker Lagun Artea kontrako atera hurbildu zen, baina gutxika Peña arriskua sortzen hasi zen. Hala ere, lakuntzarrak serio aritu ziren, atzean bereziki, eta Peña Azagresaren eraso guztiak zapuztu zituzten. Partida husnako berdinketarekin despeditu zen. Lagun Arteatik adierazi dutenez, sentsazio onak izan zituzten, defentsan sendo aritu ziren eta kontrako atean ere arriskua sortu zuten. Peña Azagresa 3. mailatik jaitsi berria den taldea denez, euren kontra puntu bati eustea emaitza ona izan da lakuntzarrendako. 

Sailkapenean Lagunak da lider (3 puntu) eta Lagun Artea 5. da (puntu 1). Igandean Lagun Arteak sailkapenean 3. den Aluvion taldea hartuko du Zelai Berrin.