Zelai Berrira heldu eta Lagun Arteako ohiko futbol entrenamendu saioa ikusi beharrean, errugbi taktika, estrategia, eraso eta jaurtiketa saioa hartu zuen Lakuntzako berdeguneak. Izan ere, AMPO Ordizia Rugby Elkarteko talde nagusiak, Ohorezko Mailako taldeak, stage edo egonaldia antolatu zuen bertan, hastear dagoen Ohorezko Maila behar bezala prestatzeko.
Ezberdina eta, batez ere, ikusgarria izan zen AMPO Ordizia Rugby taldearen entrenamendua. Errugbia kontaktuzko kirola da, oso fisikoa, eta nahiz eta entrenamenduan babesgarriak erabili, jokalarien arteko talkak agerikoak izan ziren. Eta, guztia gidatzen, AMPO Ordizia Rugby talde nagusiko entrenatzaile Iñigo Marotias eta Ordizia Rugby Elkarteko talde guztien prestatzaile fisikoa eta talde nagusiko aurrelarien entrenatzaile Asier Pazos Arbizu lakuntzarra izan ziren.
Ordizia ohorezko mailako taldearen entrenamendua ikustea oso bitxia izan zen
Pazos eta Marotias entrenatzen ikustea bitxia izan zen. Kirol honen atzean entrenamendu ordu asko daudela eta teknika izugarri lantzen dela erakutsi zuten. Erasoak, jokaldiak, alboko sakeak… nola planteatzen zituzten, eta ondoren, jokalariekin jokatutakoaren analisia nola egiten zuten ikustea harritzekoa izan zen. “Uste duzue jokaldian ongi sartu zaretela? Azkarregi, beranduegi?”, edo “ez zait gustatu egoera honen aurrean taldea nola ibili den. Horrela bagabiltza, gainetik pasako digute”; edo “ongi erantzun dugu” eta halakoak. Erabilitako hitzak ere, bereziak ziren: zalditeria, lehen lerroa, bigarren lerroa, hirugarren lerroa, entsegua, alboko sakea, plakatzea, uztartzea (frantsesez melée eta ingelesez scrum)… eta jokalarien postuak: lehen, bigarren edo hirugarren lerrokoak, atzelariak, gibelekoak, harroinak, hegalekoak, hiru laurdenetakoak, joko zabaltzaileak, orpokatzaileak, uztartze erdiak… Zelai Berrira hurbildu zirenak errugbiaz zer edo zer ikasiko zuten.
Eta hori guztia, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Izan ere, AMPO Ordizia Rugby taldeak Espainiako maila gorenean jokatzen du, Ohorezko Mailan. Talde profesionala da, eta jatorri ezberdinetako jokalariak biltzen ditu. Gehienak euskaldunak dira, baina afrikarrak, hegoamerikarrak, Zelanda Berriko jokalariak, madrildarrak… jatorri askotako jokalariak dira.
Goizeko entrenamendu saioaren bukaeran Iñigo Marotiasek azaldu bezala, 2021/2022 Ohorezko Mailako denboraldia hasteko bizpahiru aste besterik ez dira falta. Liga inoiz baino estuagoa izango omen da, taldeak izugarri indartu direlako, fitxaketa ugarirekin. Baita AMPO Ordizia Rugby taldea ere. Talde ordiziarrak Andell Loubser hegoafrikarra, Elliot Ryan irlandarra, Max Katjijeko namibiarra, Rodrigo Julian Oubiña argentinarra fitxatu ditu. Haiei gainontzeko jokalariak gehitu behar zaizkie. Barça Rugbi, Les Abelles, La Vila, Ciencias Enerside, Complutense Cisneros, Gernika, Lexus Alcobendas, Recoletas Burgos, Silverstorm El Salvador, UE Santboiana eta Quesos Entrepinares izanen dira AMPO Ordiziaren arerioak Ohorezko Mailan.
