Astekaria

"Urte hasiera txarra izan zen, baina buelta eman diot"

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 7a, 13:00

Aimar Tadeo, garaikurrekin.

 Junior mailako bere lehen lasterketa irabazi du lakuntzarrak, Dicastilloko Sariko erlojupekoa, lepauztaiko lesioa eta alergia arazoak gainditu eta gero. Beasaingo Mundialaren Aurreko Klasikoan bigarren izan zen

Sakana Group-Aralar Txirrindulari Taldeko Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak junior mailan debutatu du aurten, eta urte hasiera kaxkarrari buelta emanez, agorrilaren 25ean Dicastilloko Sariko erlojupekoa irabazi zuen, bere lehen garaipena.

Junior mailan hasi zara aurten eta behetik gora egin duzu.
Bai. Orain arte urte hau nahiko txarra izan da niretako. Altsasuko lasterketan erorikoa izan nuen eta lepauztaia apurtu nuen. Bi hilabete inguru behar izan nituen osatzeko, eta ondoren alergiekin hasi nintzen. Beraz, urte nahiko kaxkarra izan da, baina orain ematen du nire maila berreskuratzen hasi naizela. 

Denboraldi berean ezbeharrei buelta emateko gai izatea ez dago gaizki. 
Ez, egia esan, ez. 

Gutxika goiko postuetara hurbiltzen hasi, eta aurreko astean, agorrilaren 25ean, Dicastilloko Sariko erlojupekoa irabaztea eta junior mailako zure lehen garaipena lortu zenuen. Zorionak!
Eskerrik asko! Dicastilloko Sarian bi proba zeuden. Batetik lasterketa, eta hor 19. postuan sailkatu nintzen, eta gero 2 kilometroko erlojupekoa, proba motza baina oso esplosiboa. Lehen kilometroa aldapa behera zen, eta bigarrena maldan gorakoa. Beraz, proba gogorra zen. 

Dicastilloko 2 kilometroko erlojupeko hori 4 minutu eta 29 segundotan egin zenuen. Maila hori ematea eta erlojupekoa irabaztea espero zenuen?
Erlojupekoa egin nuenean, hasieran ez nuen irabaztea espero, baina nire taldekideek egindako denbora ikusi nuenean agian aukeraren bat izango nuela pentsatzen hasi nintzen. Txapelduna nintzela ikustean, sekulako poza nuen. Ia ezin sinetsi. 

Aurretik kadete mailan beste garaipenen bat ba al zenuen?
Ez. Kadeteen mailan bizpahiru bigarren postu lortu nituen, baina garaipenik ez. Junior mailako Dicastillokoa da nire lehendabiziko garaipen serioa da. 

Bost egun geroago, igandean, XL. Beasain Proba - Mundialaren Aurreko Klasikoa jokatu zen. Talde oso garrantzitsuak lehiatu ziren, eta lasterketa irabaztear egon zinen, helmugan lehia estua izan baitzenuen Nicolas Alustizarekin (Bellota), esprintean. 
Bai, Beasaingoa izen handiko lasterketa zen, talde garrantzitsuak zeuden. Bigarren sailkatu nintzen, Nicolas Alustizarekin esprinta izan eta gero. Gure taldeak, Sakana Group-Aralarrek, lasterketako talderik onenaren saria jaso zuen, eta horregatik oso pozik nago. Talde garrantzitsuek parte hartu zuten Beasainen, eta taldekako sailkapena gure taldeak irabaztea handia da. Gure taldea oso ongi ikusten dut, eta horrek poz handia ematen dit. 

“Gure taldea, Sakana Group-Aralar, oso ongi ikusten dut, eta horrek poz handia ematen dit”

Zure lehendabiziko garaipena lortzeak presioa kendu eta nolabaiteko lasaitasuna eman dizu?
Alde batetik bai. Hasieran nire burua ez nuen ongi ikusten; lesioa zela, alergiak zirela… baina orain nire burua ongi ikusten dut, aurreko txirrindulariekin batera, eta lehen garaipena lortzeak eta Beasainen bigarren izateak animoan eragin handia du eta motibatzen nau. 

Quesos Albeniz-Burundako Hugo Aznarrek kortestarrak garaipenak lortu izan ditu, eta Mikel Unzilla etxarriarrak podiuma behin baino gehiagotan zapaldu du, baina garaipena lortzea da denboraldia borobiltzeko falta zaiona. 
Bai, Mikel hor dabil, aurrean, eta nik uste azkenean garaipena lortzeko aukera izango duela.

Denboraldia despeditzeko geratzen diren lasterketetan zein da helburua? 
Beste lasterketaren bat irabazi nahi nuke, baina hori ikusiko da. Nire maila ematea. 

Nafarroako txirrindularitza selekzioarekin aritu izan zara Espainiako Txapelketetan eta hainbat probatan. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso ona. Beste taldeetako txirrindulariak ezagutu, lagun gehiago egin... Burundakoekin egoten gara selekzioan.. Nafarroak selekzio ona du, maila handikoa, eta oso gustura aritu gara parte hartu dugun lasterketetan.  

“Dicastilloko erlojupekoa egin berritan, ez nuen irabaztea espero, baina taldekideen denborak ikustean agian aukeraren bat izango nuela pentsatu nuen”

Errepideko denboraldia bukatu bezain pronto ziklo-krosekoa hasiko da. Aurten ere ariko al zara?
Ez, aurten ez dut ziklo-krosik egingo. Prestatzailearekin hitz egin nuen, eta datorren errepideko denboraldia prestatzeari begira agian aurten ziklo-krosekoan ez aritzea hobe izango litzatekeela aipatu eta gero, erabakia hartu dut. 

Pandemia dela eta, aurtengoa ez da denboraldi arrunta izan. Datorrena normalagoa izango dela aurreikusten da?
Ez da urte normala izan, baina ezin gara kexatu. Pentsatzen dut hurrengo denboraldia normalagoa izango dela. Datorren urteko errepideko lasterketei buruz oraindik ez dakit ezer, baina hastear dagoen Ziklo-kros Txapelketari dagokionez, esan dute aurten Gipuzkoako probak antolatuko direla eta beste hainbat ere bai. Beraz, ea normaltzen den.