Lakuntzako Udalak aurreko ikasturtean euskara ikasi duten helduei dirulaguntza emateko deialdia egin du. Haren bidez euskara ikasteak dakartzan gastuak partez finantzatzen lagundu nahi du udalak. Helburu horrekin 600 euroko diru poltsa sortu du. Dirulaguntza deialdia 16 urtetik gora duten eta Lakuntzan erroldatutakoei zuzenduta dago.
Laguntzan interesa dutenek udaletxean hainbat dokumentazio aurkeztu beharko dute. Batetik, ikastaroa antolatzen duen entitatearen ziurtagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupenaren datak, maila, ordu kopurua, asistentzia eta kostua. Asistentziak %80tik gorakoa izan beharko du, laguntza kobratu nahi bada. Bestetik, matrikula ordaindu izanaren frogagiria, banku entitateak edo ikastaroa antolatu duen erakundeak egina. Eta, azkenik, diru-sarrera zer banku libretatan jaso nahi den adierazi beharko da. Lakuntzako Udalak emandako laguntza gastuaren %50ekoa izango da. Hala ere, ikasleak ez du jasoko 100 euro baino gehiagoko laguntzarik.