AMPO Ordiziak lehenengo jardunaldia Barça Rugbiren kontra jokatuko du, urriaren lehen asteburuan; beraz, Ordiziako taldeak indartsu hasiko du liga, Bartzelonako La Teixonera zelaian jokatuko den partidan. Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko du, Altamira zelaian, Valentziako Les Abelles taldearen kontra, zaleen babesarekin. Eta hori eta gehiago beharko du taldeak, liga zoragarri baten atarian gaudelako. Jokalariek borobilean besarkatuta bukatu zuten entrenamendu saioa, euren artean animatuz, eta taldearen borroka-oihua eginez. Errugbia bueltan da.
Asier Pazos: “errugbia probatu eta gero, gehienek segitzen dute; guztiz harrapatzen zaitu”
Sakana-Ordizia lotura
Asier Pazos Arbizu AMPO Ordizia Rugby talde nagusiko jokalaria izan zen 2017/2018 eta 2018/2019 denboraldietan. Flankerra zen, 6-7 zenbakiarekin. Aurrelari funtzioa egiten zuen, eta aurrean, erdian eta hegalean jokatzen zuen, zelai guztian barna. Lakuntzarrak Leongo Unibertsitatean Aktibitate fisikoak eta kirol jarduerak (INEF) ikasketak egin zituen, eta orduan hasi zen errugbian, Leongo Unibertsitateko taldean. “5 urte eman nituen Leongo Unibertsitateko taldean, eta 1. Nazional Mailan jokatzen genuen. Ikasketak bukatzerakoan, goi errendimenduko Masterra egin nuen Leonen, eta praktikak Ordizia Rugby Elkartean. Horrela, bertako jokalariak eta entrenatzaileak ezagutu nituen eta 2017/2018 denboraldian AMPO Ordizia Rugby talde nagusian hasi nintzen jokatzen, Ohorezko Mailan” azaldu zion Pazosek Guaixeri. Bi denboraldi egin eta gero, talde nagusiko jokalaria izateari utzi eta 2019tik Ordizia Rugby Elkarteko talde guztien prestatzaile fisikoa da, eta egun, talde nagusiko aurrelarien entrenatzailea.
Asier Pazos: “hiru sakandar ditugu orain; ongi jokatzen dute eta gustura dabiltza”
3 jokalari sakandar Ordizian
Gaur egun, Ordizia Rugby Elkartean hiru jokalari sakandar daude: Owen Berdote urdiaindarra eta Iker Alegria eta Ander Gasco lakuntzarrak. 18 urtez azpiko taldean jokatzen dute, eta gustura daude. Izan ere, errugbiak guztiz harrapatzen omen du.
Errugbia
AMPO Ordizia Rugby taldeko jokalaria zenean, errugbira nola jokatzen zen galdetu genion Asier Pazosi. Erantzuna, honakoa: “helburua da baloia aurkariaren areara eramatea, baina ez da hain erraza: aurreraka korrika egiten da, baina paseak atzeraka egin behar dira. Hasieran pixka bat zaila egiten da. Taldekideekin baloia bata besteari pasatzen ibili behar dugu, eta arerioa saiatuko da zu gelditzen. Nola? Lurrera botatzen, plakatze baten bitartez. Errugbian jokalarien segurtasuna bermatzen da eta horretarako arau pila bat bete behar dira, eta plakatzeak era jakin batean egin behar dira eta baloia era batera pasa behar da. Kontrako areara iristean, baloiarekin lurra zapatu eta entsegu bat irabazten duzu, 5 puntu balio duena. Eta ondoren, hankarekin jaurtiketa egin dezakezu. Horrela, baloia H atean sartzen baduzu, beste 2 puntu lortuko dituzu. Entsegua egin duzun toki beretik egin beharko da jaurtiketa, areatik atzera eginez, irudizko lerro bat egin eta hortik. Bestalde, jokoan arerioak faltaren bat egiten badizu, aukera duzu falta egin den tokitik jaurtiketa egiteko ere”. Lakuntzarrak nabarmendu zuen errugbian errespetua ezinbestekoa dela.
“Hiru sakandar daude Ordizian, eta ongi jokatzen dute”
Asier Pazos Arbizu Ordizia Rugby Elkarteko prestatzaile fisikoa
Ordizia Rugby Elkarteko prestatzaile fisikoa zara, baina gaur entrenamendua nola gidatu duzun ikusita, entrenatzaile ere bazarela argi geratu da.
