Futbola

Lagun Arteak garaipen polita lortu zuen Aluvionen kontra Zelai Berrin

Guaixe 2021ko ira. 6a, 12:20
Lagun Arteako jokalariak, Dávilak sartutako lehen gola ospatzen.

Lehen Maila Autonomikoa. Lehenengo multzoa. Bigarren jardunaldia: Lagun Artea 3 – Aluvion 1

Lagun Arteak behetik gora egin zuen atzo Zelai Berrin Aluvionen kontra jokatutako partidan, eta bukaeran itxura ona eman zuen. Beroak guztiz baldintzatu zuen partidan, lehen zatia hasi eta berehala Yonatan Dávilak Lagun Artea aurreratu zuen. Horrek airea eman zion talde lakuntzarrari, zelai erdian Aluvion nagusi baitzen. Gutxika, Erriberako taldeak aukerak sortu zituen, eta 23. minutuan berdintzea lortu zuen Cascanteko taldeak. Banakako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Atsedenaldian taldearen jokoa egokitzeko hitz egindakoak eta erabakitakoak oso ongi etorri zitzaizkion Lagun Arteari, bigarren zatian gora egin baitzuen talde txuriak; aldiz, nekea sumatu zitzaion Cascanteko taldeari, Aluvionek behera egin baitzuen nabarmen. Hasi eta berehala, Unai Zubiriak talde lakuntzarraren aldeko bigarren gola sartu zuen, zaleek gogoz ospatu zutena, eta Lagun Artea zelaian agintzen hasi zen. Hainbat aukera sortu zituzten txuriek, eta partida bukaeran Unai Bakaikoa izan zen Aluvionen kontrako atea zulatu zuena. Arbitroak Maurice Gomisek sartutako gol bat baliogabetu zuen. Partidari buelta eman eta gero, garaipen garrantzitsuarekin eta sentsazio onekin despeditu zuen partida Lakuntzako taldeak. 

1. Maila Autonomikoko sailkapenean Mendi da lider (4 puntu) eta Lagun Artea bigarren da (4 puntu). Asteburuan 3. postuan dagoen Lagunak taldea izango du aurkari Lagun Arteak.