Adinez nagusiak direnek hitz egiten dute gehienbat Lakuntzako euskalkian. Zenbait etxetan gazteak ere Lakuntzeko auskian aritzen dira, baina gehienek batuaz aritzeko joera dute. Gaiaren inguruan kezkatutako zenbait lakuntzar bildu, eta Lakuntzako euskalkiaren erabilerari bulkada ematea erabaki zuten. Lakuntzako Gazte Asanblada ere ekimenera batu zen.
Horrela, agorrilaren 25ean, Lakuntzako festetan Euskararen Eguna ospatzekoa zen egunean hain zuzen ere, topaketa bat antolatu zuten plazan. Lakuntzako euskalkian dakiten nagusi, heldu eta gazteak, batuaz hitz egiten dutenekin taldetxoetan bildu, eta zenbat gai aletu zituzten, giro onean. Ekimenak harrera ezin hobea izan du, eta aurrerantzean ere topaketak edo mintzakide taldeak sortuko dituztela iragarri dute antolatzaileek.