Bai, Ordizia Rugby Elkarte osoko prestatzaile fisikoa izaten jarraitzen dut, baina aurreko urtean talde nagusiko aurrelariekin lana egiten hasi nintzen alde taktikoa lantzen, eta aurten Iñigo M hasi nintzen jada taldeko aurrelariekin lana egiten, taktikoki eta aurten, Iñigo Marotias entrenatzaile nagusiari laguntzen diot. Errugbi jokalaria izan naiz, errugbia beti gustatu izan zait eta azkeneko 5 urtetan ikastaroak egiten aritu naiz, gehiago trebatzen, bereziki taktika eta estrategiak lantzen. Aukera hau sortu zen, eta aprobetxatu behar.
Lakuntzan stage delakoa egin duzue. Zer da?
Normalean Lekarotzen egiten genuen stage-a edo taldeko egonaldia. Hau da, 3 egun pasatzen genituen Lekarotzen, asteburu osoan elkarrekin ahalik eta ordu gehien egoteko, bai entrenatzeko eta baita taldekideak elkarren artean ezagutzeko. Denboraldi hasieran fitxaketa berri asko daude, eta horrela talde giroa lantzen da, taldea ondu eta entrenamendu maila pixka bat igotzen da. Baina COVID-19 dela eta, ezinezkoa zen, eta behintzat Lakuntzako egun pasa antolatu dugu. Larunbat goizean entrenamendua egin dugu, bazkaldu eta gero Lakuntzako Kultur Etxean analisia egin genuen, hau da, bideoak ikusiz gure taldeko estrategiak zehaztu, eta arratsaldeko entrenamenduaren ondoren Lakuntzako igerilekuetan bainua hartu eta stage-a despeditu dugu.
AMPO Ordiziako jokalari gehienak euskaldunak zarete, baina entrenamenduan gazteleraz eta ingelesez ere aritu zarete, kanpoko jokalariak dituzuenaren seinale.
Bai, jende gehiena Euskal Herrikoa da, baina badago Zelanda Berriko jendea, Samoakoa, Argentinakoa, Madrilgoa, Hego Afrikakoa... denetatik. Orduan, entrenamenduak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egin behar.
Aurki hasiko duzue liga, Barçaren kontra. Nola doa prestaketa?
Goiz da esateko, baina oso ongi ikusten dut taldea, gutxika rolak eta erritmoa berriro hartzen. Aurten aurre denboraldian bi partida jokatu ditugu, Lakuntzako stage-a, eta taldeak itxura ona du. Liga hasteko gogotsu gaude.
Ordizia taldean hiru jokalari sakandar daude, eta aurretik zu ere jokalaria izan zinen. Sakandarrak Ordizia Rugby Elkartera hurbiltzera animatuko zenituzke? Edozein unetan Ordiziako ateak zabalik daude?
Jakina, ateak zabal-zabalik daude, edozein unetan, eta sakandarrak animatzen ditut. Zailena probatzea da, errugbia probatzeko pauso hori ematea, baina pauso hori ematen badute, ziurrenik asko gustatuko zaiela eta jarraituko dutela. Izan ere, errugbiak guztiz harrapatzen zaitu. Egun, Lakuntzako bi mutil daude Ordizian, Iker Alegria eta Ander Gasco, eta Urdiaingo Owen Berdote. Eta oso gustura daude. 18 urtez azpiko mailako taldean jokatzen dute, eta oso ongi. Ongi jokatzen dute eta gogoz daude.
Zelai Berrin gustura ikusten zaizue. Eta zuri gehiago, etxean egonda…
Jakina (kar, kar). Gure estadioak, Altamirak, belar artifiziala du, eta Zelai Berriko belarrezko zelai hau zoragarria da, jokatzeko aparta. Iritsi bezain pronto jokatzeko gogoa piztu die jokalariei. Egia esan, oso gustura entrenatu dugu zelaian eta egun ederra pasa dugu. Ildo honetan, Lagun Artea futbol taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu, zelaia uzteagatik, eta baita Lakuntzako Udalari ere, Kultur Etxea eta beharrezko instalazioak gure esku jartzeagatik. Oso gustura egon gara.
Zorte on aurki hasiko duzuen denboraldian!
Eskerrik asko!